Gazte Topagune Sozialistak makina bat gazte elkartu ditu

Guaixe 2024ko aza. 4a, 11:44

Gune nagusian izandako hitzaldi bat. UTZITAKOA

GKSk eta IAk Altsasun antolatuta, hainbat gai lantzeko hitzaldiekin batera, askotariko ikuskizunak eta ekintzak izan ziren.

Hiru egunez, urriaren 31tik azaroaren 2ra, Gazte Topagune Sozialista izan da Altsasun, Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) eta Ikasle Abertzaleak (IA) antolakundeek antolatuta. Dantzalekuko igerilekuak kanpaleku bihurtuta, gune nagusia futbol zelai zaharrean zegoen. Han jarritako karpan hainbat gairen inguruko hitzaldiak izan ziren goizetan, eta espazioa lepo egon zen saio guztietan. Iluntzean kontzertuak hartu zituen. Foru plazan, berriz, Sutegia izeneko guneak aisialdirako eskaintza zabala hartzeaz aparte, jangela ere bihurtu zen eguerditan. 

Topagunearen hirugarren eta azken egunean goizeko hitzaldiaren ondoren, Zelandi kiroldegian bazkaldu zuten eta antolatzaileek aldarriak kalera atera zituzten arratsaldean, manifestazio baten bidez. Hartan gerraren eta faxismoaren kontra, gazteak sozialismora batzeko deia zabaldu zuten.

Aldarrikapenak
Hiru ardatz izan zituzten hitzartzeek. Alde batetik, "olatu erreakzionarioa: arrazakeria eta matxismoa".  Topaguneko antolatzaileek adierazi zutenez, "ez da kasualitatea joera eta proiektu atzerakoiak hedatzen joatea Europa osoan zehar, baita Euskal Herrian ere".  seinalatu dute bi antolakundeek. Kezkaz azaldu zutenez, "alderdi eta kolektibo ultraeskuindar" guztiek dituztela komunean bi zutabe ideologiko: "arrazakeria zein matxismoa", eta "kapitalismo autoritario baten aldeko apustua". Bi antolakundeek konpromisoa hartu zutenez, "ez diogu utziko joera horri indarra hartzen Herrian".

Matxismoari dagokionez, "indarkeria matxistarekin bukatzeko" beharra nabarmendu zuten. "Faxistek emakumearen defentsaren bandera hartu nahi dute, emakumea berriro ere objektu pasibo bihurtzeko", salatu zuten: "Guk ez dugu hori onartuko, emakumeok pauso bat aurrera egin eta sozialismoaren aldeko borrokan lehen mailako agente bilakatuko gara".

Arrazakeriari dagokionez, berriz, "immigrazioaren kontrako ideia baztertzaileei eta praktika faxistei aurre egiteko" beharra azpimarratu zuten. Aldi berean, gogoan izan zuten "politikari profesionalek immigrazioaren auzia ikuspegi baztertzailetik enfokatzen" dutela, eta ondorioak dituela horrek, Trintxerpen edo Donostian ikusi den bezala. GKS eta IAko kideen nabarmendu zutenez, "diskurtso arrazistaren hedatzeari ezin diogu inolako lekurik eman", esan dute: "Gazte langileon etsaiak ez dira miseria hutsean bizi diren horiek, gazte langileon etsaiak miseriara kondenatzen gaituzten horiek dira. Hori guztia borrokatzeko proposamen politikoak eta antolakuntza formak garatu behar ditugu".

Bestetik, "gerra-testuinguruaz" ohartarazi zuten. Bi antolakundeetako kideek nabarmendu zutenez, "gerra ez da ausaz gertatzen den zerbait: Mendebaldeko estatuek gerraren aldeko hautua egin dute. Eta hori zuzenean dago lotuta kapitalismoaren nazioarteko krisiarekin. Mendebaldeko oligarkiak eta estatuek beren pribilegio eta dominazio posizioa mantentzeko, gerrak abiarazten dituzte". Hala ere, argi esan dute gazteek: "politika kriminal horren ondorioak betikoek pairatzen ditugu, langile klaseak; eta, batez ere, periferiako herri langileek". Bestalde, Israelgo Estatu terrorista, eta entitatearen desagerpena aldarrikatu zuten. 

Azkenik, GKSk eta IAk jakinarazi dute lan egingo dutela "Euskal Herrian alternatiba sozialista indartsu bat sendotu dadin". Gaitzetsi zuten "alderdi politiko profesional guztiek Euskal Herriarendako proiektu kapitalista desberdinak" dituztela. GKS eta Iako kideek argitu zutenez, "balio sendoen gainean eraiki nahi dugu Mugimendu Sozialista, eta ez nolanahiko moden gainean. Horregatik, sozialismoaren alde lan egiteko eskuzabaltasunak elkartu gaitu Altsasun, baina baita zapalkuntza guztien kontrako konpromisoak ere".

Gaineratu zutenez, "guk militantziaren aldeko hautua egin dugu, gizarte sozialista baten eraikuntza nahitaez milaka militanteren eskuzabaltasunetik elikatzen delako". Eta dei egin zuten "Europa osoan gazteok haustura politikoak abiatu eta mugimendu sozialistak eraikitzeko".