Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilariBegoña Alfaro Garziak jakinarazi du gobernuak hasiera eman diola Bizitegi Merkatuko Eremu Tentsionatu deklaratzeko prozesuari. Horretarako, Merkatu Tentsionatuko Zonen atariko txostena aurkeztu du. Horietako bat Altsasu da. Foru administrazioak egindako txostenaren arabera 2018 eta 2023 artean etxebizitzaren prezioa %19,64 jaitsi da Altsasun. Baina alokairuarena epe berean %25, 67 hazi da. Bi baldintzetako bat betetzen duenez, gobernuak Altsasun prozeduran sartzea erabaki du.
Alfaroren ustez, neurri hori "beharrezkoa da, administrazio publikoek eskura ditugun tresna guztiak erabili behar baititugu, etxebizitzen prezioen etengabeko igoera geldiarazteko, milaka familia merkatutik kanpo geratzen ari dira-eta". Alfarok argi eta garbi utzi nahi izan du iragarpena "prozesuari hasiera emateko iragarkia dela, ez geroago iritsiko den adierazpen administratiboa, beharrezkoak diren informazio, eztabaida eta jendaurreko erakustaldi izapideekin". Aurreikuspenen arabera, lehenengo administrazio izapidea 2025eko ilbeltzean egingo da, jendaurrean ikusgai jartzearekin eta memoria aurkeztearekin batera. Gaurko prentsaurrekoan Merkatu Tentsionatuko Zonen atariko txostena aurkeztu da.
Eginen den bidea
Etxebizitzako zuzendari nagusi Elga Molina Roigek azaldu duenez, "ilbeltzaren hasieran sartuko da tentsionatutako bizitegi merkatuko eremuak deklaratzeko prozesu osoa administrazio prozesuan bertan, eta bi hilabeteko jendaurreko erakustaldiarekin jarraituko da. Fase horretan jasoko dira indarrean dagoen legeriaren arabera jasotzen ditugun alegazio guztiak".
Prozesu horren ondoren, Molinak azaldu duenez, Deklarazioari buruzko Foru Agindua emanen da, eta "une horretan jakinaraziko diogu Etxebizitza eta Hiri Agenda Ministerioari ebazpena, eta Ministerioak emango digu merkatu tentsionatuko zonalde deklaratuetan aplikatuko den alokairu prezioen mugarako indizea".
Bukatzeko, administrazio prozesu horien guztien ondoren, "sei hilabeteko epea emango diogu geure buruari, deklaratutako udalerriekin batera, horietako bakoitzarendako Neurri Espezifikoen Plana egiteko, eta hori da, gure ustez, pausorik garrantzitsuena; izan ere, adierazpen hori aukera gisa ikusi behar da, Jaurlaritzatik egiten dugun bezala, bizitzen ari garen etxebizitzaren prezioen gorakadagatik kezka handiz ikusten duten udalerri guztientzat", ondorioztatu du Molinak.