Kolaborazioa

Gau Beltza: Euskal Kulturaren Magia eta Herriaren Indarra

Argiñe Berastegi Lizarraga 2024ko aza. 11a, 10:02

Iaio Arratibel

Xanduli-manduli… Azken Gau Beltza berezia izan da Altsasun. Isiltasunaren eta iluntasunaren artean, Euskal kulturaren sustraietara bidaia honek euskara eta gure ohiturak biziberritu ditu beste urte batez. Herriko txikienek eta helduek partekatutako une magikoak utzi dizkigularik. Kandelen argiek eta gaztainen lurrinak bidea argitu dute arimak festara ekartzeko. Zuhaitzen artean joandakoen ahotsa entzun ahal izan genuen eta sorginen kantuek bidea markatu ziguten.

Iñigo Aritza Ikastolak egindako lana goraipatu behar da, euskal kultura eta hizkuntza berpizteko eta berriro ere plazara eramateko. Gure herriaren identitatea, euskara eta tradizio zaharrak indartzen ari dira, eta Gau Beltza horren adibide argia izan da. Euskal nortasuna, mendeetan zehar gordetako erritu zaharren bidez, belaunaldi berriei transmititzen saiatzen ari da, eta horrek gure kultura bizirik mantentzen lagunduko du.

Euskara gure herriaren eta kulturaren bihotza da, eta Gau Beltza bezalako ospakizunek euskal arima horren garrantzia azpimarratzen dute. Tradizioak berreskuratuz, gure nortasuna indartuz eta komunitatea batzeko indarra erakutsiz. Gau Beltza, beraz, ez da soilik festa bat izan; euskal kulturaren eta euskara maitatzen eta bizitzen jarraitzeko bultzada bat ere izan da.