Eguzkiak ere Altsasu Kirol Elkartearen egun handian egon izan zuen. Azaroaren 1ean bere hemezortzi futbol taldeen aurkezpena egin zuen klubak Dantzalekun. Aitziber Etxaiz aurkezleak talde bakoitzeko jokalari eta entrenatzaileen izena esan bezain pronto, banaka-banaka zelaira atera, eta talde guztien argazkiak atera zituen klub altsasuarrak. Txikienak edo aurrebenjaminak atera ziren lehenengo, eta haien atzetik benjaminen bi taldeak, kimuen A, B, C eta D taldeak, emakumezkoen F8 taldea, haurren mailako hiru taldeak, emakumezkoen kadete-infantilen taldea, gizonezkoen bi kadete taldeak, jubenilen bi taldeak, emakumezkoen preferente maila, eta gizonezkoen erregionala atera ziren zelaira. Hemezortzi talde guztira, 349 futbolari inguru eta 35 entrenatzaile. Horiek dira Altsasu Kirol Elkarteko futbol taldeko zenbaki potoloak.
Eraberritutako junta
Nobedade asko daude Altsasu Kirol Elkartean. Hasteko, junta edo zuzendaritza guztiz eraberritu da. Jesus Sayasek jarraitzen du presidente, baina lan talde gaztea du alboan: Iñaki Cristobal presidenteordea, Jenni Ubeda diruzaina, Elisabet Fresneda idazkaria, Leire Gonzalez bokala eta hiru futbol koordinatzaileak, Aaron Ramos, Goyo Rodriguez eta Ruben Abad, bokalak. Felix Mazkiaranek Altsasu Kirol Elkarteko txirrindularitza sekzioko arduradun segitzen du. "Jende berria sartu gara, gogo handiz eta ilusioarekin" azaldu du Jenni Ubedak. Aurten hiru futbol koordinatzaile daude, eta hirurak juntan sartu dira. Lehenengo aldia da futbol koordinatzaile bat juntan dagoela. "Beharrezkoa zela iruditzen zitzaigun, koordinatzaileek taldeen egunerokoa gertutik ezagutzen dutelako eta juntatik kanpo egotean informazioa pixka bat galtzen zelako; hau da, nolabaiteko banaketa bat zegoela hor. Horregatik, juntan sartu gara" aipatu du Goyo Rodriguezek.
Taberna, campusak eta beste
Ekonomikoki ere Altsasu Kirol Elkartearen egoera ez zen batere samurra. "Finantzei dagokienez ere, oso justu zegoen kluba, gaizki. Horregatik zenbait erabaki hartu genituen autofinantzatzen saiatzeko. Udan futbol campusak egin genituen, eta oso ongi joan ziren. Torneoak ere antolatu genituen. Eta, azkenik, Dantzalekuko tabernaren ardura hartu dugu. Ez zuen inork hartzen, gutxieneko zerbitzu bat ere eman beharra dago Dantzalekura etortzen den jendearendako, eta klubari ere ongi datorkio" dio Rodriguezek. "Jendeak, gurasoek... bat egin dute, laguntzen ari dira eta asko nabaritzen ari dira. Gainera, babesle berriak ditugu, eta aurten bost ekipazio edo jantzi berri ditugu" gaineratu du Ubedak.
Kimu berdeak
Beraz, haize berriak daude klubean, "kimu berde berriak", Rodriguezen esanetan. "Badirudi garai onak datozela". Giroan ere nabari da. "Uste dugu jokalariak, entrenatzaileak eta gurasoak ere kontentu daudela klubean gauzak egiten ari diren moduarekin" pentsatzen du Rodriguezek.
Hemezortzi futbol talde, erronka handia da. "Jubenilen bigarren taldea hartu nuen entrenatzaile gisa. Hamabost futbolari genituen hasieran, eta taldea atera edo ez, zalantzan egon ginen. Baina, gazte asko hasi ziren animatzen eta, azkenean, taldea itxi behar izan dut 25 fitxa bete genituelako. Tamalez, kanpoan geratu den jendea dago" dio Rodriguezek, hau guztia "positiboa" dela nabarmenduz. "Gauzak ongi egiten saiatzen ari gara".
Jenni Ubeda: "Jende berria sartu gara Altsasu Kirol Elkarteko juntan, gogotsu eta ilusioarekin"
Bi talde nagusiak, lider
Honi guztiari emakumezkoen eta gizonezkoen bi talde nagusien hasiera ezin hobea gehituta, giro aparta dago Dantzalekun. Joan zen urtean gizonezkoen preferente mailatik jaitsi zen Altsasuko talde nagusia, salbazio postuetatik 2 puntu eskasera. Pena handia izan zen, 2021/2022 urtean lortu baitzuen Altsasuk preferentera igotzea, 30 urte erregionalean jokatu eta gero. Pozak gutxi iraun zuen, eta aurten erregional mailan jokatzen ari da Altsasu. "Joan zen denboraldiko proiektua hasieratik ez zen ongi egin. Futbolari begira, ez zen asmatu. Kanpoko entrenatzaileak ekarri ziren... Aurten etxeko jendearen aldeko apustua egin dugu, eta nabaritzen ari da. Entrenatzaileek jokalariak ezagutzen dituzte, eta emaitzetan agerikoa da. Gizonezkoen erregional mailan Altsasu laugarren multzoko liderra da, etxeko jendearekin" argi du Rodriguezek. Ivan Claver da entrenatzailea, Aaron Ramosen eta Goyo Rodriguez beraren laguntzarekin, eta lan ederra egiten ari da.
Gauza bera gertatzen da emakumezkoen preferente mailan. Joan zen urtean nahiko kaxkar hasi zen taldea, eta gero behetik gora egin zuen. Aurtengo eraldaketa, ordea, ikusgarria izan da. Jardunaldi guztietan garaile izan da Altsasu, sekulako gol festak ospatuz. "Lehengo jokalariek jarraitzen dute, baina jokalari berriak etorri dira, entrenatzaile berria dugu... guztiak eragina du. Gorka Chamorro entrenatzailearekin Adrian Claver ari da lanean. Adrian prestatzaile fisikoa da, eta asko nabari da".
Helburua: igotzea
Altsasu Kirol Elkarteko juntak argi du zein den aurtengo helburua. Lehenik eta behin, talde guztiek futbolaz gozatzea eta futbolean trebatzea, hori da asmo nagusia. Talde nagusien kasuan, kategoriaz igotzea. "Egunez egun joatea da nahia, poliki-poliki, baina helburua bi talde nagusiak mailaz igotzea da, gorago egotea merezi dutelako, bai neskek eta baita mutilek ere".
Ildo honetan, aldaketak etor daitezkeela gaineratu du Aaron Ramos futbol koordinatzaileak. "Altsasu emakumezkoen taldea mailaz igoko balitz, oraindik sortu ez den maila berri batera egingo luke salto. Emakumezkoen futbola izaten ari den gorakadaren ondorioz, Nafarroako Futbol Federazioak beste bi futbol kategoria berri sortuko ditu emakumezkoen futbolean. Hortaz, Altsasu igoko balitz, hirugarren mailara igoko litzateke".
Goyo Rodriguez: "Aurten etxeko jendearen aldeko apustua egin dugu, eta nabaritzen da"
Txirrindularitza, bi proba
Altsasu Kirol Elkarteak txirrindularitza sekzioa izan du betidanik, eta sekzio horrek lanean jarraitzen du. Felix Mazkiaranek segitzen du arduradun. "Orain arte antolatzen ziren bi lasterketekin jarraitzea erabaki dugu, juniorrena eta festetako afizionatuena. Baina urte luzez urtezahar egunean elkarteak antolatzen zuen San Silvestre Urbasara Igoera zikloturista ez dugu antolatuko. Ezinezkoa zaigu" azaldu du Jenni Ubedak.
Bi txirrindularitza proba hauek oso beteranoak dira. Junior mailako Erramu Trofeoak aurten 65. edizioa bete zuen. Iker Colmenero (Alimco) gailendu zen, eta Iker gomez altsasuarra tartekako helmugen txapelduna izan zen. Festetan jokatzen den afizionatuen mailako Altsasu Txirrindularitza Probak, aldiz, 95 urte bete zituen. Rural Kutxa etxeko taldeko Javier Ibañez gailendu zen aurten. Felix Mazkiaran da proba horietako arima. "Berak antolatzen du dena, eta guk ahal dugunean laguntzen diogu".
Futsal taldea, berrikuntza
Joan zen urtean areto futbol taldea sortu zen Altsasun, aspaldiko partez. "Areto futboleko zaleak inplikatu ginen, eta taldea sortu genuen. Altsasura areto futbola ekartzea lortu dugu berriro" azaldu du Goyo Rodriguezek, aldi berean areto futboleko taldeko kidea denak. Joan zen urtean Favafutsal eta Areto Futboleko Euskal Elkarteko Arabako Ligan jokatu zuen taldeak, Nafarroako Futbol Federazioan federatzeko epea gaindituta zutelako. Aurtengo denboraldirako, ordea, Altsasu Kirol Elkarteko kluba da Altsasu areto futbol taldea, eta lehen maila autonomikoan lehiatzen ari da. "Oso gustura ari gara, eta helburua hirugarren mailara igotzea da, talde eta jokalari onak ditugulako. Hala izango balitz, hirugarren mailan talde bat eta lehen maila autonomikoan beste bat izatea ederra litzateke" pentsatzen du Rodriguezek. Oso kontentu daude. "Azken partidan Zelandi kiroldegia bete genuen. Honek futbola eta areto futbola osagarriak direla erakusten du: futbola ongi doa, baita areto futbola ere". Abendu bukaeran, abenduaren 28an eta 29an 24 orduko areto futboleko torneoa antolatzeko asmoa dute, dirua lortu eta areto futbola sustatzeko.
Beraz, aspertzeko betarik ere ez dago Dantzalekun, eta borondatea dutenak laguntzera hurbil daitezkeela gonbidatu du juntak. "Ateak zabal-zabalik daude".
Altsasu Kirol Elkartea 2024 /2025
-Altsasu Emakumeen Preferentea
Jokalariak: Ainhoa Agirre, Sonia Alonso, Nerea Arellano, Maalen Beraza, Alicia Elizalde, Leire Estarriaga, Janire Lopez, Maddi Mariñelarena, Noelia Moreno, Ainhoa Santano, Saioa Sayas, Ainhoa Viviana Tello, Mireia Andueza, Gabriela Deyanira Aponte, Riham El Baz, Aintzira Lizarraga, Nahia Lopez de Goikoetxea, Maider Antoñana eta Paola Andrea Manzano.
Entrenatzailea eta laguntzaileak: Gorka Chamorro, Adrian Claver eta Jose Antonio Chamorro.
-Altsasu Gizonen Erregionala
Jokalariak: Joaquin Angel, Aitor Augusto, Unai Calvo, Asier Claver, Javier Diaz, Mikel Etxaiz, Asier Etxeberria, Aitor Flores, Julen Flores, Javier Guisado, Imanol Lobo, Iokin Lobo, Jon Lopez de Goikoetxea, Jose Luis martin, Gorka Martinez, Jon Navarro, Mikel Rodriguez, Unai Rodriguez, Asier San Roman, Asier Somocurcio, Eneko Vera, Angel Vergara. Ekaitz Zabarte, Imad El Ougdi, Igor Barriola.
Entrenatzailea eta laguntzaileak: Ivan Claver eta Aaron Ramos.