Astekaria

Bargagaingo borrokalarien maila ikusgarria

Maider Betelu Ganboa 2024ko aza. 14a, 12:30

Iruñeko Openean lehiatu zirenetako batzuk, dominekin. BARGAGAIN

Iruñeko Openean talde onena izan zen Bargagaingo borrokalariak lehiatzen diren Lezkairu kluba, 60 talderen artean. Irigoienek, Etxanizek eta Cotovanek urrezko domina lortu zuten, eta Erkuden Morenok (Mendialdea) baita ere 

Bargagain Taekwondo Klubeko borrokalariak denboraldi betean daude. Urriaren azken asteburuan Bucaresten egon ziren klub sakandarreko zazpi kide, nazioarteko Errumaniako Taekwondo Openean. Handik brontzezko domina bana ekarri zuten Leire eta Irea Etxaniz Claver ahizpek. Azaroaren lehen asteburuan Nafarroa Arena ikusgarrian jokatutako Iruñeko Openean parte hartu zuten Bargagaingo kideek, primerako emaitzak lortuaz. 

Bargagain kluba Lezkairu klubaren izenarekin lehiatzen da. Gerardo Montero Bargagaingo klubeko entrenatzailea Lezkairuko klubeko entrenatzailea da aldi berean, eta bi kluben artean talde sendoa sortu dute probetan lehiatzeko. Iruñeko Openean konbate modalitatean aritu zen Lezkairu, eta guztira 45 borrokalari lehiatu ziren, horietatik erdiak Bargagaingoak. Iruñeko Opena "urtetik urtera izen handiagoa" hartzen ari dela adierazi du Gerardo Monterok. "Maila handia du. Soilik konbate modalitatean 60 taldek parte hartu zuten, espainiar eta frantziar estatuetatik etorritako taldeak, ia 500 borrokalari. Eta teknika edo pomsae modalitatean 200dik gertu izan ziren borrokalariak. Geroz eta talde gehiagok aritu nahi dute Nafarroa Arena ikusgarrian". 

Irati Irigoien, urrezkoa
Iruñeko Openaren barruan senior mailako emakumeendako propio den Iberdrola Liga antolatzen da, 18 urtetik gorako emakume seniorrendako. Maila horretan Lezkairuko bi borrokalari lehiatu ziren, Irati Irigoien urdiaindarra eta Lezkairuko Saray. "Saray final laurdenetan erori zen, baina Irati ikusgarri aritu zen. Bere kategoria da zailena, -64 kilokoa, eta bera izan zen txapelduna, urrezko domina". Iberdrola Ligan, taldeka, hirugarren sailkatu zen Lezkairu. "Oso pozik gaude".

Gerardo Montero: "Talde onena, hamasei brontze, sei zilar eta hiru urre. Oso pozik gaude"

Iruñeko Openeko gainontzeko kategoria guztietan, Lezkairuko 43 borrokalarik hartu zuten parte, erdia inguru Bargagaingoak. Txapela kentzeko moduko lana egin zuten, taldekako sailkapenean txapelduna izan baitzen Lezkairu, Azarri eta Baza Sport taldeen aurretik. "Brontzezko hamasei domina, zilarrezko sei eta urrezko bi domina lortu genituen Openean, Iberdrola Ligako Iratiren domina kontuan hartu gabe. Gure borrokalarien erdiek baino gehiagok lortu zuten dominaren bat. Beste urteetan baino maila hobeagoa zegoen aurten, baina gure neska-mutilek errondak gainditu eta emaitza onak egin zituzten. Horri esker lortu dugu klub onenaren saria. Emaitza bikaina da hori". Horretaz gain, gizonezkoen senior mailan hirugarrena izan zen Lezkairu, eta aurre kadeteen mailan hirugarrena. Aurre kadeteetan Sofia Cotovanek urrezko domina lortu zuen, eta junior mailan Leire Etxaniz altsasuarra onena izan zen, urrezkoa. 

Leire Etxanizen meritua
Leire Etxaniz lehenengoz aritu zen juniorren -55 kiloko kategorian. "Berak normalean -52 kiloko mailan egiten du borroka, baina Bucaresten lehiatzetik zetorren, eta -55 kiloko mailara igotzea erabaki genuen. Igo berri zaren kategoriako txapelketa irabazteak meritu handia du, berarendako zailagoa baitzen". Irea Etxaniz, bere aldetik, hirugarren izan zen kadete mailan, Europako Txapelketa batean parte hartu duen Madrilgo borrokalari baten kontra galdu eta gero. 

Erkuden Moreno, txapelduna
Erkuden Moreno altsasuarra Bargagain klubean trebatu zen, baina egun Berriozarko Mendialdea Taekwondo taldearekin ari da. Iberdrola Ligan lehiatu zen, emakumezkoen senior mailan, eta urrezko domina lortu zuen -46 kiloko mailan. 

Bargagainen erronkak
2024/2025 denboraldian 50-60 borrokalari inguru trebatzen ari dira Bargagain Taekwondo eskolan Gerardo Monterorekin. Horietatik % 20 lehiatzen dira txapelketetan, eta gainontzekoek entrenatu egiten dute. "Kirol gutxituek zailtasun gehiago ditugu gurera partaideak erakartzeko. Gurekin bizpahiru urte edo gehiago daramatzatenek klubean jarraitzen dute eta oso inplikatuta daude, baina kide berriak erakartzea zailagoa izaten da". Neska-mutilek, guztiek batera entrenatzen dute, eta talde mistoa dira. "Urteak daramatzagu guztia elkarrekin lantzen". 

Egutegia estu dator. Abenduko zubian Kluben Arteko Espainiako Txapelketa bat da jokatzekoa, "baina nazionalerako puntuagarria den edo ez jakin arte ez dugu erabakiko parte hartuko dugun ala ez. Banago DANA-ren uholdeen eraginez agian ez dela puntuagarria izango, Valentzia eta inguruko talde askok agian ezin dezaketelako parte hartu. Injustua litzateke puntuagarria izatea, ea Espainiako federazioak zer erabakitzen duen". Valentzian maila handiko taekwondo taldeak daudela gaineratu du Monterok. “Hain zuzen ere, DANA-k gogor jo duen Paiportako PIAAM taldea Iruñeko Openean lehiatzekoa zen, baina, tamalez, ezinezkoa izan zen. Bucaresten egon nintzen taldeko entrenatzaile Pablorekin, eta talde indartsua da”. 

Andaluziako Openean – abenduaren 13an hasiko da–  sei-zazpi borrokalarik parte hartuko dute. Nafarroako Kirol Jokoak berehala ate joka dituzte, azaroaren 23an jokatuko baita lehen jardunaldia. Bestalde, nazioarteko Openak ere martxan hasiko dira. Abenduan erabakiko da zein izango diren Europako eta Mundu Txapelketarako puntuagarriak, eta bertan lehiatzea izango da borrokalari batzuen asmoa. 

Irati Irigoien, "pozik eta indartuta"
Irati Irigoienek Iruñeko Openaren barruan senior mailako emakumeendako propio den Iberdrola Ligan parte hartu zuen, -64 kiloko mailan, eta urrezko domina lortu zuen kategoria oso zailan. "Oso pozik nago Iruñeko Openean lortutako garaipenarekin. Alde batetik, ez nuen espero urrea lortzea, baina, bestetik, ez nau ere gehiegi harritu, nire mailako jendea zegoelako. Konbateak oso borrokatuak izan ziren guztiak, ez ziren batere errazak izan. Hala ere, aldi berean, nolabait esateko, egingarriak izan ziren".  Pozarren dago urdiaindarra. "Honek beste txapelketetara joateko indartzen nau". Bide onean segitzen du.