Sunsundeguiko zuzendaritzak eskatuta, enpresa aldi baterako lan erregulazio espedientean dago lastailaren 11tik. Ordutik administrazio kontseilua hamar inbertitzaile baino gehiagorekin egon da, baina kontaktu bakar batek ere ez du aurrera egin. Zuzendaritzak beste formula batzuk bilatu ditu, esaterako, partzuergoak edo inbertsio funtsak. Hala ere, bide guztiek porrot egin dute. Horregatik, administrazio kontseiluak akziodunen ezohiko batzarra deitu zuen astearterako. Iortia kultur gunean egindako bilkuran jakinarazi zuen likidaziorik gabeko borondatezko hartzekodunen konkurtsoa aurkeztuko zuela epaitegian. Hala egin zuen asteazkenean. Ondorioz, administrazio kontseiluak lanean jarraitzen du, baina epaitegiak jarritako konkurtso administratzaileak guztia gainbegiratuko du, esaterako, zer eta nola ordaindu.
Zuzendaritzak azaldu zuenez, "neurri horrek konpainiaren finantza egoera berregituratzeko beharrari erantzuten dio, hartzekodunekin negoziazioak hasi zirenetik bi hilabeteko epea igaro ondoren. Administrazio Kontseiluak eta konpainiaren zuzendaritza taldeak berak aktiboki lan egin dute inbertitzaile industrial bat bilatzeko, eta orain arte ez da eskaintza irmorik egin".
Konpainiako buruek gaineratu zuenez, "Administrazio Kontseiluak eta enpresako zuzendaritzak ahaleginak egiten jarraituko dute enpresaren jarduerari jarraipena emango dion bazkide estrategiko bat aurkitzeko, ahalik eta lanpostu gehien mantenduz". Sunsundeguitik "eskerrak eman dizkio Sodenari, Nafarroako Gobernuaren inbertsio sozietate publikoari, Sunsundeguiren proiektua babestu dezaketen bazkide inbertitzaileak identifikatzeko eta erakartzeko emandako laguntzagatik".
Manifestazio deialdia
Enpresak abenduaren 6ra arteko epea zuen inbertitzaile bat opatzeko. Hilabete gelditzen da horretarako. Likidaziorik gabeko borondatezko hartzekodunen konkurtsoa aurkeztu administrazio kontseiluak inbertsorea opatzeko denbora irabazi duela ulertzen dute langileen ordezkariak: "hilabete gelditzen zen opatzeko, baina konkurtsoa eskatuta otsailera arteko epea dago orain. Bi hilabete irabazi dituzte". Kontsultatutako enpresa batzordeko kideek azaldu dutenez, "pausorik ematen zela ikusita aurreikus zitekeen hartzekodunen konkurtsoa etorriko zela". Iragarpena langileek "gaizki" hartu dute, "ziurgabetasuna are handiagoa da orain, goreneko mailan dago orain". Ziurgabetasunarekin batera, langileen artean "bertigoa eta beldurra" nagusitu direla adierazi dute 377 langileek. "Ea zer egiteko gai diren", gaineratu dute enpresa batzordekoek. Zeren langileen artean dagoen beste kezka da "ea zer inbertsore etortzen den eta zein baldintza jarri nahi dituen. Printzipioz, plantilla subrogatuko luke eta lan baldintzak mantendu beharko lituzke". Kezka, jakina Sunsundeguiko enpresa hornitzaileetako langileen artean ere badago.
Langileen ordezkariek jakinarazi dutenez, "enpresak soldaten ordainketa egunean du"; iraileko nomina lastaila erdialdean kobratu zuten, eta asteazkenean lastaileko hamarregunena jaso zuten. Bitartean 60 urtetik gorako langile gutxi batzuk lantegian lanean jarraitzen dute, gelditzen diren hamarren bat autobus bukatzen. Bitartean, enpresa batzordeak zuzendaritzarekin bilera du gaur. Aldi berean, Sunsundeguiko langileen ordezkariek manifestazioa deitu dute igandeko 12:00etarako, Etorkizuna Sunsundeguirendako. Konponbidea orain! lelopean Altsasuko Foru plazatik abiatuko da.
Parlamentuan
Mikel Irujo Amezaga kontseilariak Parlamentuko Industria Batzordean agerraldia egin zuen asteazkenean. "Gobernuak azken unera arte borrokatuko du karrozeria-lantegirako bazkide estrategiko hori lortzeko ahaleginean, ia 400 langileren enplegua ziurtatuko duena. Hori da enpresa honi babesa emateko arrazoi nagusia", adierazi zuen.
Kontseilariak KPMG aholkularitza enpresak kanpo ikuskapena egiten ari diola Sunsundeguiri. "Ez bakarrik finantza arloari dagokiona. Etorkizunerako dituen aukerak ere zehaztu ditu". Irujok azaldu zuenez, horretan oinarrituta, hartu dituzte erabakiak gobernuak berak, Sodenak, Cofidesek, ICOk, finantza erakundeek eta Volvok. Sunsundeguiri emandako finantza babes hori "eragile publikoekin eta pribatuekin koordinatuta, langileen ordezkariekin hitz eginez eta enpresaren kudeaketan aldaketak eginez" egin da.
Irujok gaztigatu zuenez, "operazio hori egin dugu etorkin apustua zelako, enpresaren eta hornitzaileen lanpostuak finkatzeko. Egin dugu Volvok eta enpresak eskatu dutelako. Enpresa batzordeak eskatu du". Kontseilariak argitu zuenez, Sodenak azken mailegua emateko bi baldintza jarri zituzten: administrazio kontseilu berritzea (apirilean egin zen) eta Sunsundeguik finantza erakundeekin akordioa lortzea. Azken hori martxoaren 27an lortu zen, 13,7 milioi euroren inguruan akordioa izan zela azaldu zuen. "Ondoren Sodenak 6 milio eman zituen". Irujok berretsi zuenez, "lanean jarraitu dugu, azken unera arte, sozio industriala opatzeko".