Saskibaloia

CBASK, bide onean

Guaixe 2024ko aza. 7a, 12:56

Emakumezkoen lehen senior mailan denboraldiko lehen garaipena lortu zuten altsasuarrek, eta gizonezkoen bigarren maila autonomikoan liderraren kontra galdu, baina aurreratutako partida irabazi.

Gizonezkoen bigarren maila autonomikoan bosgarren jardunaldia egon zen jokoan. CBASK Narum Fisioterapiak liderraren etxean jokatu zuen, Castillo de Gorraiz Valle de Egües taldearen kontra. Liderrak ez zuen gupidarik izan eta 84-57 gailendu zen. Hasieran bi taldeak parez pare ibili ziren. Bi taldiz berdindu zuten, eta talde altsasuarra bitan aurreratu zen, baina liderrak aginte makila hartu eta alde handia hartzen hasi zen. Azkenean, 84-57 irabazita Castillo de Gorraiz Valle de Egües taldeak lidergoari eutsi zion (10 puntu), eta puntutara berdinduta dago Nasabi San Ignacio bigarrenarekin. Bi taldeek jokatutako bost jardunaldiak irabazi dituzte. Talde altsasuarra hamargarren da (6 puntu), garaipen bat eta lau porrot jarraituekin. 

Seigarren jardunaldian, CBASK Narum Fisioterapiak Universidad de Navarra du aurkari, baina partida aurreratzea erabaki zuten bi taldeek eta azaroaren 5ean jokatu zuten, Zelandin. Azken lau jardunaldiak galdu eta gero, denboraldiko bigarren garaipena ospatzea lortu zuen Altsasuk, Universidad de Navarrari 76-67 irabazi eta gero. 

CBASK Gorriz Tattoos, Zelandin
Emakumezkoen lehen senior autonomikoan, CBASK Gorriz Tattoos taldeak denboraldiko lehen garaipena lortu zuen Universidad de Navarrari 48 eta 57 irabazita. Altsasuarrek hasieratik hartu zuten aurrea eta partida ongi kontrolatu zuten. Sailkapen orokorrean, Larraona Claretek jarraitzen du lider (10 puntu) eta talde altsasuarra zortzigarren da, azkena (6 puntu). Azaroaren 9an, 16:00etan, CBASK Gorriz Tattoos taldeak sailkapenean bosgarren den Burlata hartuko du Zelandin.