Altsasuko Udalak Otadiako euri uren sarean jasotakoa Burunda ibaira isurtzeko kolektorea egin nahi du. Horretarako lan deialdia egin du, 287.254,99 euroko (BEZ barne) balioa duena. Lana egiten interesa duen enpresak bere eskaera azaroaren 20ko 23:59ra arte aurkez dezake. Lanak bere gain hartzen dituen enpresak bost hilabete izanen ditu horiek despeditzeko.
Gaur egun Santo Kristo Barren, Amandrea, Soldaubide, Ualdera eta Lapurbide kaleetako euri urak saneamenduko sarera isurtzen dira. Horrek arazoak sortzen ditu. Batetik, euri jasa handiak izan diren aldietan gabeziak izan dira, izan ere, saneamendu sareak ez du gaitasunik hainbeste ur hartzeko. Ondorioz, urbanizazioaren hegoaldean uholdeak eragiten ditu. Bestetik, euri ura saneamendu sarean sartuta, guztiak Urdiainen dagoen araztegian bukatzen du. Horrek eragin zuzena du araztegiaren funtzionamenduan, eta areagotu egiten ditu tratamendu-kostuak.
Horregatik, Altsasuko Udalak erabaki du euri uren kolektore bat eraikitzea, isurketa horiek Burunda ibaira bideratzeko, saneamendu-saretik pasa gabe. Kolektorea urbanizazioaren punturik baxuenean, hegoaldean eraikiko da, Soldaubide kalearen akaberan zehazki. Handik ubelderaino ehunen bat metro daude, baina kalearen eta ibaiaren arteko desnibela hamahiru bat metrokoa da. Eta bien artean trenbidea dago. Beraz, sektoreko euri urak jasoko dituen kolektorea eginen da Soldaubide kalearen bukaeran. Handik hura lurpeko hodi bidez bideratuko da ibairaino. Desnibela saihesteko hodia bost zati izanen ditu eta tartean bost putzu bertikal izanen dira, haietako bi trenbidearen bi aldetan izanen dira.