Udalak hamalau lanpostu egonkortu ditu

Guaixe 2024ko aza. 14a, 11:13

Altsasuko udaletxea.

Hutsik zeuden eta merezimendu lehiaketaren bidez bete ditu.

Altsasuko Udalak aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean hamalau lanpostutarako merezimendu lehiaketak deitu zituen. Prozesua despedituta Oihana Diaz de Garaio Lopez de Zubiria funtzionario izendatu du. Administrari ofizialaren lanpostuan ariko da lanaldi osoan. Bestetik, Ion Goikoetxea Vianak funtzionario izendapena lortu du eta mendiko eta zerbitzu anitzetako langilearen lanpostuan ariko da. E mailako lanpostua da, lanaldi osokoa. Goikoetxeak igeltsero ofizial eta zerbitzu anitzetakoaren lanpostuan eszedentzia hartu du. Beraz, prozesuko zerrendan hurrengoari deituko dio udalak lanpostu hori betetzeko. 

Ludotekako laguntzaile izanen da Bidatz Razkin Olmedo. Lan-kontratudun finkoa da, Dmailako lanpostuan eta lanaldi partzialean. Udalak lan kontratudun finko izendatu du Ana Isabel Senar Lasa. Kulturako teknikari ofizialaren lanpostua beteko du, C mailakoa eta lanaldia partziala izanen du. Senarrek zerbitzu anitzetako enplegatu gisa funtzionario izendapena lortu zuen ere. Hartan eszedentzia eskatu du eta zerrendan hurrengoa deituko du udalak lanpostu horretarako. 

Bestetik, zerbitzu anitzetako enplegatuaren lanpostuan (D maila) lanaldi osoan ariko diren honako langileak funtzionario izendatu ditu udalak: Miren Edurne Razkin Razkin, Jesus Lezea Beraza, Angel Sanguino Higuero, Bizente Mitxelena Arbelaitz, Ane Eguzkiñe Arranz Crespo eta Maria Nieves Ligero Utrilla. Azken biek eszedentzia eskatu dute eta udal eraikinak garbitzen ariko dira. Hutsik dauden lanpostuak betetzeko zerrendan hurrengoei deituko die udalak. Azkenik, udal eraikinen garbitzailearen lanpostuan aritzeko funtzionario izendatu dituzte Cristina Armendariz Ballarin, Lourdes Macho Villaverde, Esther Gallardo Martinez, Ane Eguzkiñe Arranz Crespo, Idoia Hualde Iglesias eta Maria Nieves Ligero Utrilla. E mailako lanpostuak dira, lanaldi osokoak.