Sunsundeguiren "etorkizunaren" alde

Guaixe 2024ko aza. 11a, 10:47

Sunsundeguiren aldeko manifestazioaren burua.

Zuzendaritzak likidaziorik gabeko hartzekodunen konkurtsoa eskatu ondoren, 367 langileen ordezkariek manifestazioarekin erantzun zuten. Altsasun 2.000 bat pertsonatik gorak "industria plana duen alternatiba bat" eskatu zuten.

Lantegiko enpresa batzordeko UGT, LAB eta ELA sindikatuek deituta, Sunsundeguik etorkizuna du, konponbidea orain lelopean manifestazioa egin zen Altsasun. Haren akaberan enpresa batzordeko buru David Trevejok nabarmendu zuenez, "egoera larria bada ere, aukera bat izan dezakegu, uste baitugu Sunsundegui merkatua duen enpresa bat dela, eta estrategikoa dela Altsasurako, gure eskualderako eta Nafarroa osorako. Garai honetan, gainera, mugikortasunak aldaketa ugari izango ditu". 

Negoziazioak badaudela badakite langileek, horregatik, "inplikatutako alde guztien konpromisoa" eskatu dute, "Sunsundeguirako industria plan batekin alternatiba bat bilatzeko". Izan ere, enpresa batzordeko kideen iritziz, "egoera larria bada ere, aukera bat izan dezakegu, Sunsundegui merkatua duen enpresa bat dela uste baitugu".

Langileen ordezkariek aitortu dutenez, hartzekodunen konkurtsoak "beste etapa bat erretzen du, ziurgabetasunez betetako amaiera baterako bidean". Azaldu zutenez, "egoera honetan, ez langileok ez inork ez dugu ulertzen hilabete gutxiren buruan 800 lanpostu sortzeko aukera izatetik dena galtzeko arriskua izatera pasa garenik", adibide gisa "Etxarrin eta Olaztin Azkenga ixtea" eta "gainerako hornitzaileak bizitzen ari diren une txarra" jarriz. "Atzerapenak izan ditugu gure nominen ordainketan. Langileek ahalegin handiak egin dituzte azken urteotan beren lan-baldintzetan", nabarmendu zuten enpresa batzordetik.

Iritziak 
UGTk gogorarazi zuen Volvoko goi mailako autobusak ez egitea "albiste txarra" zela. Sunsundeguik bizi duen momentua "zaila" dela aitortu zuten UGTkoek, baina "lantegirako konponbideak sor daitezen lan egin behar da; horrela langileei, hornitzaileei eta eskualdeko enpleguaren jasangarritasunari etorkizuna emateko". UGTk "lehentasunezkotzat” jo zuen Volvorekin harremanak lehenbailehen birbideratzea, "administrazio kontseiluak eta Nafarroako Gobernuak behar bezala jokatzea espero dugu. Hori funtsezkoa da, etorkizunerako edozein aukera Volvorekin erlazio ona izatean oinarritzen baita". Sunsundeguirako inbertitzailea industria arlokoa izatea eskatu du UGTk. "Langileen eskubideak zaindu, enplegua eta langileen lan baldintzak babesten” ariko direla adierazi dute. Azkenik, adierazi dutenez, "funtsezkoa da Nafarroako Gobernuak trantsizio honetan laguntzea. Ez da etsi behar. Laguntza behar dugu eta aurrera atera gaitezke". 

LABek gogorarazi du aspaldi gaztigatu zuela "egoera honetan aurki gintezkeela. Azken urtean izandako berriekin industria plana izateko esperantza genuen. Aukerak egon daitezke". Sunsudeguirendako industria plana aldarrikatu zuten, "espekulatzailerik gabekoa". Sindikatu abertzaletik nabarmendu zutenez, "dituen arazoak egiturazkoak dira, aspalditik. Horiei aurre eginen dien industria proiektua nahi dugu. Hori da momentu honetan mahai gainean falta dena". LABeko ordezkariek gogorarazi zutenez, "Sodenak Sunsundegui utzi zuenean, 2013an, aukera bat galdu zen. Langile gutxi zeuden orduan. Murilloren esku utzi zuten zuzendaritza udaberrira arte. Ikusi da zenbat eta lan karga handiagoa orduan eta zailtasun handiagoak zeudela, azken hamar urteetan ez delako ezer aldatu". Beraz, antolakuntza arazoak zuzentzea ezinbesteko jo zuen LABek enpresak aurrera egiteko. "Sektore publikoak jarritakoa berreskuratu dezala, baina sektore publikoa izan dadila hemen egiten direnen kontu hartzailea". Berretsi zutenez, "Sunsundeguik etorkizuna du". 

ELAk nabarmendu zuen 800 lanpostu iragartzetik itxieraren atarira pasa garela sei hilabetetan. "Nahiko kezkatuta gaude. Izan ere, Sunsundeguiko egoerak Sakana asko baldintzatuko bailuke". Autobus lantegian eta harendako hornitzaileak diren enpresak izan zituen gogoan. "Horrelako galera batek ostalaritzan, merkataritzan eta abarretan isla izanen luke. Ataka larri batean gaude". ELAkoen iritziz, "hemen gertatu denak ez du inor harritu. Sindikatuok eta langileok aspaldi egon gara salatzen aurreko zuzendaritzak egin zuen kudeaketa. Azkenean ikusi da kudeaketa horren azpian ez zegoela ezer, eta horrek hartzekodunen konkurtsoa ekarri du". ELAk Nafarroako Gobernuari dei egin zion busti dadin. "Sunsundeguin egiten den produktua ona da. Enpresak duen esperientzia eta langileen eskarmentua ona da, baliagarria izan daiteke. Enpresak bideragarritasuna izan dezake. Baina Nafarroako Gobernuak lema hartzea behar dugu".