Ollo foru parlamentari karguaz jabetu da

Guaixe 2024ko aza. 11a, 14:49

Javier Ollo Martinezek parlamentari kargua hartu du Unai Hualde Iglesias Nafarroako Parlamentuko presidentearen aurrean. UTZITAKOA

Altsasuarrak jakinarazi duenez, Altsasuko Udaleko eta Nafarroako Parlamentuko jardunak uztartuko ditu. 

Maria Solana Arana RTVEko administrazio kontseiluko kide bihurtu denez, bere parlamentari aktari uko egin ondoren, Javier Ollo Martinezek foru parlamentari karguaz jabetu da. Horretarako  erakundeko Mahaiak propio bilera eta ekitaldia egin du 14:00etan. 

Nafarroako Parlamentuko Erakunde Aretoan egin den ekitaldian, parlamentari berriak kargua hitzeman du Parlamentuko lehendakari Unai Hualde Iglesiasen, eta lehen lehendakariorde Ainhoa Unzu Garate, bigarren lehendakari orde Juan Luis Sanchez de Muniain Lacasia, lehen idazkari Yolanda Ibañez Perez eta bigarren idazkari Mikel Zabaleta Aramendia Mahaiko kideen aurrean. Ollok honako formula erabiliz hitzeman du bere kargura Parlamentuko lehendakariaren aurrean: "hitz ematen dut, nire kontzientziaz eta ohorez, Nafarroako Foru Araubidea errespetatu, mantendu eta hobetuko dudala, Espainiako Konstituzioari eta legeei men eginen diedala eta foru parlamentari karguari dagozkion betebeharrak zintzoki beteko ditudala".

Karguaz jabetzeko ekitaldian egon dira Javier Esparza Abaurrea, Angel Ansa Etxegarai, Mario Fabo Calero (UPN), Ramon Alzorriz Goñi (PSN) Adolfo Araiz Flamarique (EH Bildu), Pablo Azkona Molinet, Isabel Aranburu Bergua, Itxaso Soto Diaz de Cerio, Mikel Asiain Torres, Blanca Regulez Alvarez (Geroa Bai), Daniel Lopez Cordoba (Contigo-Zurekin).

Ekitaldiaren akaberan hitz batzuk esan ditu Hualdek Ollo zoriondu du eta "zortea" opa dio bere jardueran. "Erakundeko lehendakari naizen aldetik, eta saio honetan nirekin batera dauden Mahaiko kideen eta Legebiltzar osoaren izenean, zorionak, Javier. Ziur nago gaur hasten den etapa oso aberasgarria izango dela zuretako, Nafarroako erkidego honetako emakumeak eta gizonak ordezkatzea erantzukizun handia delako, eta, zalantzarik gabe, baita ohore handia ere. Espero dut zure lana Altsasuko Udalean egin duzuna bezain emankorra izatea".

Parlamentari berriaz
Altsasun jaioa (1991), Javier Ollo NUPeko zuzenbideko lizentziaduna da (karrera-akaberako sari berezia lortu zuen), eta abokatutzan jardun zen 2015era bitarte, urte horretan Altsasuko alkate izendatu baitzuten lehenbizikoz. 2019ko udal hauteskundeetan kargua berritu zuen, eta 2023koetan berriz hautatu zuten alkate.

Olloren aurretik Altsasuko alkate izan eta parlamentari bihurtu diren beste sei pertsona daude: Gerardo del Olmo Ramirez de Alda, Emilio Boulandier Maiza, Jose Manuel Goikoetxea Askorbe, Jose Angel Agirrebengoa Imaz, Asun Fernandez de Garaialde Lazkano Sala eta Unai Hualde Iglesias.