Astekaria

Azken langileak ez izateko esperantza

Alfredo Alvaro Igoa 2024ko aza. 18a, 09:00

Sunsundegui eta enpresa hornitzaileek etorkizuna dutela gaztigatu zuten.

Sunsundeguik etorkizuna duela eta konponbide eske manifestazioa egin zuten Altsasun azaroaren 10ean. Mobilizazioa haren eta haren enpresa hornitzaileen etorkizunarekin dagoen kezkaren adierazle da. Kezka bera dute lanean ari diren zortzi bat langileak.

Sunsundeguin lanean dauden guztiak ere 60 urtetik gorakoak dira, eta enpresa itxiko balitz langabezia sari osoa izan dezaten aldi baterako enplegu erregulazio espedientetik kanpo utzi dituztenak. Guztiak aurrejubilatzeko errelebo kontratua sinatzekoak ziren aurki. 

Danelek (asmatutako izena) esan digunez, lankideak etxean daudela lanera joatea "muturreko handi bat hartzearen parekoa da". Juan Ignacio Palacio Balek, ELAko delegatuak, "tristezia handia eta larritasuna" sentitzen ditu "enpresan 29 urteren ondoren autobusik ez dagoela eta lantegia hiltzen ari dela ikusita. Eta lankideengatik pena". Aitzolek (asmatutako izena) gaineratu duenez, "ez naiz pribilegiatu bat. Baina ezin duzu eragotzi pentsatzea: zergatik ni eta ez nire lankidea?" Danelek borobildu du: "putakeria da etorkizunik ez dela ikusten. Eta horrek izorratzen du!"

Aurreratuta zeuden autobusak bukatzen aritu dira azaroaren 13ra arte. Aitzolek azaldu duenez, "guk egiten ez dakiguna egiteko langile espezialistak behar dira. Espezialistak espedientetik ateratzen zituzten egun batzuetarako, autobusak bukatzeko lan horiek egiteko". Akaberako kalitate arloan aritzen diren langileak direla gaztigatu du. Egitekoak despedituta, antolatzen eta garbitzen ari dira orain. "Espedientean sartu nahi bagaituzte berri bat egin beharko lukete, paper ugari", azaldu du Palaciok.  

Antolaketaz
Bitartean "bizpahiru ingeniari lantegiaren antolaketa berritzen ari dira inbertitzailea balego dena prest egoteko eta egunean 1,5 edo 2 autobus egin ahal izateko", azaldu du Aitzolek. Aurreko zuzendaritzak zegoen lan antolaketa aldatu zuen, Danelen iritziz, "inor baino azkarragoak zirela uste zuten, eta ez zuen ongi funtzionatu. Ez zuten langileen iritzia kontuan izan". Palaciok esan duenez, "lehengo antolaketara bueltatzen ari dira, 10-11 lan toki egotera eta ez 7 edo 8. Horrela lantegian autobus gutxiago daude, horrela diru zirkulatzaile gutxiago dago lantegian, autobusak azkarrago bukatzen dira, baita kobratu ere". Enpresa batzordea eginkizun horretan laguntzeko bere burua eskaini duela adierazi du Palaciok, "ekoizpen eredu zaharra ezagutzen baitugu". Azaldu duenez, "aurreko zuzendaritzak lan tokiak murriztu eta bakoitzean autobusak lau ordu egotea nahi zuen. Baina denbora horretan lan batzuk ezin dira egin, eta egin beharreko lanak egin gabe autobusak lantoki batetik bestera pasatzen ziren. Horrek, material faltak eta aurreikuspen faltak ekarri zuen 128 autobuseko tapoia". Langile ohi batek emandako adibidea da honakoa: "zurginek bere lana egiten zuten, baina atzetik elektrikariak joan behar izaten zuten zurginek jarritakoa kendu eta kableak sartzeko. Ondoren, zurginek jarritakoa berriro jartzeko. Dirua alferrik galtzea da hori". 

Danelek gogorarazi duenez, "gaztigatu genuen horrela ezin zela, baina kolpe handia harrarazi digute". Palaciok gogorarazi duenez, "Parlamentuan eta Sodenan kudeaketa negargarriaren berri eman genuen aspaldi, baina beste aldera begiratu zuten. Enpresa batzordeak ahal genuena egin dugu". Danelek gaineratu duenez, "lehenago hasi behar genuen bazterrak nahasten, baina gure artean ez da horretarako batasunik egon". 

Guztiek espero dute Sunsundeguitik ateratzen diren azken langileak ez izatea. "Kolpe handia litzateke enpresa ixtea, guretako eta enpresa hornitzaileendako. Dendariek esan digute dagoeneko jendea tentuz ari dela erosketak egiten", azaldu du Palaciosek. Inbertitzaile bat agertuko den esperantza ez dute galdu, eurengatik eta enpresa hornitzaileengatik. "Adi egon beharko dugu lanpostuak eta soldata defendatzeko". Kezka ere badu Aitzolek balizko inbertitzaileak adineko langileak botako dituela.