Iñaki Mujika

"Handbike-a probatu nuenetik nire kirola zela sentitu nuen"

Maider Betelu Ganboa 2024ko aza. 21a, 13:00

Iñaki Mujika Izagirre ikusgarri aritu zen Behobia-Donostian. Handbike-eko hemeretzi kirolarien artean zazpigarren izan zen. utzitakoaIñaki Mujika Behobia-Donostian lortutako dominarekin. utzitakoa

Behobia-Donostian handbike-ean zazpigarren sailkatu zen Iñaki Mujika Izagirre altsasuarra, joan zen urteko denbora ia 10 minututan hobetuz. Egitasmo ugari ditu borborka

Iñaki Mujika Izagirrek moto-kross lasterketan istripua izan zuen 2021ean eta ordutik gurpildun aulkian dago. Baina altsasuarra ez da geldirik egoten den horietakoa. Hasieratik gauza berriak probatzeko grina izan zuen, eta handbike-a da horietako bat. Behobia-Donostian zazpigarren sailkatu zen handbike-ean, ikusgarri. 

Nola hasi zinen handbike-ean?
Lehenengo saskibaloian hasi nintzen, Gasteizko talde batean, baina ez zitzaidan gustatu. Padela ere probatu nuen, eta berdin. Iruñeko Gurpildun Elkarteko lagun batek handbike-a erosi zuen, eta probatzeko eskatu nion. Lehendabiziko egunetik ikusi nuen hau zela nire kirola. Nik beti kirol indibidualak egin izan ditut, ez dut talde batean parte hartu. Handbike-a saskibaloia baino fisikoagoa da, kirol indibiduala, eta emozioa duena. 

Handbike-ak bizikletarekin edo motorrarekin nolabaiteko lotura duela esan daiteke. 
Ez da gauza bera, baina zerikusia du. Errepidean ibiltzen naiz. Ez da motorra bezala, baina sentsazioen aldetik antzekoa da.

Handbike-ak kirol gogorra dirudi. 
Ez ba! Istripua baino lehen kirol asko egitera ohituta nengoen, eta, beraz, fisikoki ongi nengoen. Gainera, aulkiarekin mugitzen garenez, egun guztian lantzen ditugu besoak. Hasieran ohitura falta da, baina berehala jartzen zara. Handbike-ean gehien bat sorbaldak sufritzen du. Baina gurpildun aulkian ibiltzen garenoi ez zaigu oso gogorra egiten.

Noiz eman zenuen saltoa lasterketetara? Zein izan zen zure lehendabiziko lasterketa?
Lehenengo momentutik argi nuen lasterketetan parte hartu nahi nuela. Lehen lasterketa 2023ko Behobia Donostia izan zen.

"Oñatiko Bizi Hadi taldean hasiko naiz. Paralinpikoen Kopako lasterketa guztiak egitea da asmoa"

Orduan esan zenuen sekulakoa izan zela bertan aritzea. 
Bai, gehien bat irteerako momentua. Nire burua berriz ere lasterketa baten irteeran ikustea niretako pasada bat izan zen; sentsazio hori. Irteera, lasterketaren prestakuntza, jende berria ezagutzea... guztia. Baina 10 segundo lehenagoko momentu hori itzela izan zen!

Joan zen urteko Behobian handbike modalitatean bederatzigarren sailkatu zinen (55:27) eta urte bat geroago ia 10 minututan jaitsi duzu denbora (46:21). Nolako makina zaren.
Iaz lehenengo lasterketa zen. Ez nuen proba asko ezagutzen, ez handbike-a, ezta nire gorputza. Aurten hobe entrenatuta nago, bizikleta ere berria da, hobea, eta teknika aldetik ere zerbait ikasi dut. Guztiak eragina du.

Asko entrenatzen duzu?
Azkenaldian infekzioekin ibili naiz eta espero baina gutxiago entrenatu naiz. Baina, ongi banago astean bost egun entrenatzen dut. Bi ibilbide ditut: Lizarrustira joan eta buelta, edo Arbizuko kanpingera joatea.

Ez dizu beldurrik ematen kotxe artean errepidean ibiltzea? Bandera bat daramazu, baina baxuago zaude. Motorren hotsa hain gertu sentitzeak ez dizu beldurrik ematen?
Horrek ere bere emozioa du. Autoekin, txirrindulariekin eta errepidearekin erne egon beharra dago, baina beste pizgarri bat da.

Sustoren bat izan duzu?
Oraingoz ez. Beti erne aritzen naiz. Ispilu bat daramat, eta atzean radar bat dut autoa 300 metrora hurbiltzen denean abisatzen nauena... zerbait gerta daiteke, baina adi egonda zaila da.

Orain arte Quesos Albeniz-Burunda klubaren maillotarekin lehiatu zara. Handbike talde espezifikoago batean aritzeko asmorik al duzu?
Talde berri batean hasiko naiz, Oñatiko Bizi hadi taldean, eta hain zuzen ere azaroaren 16an ian zen aurkezpena. Desgaitasunak ditugun pertsonek osatzen dugu taldea. Gure modalitatean zazpi gara: Tuterako bat, Burgoseko bat, Iruñeko bat, Amezketako bi, Oñatiko bat eta ni neu. Iñaki Igartua eta Igor Elizburu daude tartean. Talde polita egin dugu.

Espainiako Paralinpikoen Kopan parte hartu duzu. 
Nik soilik Murtzian jokatutako bi probatan parte hartu nuen, infekzioak direla eta, tarte batean ezin izan nuelako entrenatu. Gustura aritu nintzen, sentsazio politekin. Giro ona zegoen. Datorren denboraldian Bizi hadi klubarekin denboraldi osoa egitea da asmoa. Bospasei proba dira, eta apirila-maiatzen hasten da denboraldia.  

Espainiako Paralinpikoen selekzioan sartzea zaila da? 
Oso zaila, nik dudan lesioarekin, praktikoki ezinezkoa. Nire kategoria H3 maila da, baina egoera ezberdina dugun kirolariak gaude. Nik beheko abdominalak ezin ditut landu, baina nire kategorian badaude beheko abdominalak lantzen dituztenak, eta, beraz, ni baino askoz ere indar gehiago dute. Dena den, ni kopan eta bestelako probetan aritzearekin, gustura. Ez dut podiuma egiteko itxaropenik, beraz...

"Egokitutako karten lasterketa antolatu nahi dute; Madrilera joango naiz probatzera"

Aizu, Behobian zazpigarren sailkatu zinen, oso ongi. Nolakoa izan zen lasterketa?Espero nuena baino askoz ere hobeki aritu nintzen. Nire helburua proba 47 minututan egitea zen, baina ibilbide erdian konturatu nintzen 45 minututan egin nezakeela. Laugarren egon nintzen, eta azkeneko igoeran bosgarren nintzen, laugarrenetik, Amezketako lagun baten atzetik, 100 metrora. Asmoa zen azkeneko malda igotzea eta gero topera joatea eta azkeneko zuzenean bera aurreratzen saiatzea. Baina justu une horretan katea atera zitzaidan. Sekulako ostitxarra egin nuen. Nire ondoan entrenatzaile bat zegoen eta katea sartu zidan, baina minutu pasa galdu nuen. 

Zazpigarren eta 46:21-ko denbora egin zenuela kontuan hartuta, katea aterako ez balitz sekulako denbora egingo zenukeen.
45 minuturen bueltan egingo nuke eta agian laugarren geratu. ... baina egindakoarekin pozik nago.

Beti bezala, jendetza ugari zegoen.
Nik ez nuen inor ikusi. Zero. Ni aurrekoari begira nindoan, nirera. Bukaeran bazkaltzera geratuko ginen handbike-eko lagunak eta ezagunak, hamaika lagun, lasterketako abenturak komentatzeko.

Beraz, hemendik aurrera abentura berri batean murgilduko zara handbike-eko talde berrian. 
Bai, eta gustura. Datorren urteari begira helburu berriekin hasteko gogotsu nago.

Motorzale amorratua izaten jarraitzen duzu. Motorra guztiz alboratu duzu edo zerbait egingo duzu? Zerbait izango duzu esku artean...
Asmo gehiegi dauzkat buruan (kar-kar). Guretako propio den kart txapelketa bat antolatu nahi dute, eta astebete barru Madrilera noa karta probatzera. Kart normalak dira, baina gure egoerara egokitutakoak. Hau da, balazta eta azeleragailua bolantean dituena.

Gasolinak zer ote duen...
(Kar-kar) Duela urte pare bat kart bat probatu nuen eta pentsatu nuen: "hauxe da neurea!" Duela gutxi beroaldi batean kart bat erosi nuen eta gurpildun aulkian dagoen Andorrako Llovera pilotuarekin jarri nintzen harremanetan karta egokitzeko. "Baina nola erosi duzu kart hori, kart txapelketa berezi bat antolatzekotan gaude, eta litekeena da kart horrek balio ez izatea..." esan zidan. Txapelketaren antolatzailearekin harremanetan jarri nintzen, Lucas Ulaciarekin. Bera errepideko motor pilotu profesionala zen, baina istripu baten ondorioz tetraplejikoa geratu zen. Fundazio bat sortu zuen, Lucas 18, gurpildun aulkian gaudenoi erraztasunak emateko. Gure mailako kart txapelketa antolatu nahi dute, eta federazioarekin bilduko dira aurki, bete beharreko baldintzak eta bestelakoak zehazteko. Zazpi pilotu omen gaude interesatuta. Horregatik Madrilera joango naiz datorren astean, Ulaciarekin hitz egitera eta bere karta probatzera. 

Zer du zure kartak, bada?
Sekulako pepinoa dela. Esan didate potentzia gehiegi duela txapelketarako. Horregatik probatu nahi dut Ulaciaren karta. Ikusten badut merezi duela, hura bezalakoa erosi eta nirea salduko dut, eta merezi ez badu, nirea egokituko dut. Ikusteko dago. 15 minutura Olaberrian zirkuitua dugu entrenatzeko, eta bestela Los Arcos edo Bilboko zirkuitua dago. 

Planez lepo zaude...
Plan gehiegi gauza onerako! Bonbardaketa batera apuntatzen naizen horietakoa naiz ni. Horrela ibiltzea gustuko dut, baina konturatzen naiz agian saltsa gehiegitan sartzen naizela.