A23 Indarkeriaren matxistaren kontra kaleak hartu egunaren antolatzaileek gaur egungo egoerarekin kezka batetik abiatu dira: "matxismoa kaleetan zehar zabaltzen eta normalizatzen ari da. Gure inguruetara begiratzea besterik ez dago horretaz jabetzeko". Hori berresteko hainbat datu eman dituzte: Hego Euskal Herrian 2023an ia 24 eraso egon ziren egunero, aurten dagoeneko bost emakume erail dituzte Euskal Herrian, sexu esplotazio sareak (Tuteran, Gasteizen, Donostian, Barakaldon…), bortxaketak, aurten Sakanan gutxienez adin txikiko bi neskek sexu erasoak jasan dituzte, sumisio kimikoko kasuak, udako erailketa matxisten %15a poliziek edo polizia ohiek burutu dituzte Espainiar Estatuan…
Nabarmendu dutenez, "tamalez, eguneroko indarkeria kasuak zenbaki huts bilakatzen dira eta geroz eta eragin txikiagoa dute gizartearengan". Gaineratu dutenez, "matxismoaren existentzia ukatzen duten posturek hedapen eta errotze handia izaten ari dira bai kaleko bai sare sozialetako diskurtsoetan (influencer-en bidez). Geroz eta sektore zabalago batek diskurtso erreakzionario eta atzerakoi horren amua irentsi egiten du, bereziki, gazte belaunaldietan". Bestetik, ziurtatu dutenez garatu diren berdintasun politiken eta erakundeen proposamenen "mugak agerikoak dira, arazoari irtenbidea emateko eraginkortasun eza eta hutsune nabarmenak baitituzte".
Horren guztiaren aurrean emakumezko gazte altsasuarrek antolatzea eta azaroaren 23an egitaraua antolatzea erabaki dute. "Indarkeria matxista ukatzeak biolentzia bera normalizatzea eta justifikatzea suposatzen duela jakitun, ideia eta jarrera horiek borrokatu eta mugak jartzea urgentziazko lana da, gehiago heda ez daitezen" Gizartearen kontzientzian interbenitu eta ahalik eta emakume gehien borrokara "batzeko" deia egin dute, "matxismoaren kontra posizionatuko den bloke baten beharra mahaigaineratuz".
Azaldu dutenez, "emakumeon errealitatea biolentzia izaten jarraitzen duen bitartean, beste alde batera begiratzeari utzi eta antolatzea ezinbesteko lana da. Beraz, bizi dugun egoerarekin barrenak mugitzen zaizkion orori edota haserrea kalera atera nahi duen orori gonbitea luzatzen diogu egitarauko ekintzetan parte hartzeko". Bide batez, azaroaren 25ean ere mobilizatzeko eta urte osoan zehar matxismoaren kontra antolatzen jarraitzeko deia zabaldu dute. Haiekin harremanetan jartzeko Instagrameko @a23_kaleakhartu profilera jo.
A23 'Indarkeriaren matxistaren kontra kaleak hartu' egitaraua
Azaroak 23 larunbata
Altsasu
10:00 Mural margotzea, rokodromoan.
11:00 Autodefentsa tailerra, Gure Etxea eraikinean.
12:30 Sokatira erakustaldia, Foru plazan (eguraldi txarrarekin, Iortia zabalguneko estalpean).
14:30 Bazkaria, Foru plazan (eguraldi txarrarekin, Gure Etxea eraikinean).
17:00 Psikologo aditu batekin solasaldia: Indarkeria matxistaren aurpegi ezkutua: osasun mentala.
19:00 Dantza eta arte ekitaldia, Foru plazan (eguraldi txarrarekin, Iortia zabalguneko estalpean).