Duela bost urte Ekhiñe eta Nagore Gallardok, Oihana Baltasarrek eta Eneritz Morenok Brotes de Encina txiki taldea sortu zuten, Altsasun. Dantza taldeak Extremadurako dantza tradizionalak egiten ditu Iruñeko talde "handiarekin" batera. Urtean zehar hainbat emanaldi egiten dituzte, tartean Altsasun Extremadurako eta Guadalupe egunean eta La Encina kultur elkartearen jardunaldietan.
"Extremadurako dantzak nolakoak ziren ikasi eta ezagutu nahi genuen"
Extremadurako dantzak egiteko talde bat sortzearen ideia Ekhiñerena izan zen: "Ahizpa eta biak bertan jaioak gara, eta jakin nahi nuen nolakoak ziren dantzak eta haiek entseatu". Hiru hilabeterekin etorri ziren Gallardo ahizpak Altsasura, "praktikoki hemen jaio ginen". Baltasarren eta Morenoren kasuan Extremadurako senideak dituzte. Guztiak kuadrillako lagunak dira, eta dantza taldea Ekhiñeren ideiarekin jarraituz, taldea sortzea erabaki zuten 2019. urtean. Oihana: "Pandemia harrapatu zigun eta dena gelditu genuen, baina gero bueltatu ginen". Dantzariak oso gazte hasi ziren taldean.
Jesus Cidoncha La Encina kultur elkarteko presidentea da taldeko irakaslea. Cidonchak aspaldi parte hartzen du Brotes de Encina Iruñeko taldearekin, eta "harro eta pozik" dago Altsasun taldea sortu izanagatik: "Oso pozik; eta ez dugulako jende gehiago lortu, bestela, hobe izango zen".
Brotes de Encina talde "nagusiak" egindako emanaldien bideoen eta Cidonchak ezagutzen dituen dantzak "pausoz pauso" erakutsiz hasi ziren dantzak ikasten eta ezagutzen. "Interesa handia genuen", esan dute gazteek. Entseatzeko udalari lokal bat eskatu zioten, eta Labaderoko gimnasioan hasi zirela gogoratu dute: "Hor egiten genituen entseguak, eta gero asteazkenean Iruñera joaten ginen". Gaur egun asteazkenetan eta ostiraletan joaten dira hiriburura.
Errepresentazioa
Extremadurako dantzak ikasteko "zailak" direla esan du Baltasarrek. "Hasieran asko kostatzen da, baina behin hartzen duzunean, ongi. Baina hasieran oso zailak dira". Dantzak ikusten direnean ez dirudiela hain zaila gaineratu du. Pausu asko egon ez ezik, Morenok besoen erabilpena nabarmendu du: "Besoak, hankak... Dena batera eta dena memorizatu behar duzu". Cidonchak "hasieran" ikasteko zailak direla aitortu du, "baina haiek helduok baino askoz errazago harrapatzen dituzte dantzak". Interpretatzen dituzten dantzak bikoteka egiten dira, "neska eta mutilak, baina mutilik ia ez daudenez, guk egiten ditugu eta batek mutilek egiten dituzten pausoak egin behar ditu". Mutilen pausuak "antzekoak" direla baina zertxobat aldatzen dela gaineratu dute dantzariek. Orain dantzan nolabait maila bat igo dute, eta kastañuelak erabiltzen hasi dira ere, "duela bi aste emanaldi bat izan genuen, eta horretarako hasi ginen".
Brotes de Encina taldea emanaldi batean. ISAAC FARRE FOTOGRAFO / UTZITAKOA
Extremadura osoko dantzak egiten dituzte. "Hemen Altsasuko zortzikoa bezala, han ere herrietako dantzak dira. Alburquerque herri bat da, eta Danza de Alburquerque hango dantza", azaldu du Gallardok. Zonaldearen arabera "desberdinak" direla gaineratu dute dantzariek, eta haiek dantza "asko" egiten dituztela esan dute; hortaz, Extremadurako errepresentazio handia egitea saiatzen dira. Cidoncha: "Bi probientzietako errepresentazioa dugu: Caceres eta Badajoz". Besteak beste, jotak eta errondallak dantzake giten dituzte, "azken hauek mugituagoak eta agian politagoak".
Urtean zehar hainbat emanaldi egiten ditu Brotes de Encina taldeak, gehienak Iruñean, baina Altsasun ere egiten dituzte. Lasarten eta Iturmendin izan direla esan dute dantzariek ere. Hurrengoa abenduaren 14an izanen da, Iruñeko Sanduzelai auzoko Civivox aretoan. "Uste dugu gehiago egongo direla, baina momentuz bakarrik hori dugu itxita", esan du Morenok.
Brotes de Encina taldea Altsasuko alkatearekin eta apaizarekin. UTZITAKOA
Emanaldietan Extremadurako jantzi tradizionalak erabiltzen dituzte, eta dantzak bezala "herri desberdinetakoak" dira. Oso koloretsuak eta detaille handikoak dira. La Encina elkarteak irailaren amaieran antolatzen duen kultur jardunaldietan elkartearen ohorezko damak izendatzen ditu ere, urtean zehar elkarteak parte hartzen duen ekitaldietan elkartea ordezkatuko duen pertsona, eta jantzi horiek Badajozekoa eta Caceresekoa direla azaldu dute. Dantzarako "herrietako" jantziak erabiltzen dituzte.
Euskal dantzak eta Extremadurakoak alderatuta, Extremadurakoetan besoak "beti" altxatuta eraman behar direla nabarmendu dute.