Astekaria

"Gauzak egiteko beste modu batzuk daude"

Alfredo Alvaro Igoa 2024ko aza. 20a, 13:30

Ainhoa Bueno Munarriz eta Mikel Azkargorta Boal, Jauzi Ekosozialeko Nafarroako eta Sakanako kideak.

Ainhoa Bueno eta Mikel Azkargorta Jauzi Ekosozialeko kideak dira. Zazpi hilabeteko eztabaida prozesu baten ondoren, Jauzi Ekosoziala maiatzaren 4an aurkeztu zuten. Euskal Herriko mugimendu ekologistari ekarpena egiteko sortu da.

Inongo eragile ekologista ordezkatzeko helbururik gabe, tokiko ekimenak saretzea helburu du Jauzi Ekosozialak. Sakanako aurkezpena Altsasuko Gure Etxea eraikinean eginen du azaroaren 21ean, ostegunean, 18:30ean.

Zergatik behar zen Jauzi Ekosoziala bezalako antolakunde bat?
A. Krisi ekosozialaren azkartzea ikusi dugu azken urteetan. Esaterako, klima larrialdia edo energia krisia. Ezin da alderatu duela 40 urte ezagutu zen testuinguruarekin. Euskal Herrian tradizio ekologista oso luze bat egon da, baina, gaur-gaurkoz, erronka garaikide horiei heltzeko ez dugu nahikoa tresna edo ez dugu nahikoa artikulaziorik Euskal Herrian. Hausnarketa prozesu bat egin genuen, eragile berri bat aurkezteko asmoa izan zuena: Jauzi Ekosoziala. Euskal Herriari eskaini nahi diogu erronka berri horiei erantzuteko tresna berri bat. 

Zerk bultzatu du bere sorrera?
A. Jauzi sortu aurretik Euskal Herrian hainbat talde ekologista zeuden; aipatu dudan bezala, tradizio luzea duelako borroka ekologistak. Gainera, oso entzutetsuak izan diren borroka batzuk: Lemoiz, Itoitz... Baina urteen poderioz muga batzuk ere antzeman ditugu. Batetik, talde horien arteko harremanak eta sareak ez dira oso indartsuak eta, agian, taldeak haien errealitate lokalari begira zeudelako. Positiboki baloratzen dugu, baina beste pauso bat falta genuen, eskala handiago batean ere eragiteko tresna bat. Bestetik, testuingurua ere aldatu denez eta erronkak aldatu direnez, definitu behar genuelako zeren kontra gauden baino zeren alde gauden. Hori da Jauzi Ekosozialak planteatzen duen berrikuntza nagusia. Errealitate horren aurrean kezkatuta gaude jende mordo bat gaude, baina, gainera, gure sarearen erdigunean jarri nahi dugu zer alternatiba proposatzen dugun. Kasu honetan trantsizio ekosozialaren aldarriak elkartzen gaitu. 

"Euskal Herriari eskaini nahi diogu erronka berri horiei erantzuteko tresna berri bat"

Krisi ekosoziala, zer da?
A. Ekosoziala kontzeptua erabiltzen dugu ekologia krisi horren erroan arrazoi sozial mordoa dagoelako. Hona ekarri gaituenari erreparatzen diogu. Azken urteetan hainbat krisi egon dira: finantza arloarena, COVIDaren testuinguruan azaleratutako beste krisi batzuk... Esan nahi dugu ez dela fenomeno natura soil bat, ez dela ausaz emandakoa, baizik eta kausaz. Eta kausa horien atzean ardura politikoak daude. Horrek dituen ondorioei ere erreparatzen diegu. Ez dira soilik ekologikoak, jendartean sekulako ondorio sozialak eragiten ditu. Are gehiago, gaur egun ezin dugu ulertu gure mundua ematen eta azkartzen ari den krisi ekosozial hori kontuan hartu gabe. Errora joateko asmo batek definitzen du ere terminoa bera.

M. Azken finean, klima larrialdia eta ekologikoa justizia sozial baten barruan barnebiltzen dugu.

Guztia uztartu eta horri erantzuna eman nahi diozue beraz. 
A. Hori da. Testuingurua definitzeko gaur egun beste termino batzuk ere maiz erabiltzen dira: krisi anizkoitza edo krisi zibilizatorioa. Azkenean adierazten dute krisiak edo zapalkuntzak ezin ditugula bata bestearengandik lotu gabe ikusi. Kasu honetan ezin ditugu modu desberdinduan ulertu klima krisia eta horrek duen eragina migrazio krisian, zaintzaren krisian, ekonomia krisietan... Horien guztien arteko sare baten artean gaude gaur egun. 

"Gure sarearen erdigunean jarri nahi dugu zer alternatiba proposatzen dugun"

Krisi ekosozialari nola aurre egin?
M. Antolatzen. Eta maila teorikotik praktikora jaitsiz. Maila praktikoan helburu baten norabidearekin lan egitea, eskualdekoa, herrietan, ahalik eta jende gehienarengana heltzen. Jauziren helburua da Sakana eta beste eskualdeetan dauden borrokak eta proiektuak pixka bat osatzea, txapel pedagogiko bat ematea jendearengana iristeko. Eta talde horietatik kanpo gelditzen diren arlo batzuk pixka bat lantzeko. 

A. Azken finean aldarri edo alternatiba komun batek batzen gaitu: trantsizio ekosoziala. Egoera honi aurre egiteko hori da gure herriarendako planteatu nahi dugun alternatiba. Horretarako jarriko gara lanean, eta horretarako dauden borrokak elkartu nahi ditugu. Ez dago dena galduta. Hona arrazoi politikoek ekarri gaituzten bezala, irtenbide politikoek ere ematen ahal diotela aterabidea egoera honi. Baina, bereziki, garrantzia ematen diogu jende desberdina eta jende maila zabalak elkartzeari. 2022an ekotopaketa batzuk antolatu genituen, oraindik eragilea sortu gabe zegoenean, eta bertan zer pentsatu eman zigun fenomeno bat egon zen: 300 bat kide elkartu ginen eta haietatik erdiak baino gehiagok ez zuen momentu horretan mugimendu ekologistan parte hartu. Agerian geratu zen jendartean kezka eta ezinegona badagoela, eta aktibazio bat ere bai. Horiei guztiei eskaini beharra genien espazio edo tresna bat, modu bateratu batean orokortasunari erreparatuta, gerora borroka lokalak norabide baten bueltan martxan jartzeko.

Beraz, antolatuta dagoenaz aparte, jende gehiago aktibatu nahi duzue. 
M. Autopista elektrikoak, tren publiko soziala edo Aralarko gasbidearen inguruko plataformez aparte badago ekologismoaz arduratuta dagoen jendea, esaterako: elikadura burujabetasunaren inguruan lan egiten dutenak, Sakanako energia komunitatea sortzen parte hartu dutenak... Horiei guztiei laguntza eskaintzeko asmoz etorriko da Jauzi. Azpimarratu nahi dugu ez ditugula ordezkatu nahi, pixka bat osatu baizik. Falta den laguntza hori, edo pedagogia, edo jendearengana iristeko beste modu batzuk... Horiek lantzeko helburuarekin Jauzi sortzea planteatzen da. 

A. Garrantzitsua da azpimarratzea Jauzi Ekosozialaren sorrera ez datorrela aktibatuta dagoen espazio politikoa ordezkatzera, inondik inora; dauden hainbat borrokei marko orokor bat eskaintzeko asmoa dugu. Borroka ideologikoan, trebakuntzan eta prestakuntzan ere ekarpen bat egiteko. Beraz, aurrez existitzen zen espazio politiko hori ordezkatu baino, pixka bat zabaltzeko anbizioarekin jaiotzen da ere Jauzi Ekosoziala. Zabaldu, elikatu eta handitu nahiko genuke Euskal Herriak duen mugimendu ekologista. 

"Klima larrialdia eta ekologikoa justizia sozial baten barruan barnebiltzen dugu"

Bizitza bizigarriagoa egiteko helburua?
M. Jendartean dauden, edo tabernetan elkarrizketatxo horiei marko edo tresna hori ematea, parte hartzeko aukera izateko. Eta kausa jakin baten inguruan baino modu orokorrago batean trantsizio ekosozial horren alde lan egiteko.

Trantsizio ekosozialerako ideiak nola gizarteratuko dituzue? 
M. Makilatxo magikorik ez dago. Euskal Herrian hainbat borroka, ekintza edo esperientzia daude. Erreminta honek ematen digu beste eskualdeetan zer eta nola egiten duten ikustea. Akatsetatik ikastea, ongi egiten diren gauzak nola eraman aurrera, jendearengana nola iritsi... Elkartzen hasiko gara ikusteko nola, noraino eta zein modutan iritsi behar garen jendartera. 

A. Mahai gainean etorkizun ilun eta katastrofista jartzen digute, badirudi heldulekurik, alternatibarik ez dagoela. Horren aurrean saiatuko gara sozializatzen egon badagoela alternatiba baldin eta horretarako aktibazio, presio eta asmo bat baldin bada. Sozializatu nahiko genuke trantsizio ekosoziala zer den, nola egin nahi dugun eta nola ulertzen dugun. Garrantzitsua da azpimarratzea Euskal Herriak ez dituela baldintza optimoak. Baditugu beste herri guztiak dituzten arazo berak, maila globaleko arazoak direlako. Baina gu ez gara estatu bat eta ez dugu tresna nahikorik beste herrialde batek izan ditzakeen moduan, bere trantsizio ekosozial hori definitu ahal izateko, beste herrialde batzuen menpe gaudelako. Zentzu horretan ere ulertu behar dugu Euskal Herriak energia burujabetza izateko, nolabait burujabetzaren aldarriaren eskutik ere egin beharko dugula, eta aldarrikatu beharko dugula gure herriak behar dituela bere erronken inguruko erabakiak hartzeko tresnak

"Zabaldu, elikatu eta handitu nahiko genuke Euskal Herriak duen mugimendu ekologista"

Zertan zabiltzate orain?
M. Sakanako aurkezpena Altsasun eginen dugu, hasiera puntua izanen da, jendearekin elkartzea. Gonbidapenak hainbat talde ekologistari eta udalei eman dizkiegu. GUAIXEren bitartez jendartera zabaldu nahi dugu deialdia. Sakanan taldea eratzea proposatuko da, eta helburuak edo erronkak markatuko ditugu. 

A. Maiatzean eragilea jendaurrean aurkeztu genuen, baina oraindik ere ez dugu aurkezpen fase hori bukatu. Orain tokatzen zaigu eskualdez eskualde eta herriz herri gure burua ezagutzera ematea eta hedatzen saiatzea. Udan komunikazio kanpaina martxan bat jarri genuen: zuen luxua besteen miseria da. Horren atzean badaudela krisi ekosozialari loturiko elementuak. Nahiko positiboki baloratu dugu. Ikasturte hasieran aurkezpen bira batekin gabiltza eta datozen hilabeteetan bestelako ekimenak egiteko asmoa daukagu. 

Zuen ekinak fruituak emanen balitu, nolako Euskal Herria genuke?
M. Munduak daraman norabidea pixka bat aldatu beharko genuke. Munduaren ustiapen eta kontsumismo basati batean murgilduta gaude, eta helburua hortik ateratzea litzateke. Pixkanaka pausoak ematen ari dira: energia komunitateak, elikadura burujabetza, kasuan kasu alternatiba positiboak proposatuz, esaterako, tren soziala. Ez bakarrik posizio negatibo batean gelditzea, baizik eta azalaraztea gauzak egiteko beste modu batzuk daudela. Orokorrean, mundu berde eta osasuntsuago bat. 

A. Etorkizunaz erabakitzeko herritarren parte hartze handiagoa eskaintzen duen herri bat irudikatuko nuke, herritarren parte hartzea erdigunean daukana. Orain lelo ditugun edo aldarrikapen taula batean jarriko genituzkeen guztiak pixka bat errealitate bihurtzea izanen litzateke: Euskal Herrian energia gutxiago kontsumituko eta hemen bertan ekoitzia litzateke, elikadura burujabetza maila handiagoa izanen genuke, garraioa publikoa litzateke, lurralde kohesioari begira gure lurraldea hobe konektatuta egonen litzateke.