'Robot Dreams', Oscar sarietara izendatutako film nafarra, Altsasun

Guaixe 2024ko aza. 13a, 13:11

Azaroaren 18an, astelehena, Filmoteka Nafarroan programaren barruan, Pablo Berger zinemagilearen animaziozko filma izanen da, Iortia kultur gunean. Saioan filmaren ekoizleen taldeko kide batek aurkezpen berezia eginen du.

Dog Manhattanen bizi den txakur bakarti bat da, eta egun batean robot bat egitea erabakiko du, bere laguna izan dadin. Haien arteko adiskidetasuna etengabe hasiko da, 1980ko hamarkadako New Yorkeko erritmoan eta banaezinak bihurtuko dira. Baina egun batean Dogek Robot hondartzan utzi beharko du. Robot Dreams filmaren sinopsia da. Ekoizpen nafarra duen animaziozko film bat da, eta nazioartean errekonozimendu handia jaso zuen; zinema jaialdi nagusietan izendapenak eta sariak jaso zituen, besteak beste, Animaziozko FIlm Onenaren Oscar sarietarako izendapena izan zuen eta lau Goya eta Gaudi bat irabazi ditu. Elkarrizketarik gabeko filma da.

Filmoteka Nafarroan programaren barruan Robot Dream filma Altsasun kusteko aukera izanen da, azaroaren 18an, astelehena, 19:00etan, Iortia kultur gunearen areto txikian. Gainera, ekoizpen taldeko kide batek aurkezpen berezia eginen du. Sarrerak euro batean eros daitezke Iortia kultur guneko webgunean eta txarteldegian.