Azaroaren 9an Nafarroako Gimnasia Erritmikoko Txapelketa jokatu zen Mendillorrin. Bertan oinarrizko banakako Espainiako Koparako sailkapena, eta taldekako Espainiako Txapelketarako sailkapena erabaki ziren.
Banakakoan, Iskiza Sakanako oinarrizko jubenil mailako bi gimnasta lehiatu ziren: Nagore Erdozia eta Ane Iturrioz. Biak sokarekin aritu ziren. Jubeniletan lehenengo bostek Espainiako Koparako sailkatzea lortzen zuten, eta Iskizako bi gimnastek kopako txartela eskuan dute, Ane Iturrioz hirugarren eta Nagore Erdozia laugarren izan zirelako. "Oso txapelketa berezia izan zen. Helburua bete baino gehiago egin genuen, orain arteko egindako lanaz disfrutatzeaz gain, Espainiako Koparako sailkapena lortu baikenuen" azaldu du Iskiza Sakanako koordinatzaile Olaia Agirrek. "Lanean jarraitzeko gogoekin bueltatu ginen, eta argi dugu: Espainiako Kopan gure mailarik altuena erakusteko helburuarekin segituko dugu lanean".
Bestalde, Irune Argüelles olaztiarra (Buztintxuri) jubenilen mailako txapelduna izan zen, Espainiako Koparako sailkatuz. Jubenilen lehenengo bost postuetatik hiru gimnasta sakandarrek lortu zituzten.
Nafarroa Arenan
Espainiako Banakako kopa eta Espainiako Taldekako Txapelketa Iruñeko Nafarroa Arenan jokatuko dira, abenduaren 10etik 15era. Iskizakoen txanda abenduaren 10ean izango da.