Astekaria

Erkudengo Amaren saririk bereziena

Erkuden Ruiz Barroso 2024ko aza. 20a, 12:15

Erkudengo Ama Abesbatza Musika eta Dantza eskolako dantzariekin lehiaketan. UTZITAKOA

Altsasuko Erkudengo Ama Abesbatzak Donejakue Bidea IV. Abesbatza Lehiaketan parte hartu zuen, Zizur Nagusian. Esperientzia "izugarria" izan zen, eta emaitzarekin "oso pozik" daude; inguruko herrietan ikuskizuna errepikatzeko prest daude

Lehiaketan parte hartzea esperientzia "izugarria" izan dela esan du Puri Altzelai Erkudengo Ama Abesbatzako kideak. "Oso gustura egon ginen, bai prestatzen ari ginen bitartean bai egunean bertan". Asko ikasi dutela gaineratu du; "horrelakoetan asko ikasten da". Altsasuko koroak Donejakue Bidea IV. Abesbatza Lehiaketan parte hartu zuen azaroaren 10ean, Zizur Nagusian, eta irabazi ez bazuen ere publikoaren txaloak eta erantzuna "sari bat" izan da. 

Hiru taldek parte hartu zuten Abesbatza Lehiaketan: Irungo Nayade Abesbatza, Alaitz Urkia Rodriguezen zuzendaritzapean; Agoizko San Miguel Abesbatza, Sergi Moreno-Lasallek zuzendutakoa, eta Erkudengo Ama, Inma Arroyo Goikoetxearen zuzendaritzapean. Zizur Zendeako Erreniega Abesbatzak antolatzen du lehiaketa, Zizur Nagusiko Udalarekin batera, eta Juan Carlos arduradunak Altsasuko koroak parte hartzeko "interes handia" zuela azaldu du Altzelaik: "Inmarekin kontaktuan jarri zen eta esan zion gustatuko litzaiekela asko abesbatzak parte hartzen bazuen". Zuzendarik abesbatzan proposatu zuen eta denon artean "baietz" erabaki zuten: "esperientzia polita izan zitekeen". 

Ikuskizuna
Lehiaketarako prestatzeko lehenengo urratsa errepertorioa aukeratzea izan zen. Oinarrietan agertzen zenaren arabera, ahotsen kalitatea, afinazia eta abar kontuan izango zuten, baita ikuskizuna ere. Gainera, Pelegria Naiziela kanta abestea derrigorrezkoa zen ere. Denejakue Bidearen inguruko lehiaketa zenez, kantak ere horren inguruan izan behar ziren. Hortaz, Erkudengo Ama Abesbatzak Aurreskua-rekin hasi zuen bere emanaldia, ondoren Pelegria Naiziela kantatu zuten, Lorenzo Ondarraren Oi Ama Euskal Herria abestiarekin jarraitu zuten, Cantares abestia egin zuten eta, amaitzeko, Agur Jesus, Maria eta Jose eta Hator, Hator kantatu zituzten. 

"Ikuskizun dotore bat egitea erabaki genuen". Horretarako zenbait artistaren laguntza izan zuten. "Alde batetik, Ainhoa Kintana akordeoilaria egon zen. Enrike Zelaia erretiratu zenetik gurekin jotzen du eta oso pozik gaude; oso ondo jotzen du eta eszenatokian egoten badaki". Berarekin lan egitea "gozemena" dela gaineratu du Altzelaik. Josetxo Lumbreras perkusionista izan zen beste gonbidatua, "betidanik" jo izan du abesbatzarekin. 

Altsasuko Musika eta Dantza Eskolako dantza ikasle talde batek ere lehiaketaren ikuskizunean parte hartu zuen: "Iñaki Agirre irakasleari proposatu genion eta berehala baietz esan zigun. Bikain portau ziren; denerako prest egon dira". Oso gustura egon zirela iritsi zaie abesbatzako kideei ere, "disfrutatu zuten eta bikain dantzatu ziren". Zoragarria izan zela gaineratu du Altzelaik. 

Agur Jesus, Maria eta Jose Altsasuko garai bateko gabeon kanta bat da. Enrike Zelaiak abesbatzak kantatzen duen bertsioaren konponketak egin zituen, Luisa San Roman altsasuarraren laguntzarekin, eta abesti honen balorerik handiena da herriko hizkeran idatzita dagoela. "Errekuperatzea lortu dugu; altxor txiki bat da". Altzelaik gogoratu duenez, bere aitonak kantatzen zuen. "Kanta hori berreskuratu nahi genuen eta txapelketarako oso aproposa zela pentsatu genuen". Hortaz, herriko beste pertsonaia "esanguratsu" bat ere erabiltzea pentsatu zuten: momotxorroa. "Momotxorroak eszenatokiko aldeetatik atera ziren eta Markel, Inmaren biloba, adarra jotzen jaitsi zen eta bere atzetik bestea". Orokorren, abesbatzaren tauleratzea "espektakularra" izan zen. "Oso eskertuta gaude gurekin parte hartu zuen jendearekin".  

Lehiaketan parte hartzea esperientzia "oso-oso polita" izan dela nabarmendu du Altzelaik. "Oso ondo sentitu gara, talde bezala lane gin dugu, oso elkartuta sentitu gara; denak batera": Ikusleek ere "eskertuta" agertu ziren, "bikain egin genuela esan zigute, txalo zaparrada ikaragarria izan zen". Koroarendako saririk "garrantzitsuena" izan da. Lehiaketa Nayadek irabazi zuen, "eapileek esan zuten oso zaila izan zela, baina lehentasuna ahotsen kalitateari eman zioten". Altsasuko abesbatza publikaren erantzuna "sari bat" izan dela nabarmendu du. 

Horren gustura gelditu ziren eta jendearen erantzuna "horren positiboa" izan denez, ikuskizuna berreskuratu eta "beste tokietan" errepikatu nahi dute, "interesa duen edonor gurekin harremanetan jar daiteke".