Astekaria

"Nire liburu guztiek itxaropen puntu bat dute"

Erkuden Ruiz Barroso 2024ko aza. 25a, 11:00

Mari Romero 'La raya del pantalón' liburuaren aurkezpen batean. UTZITAKOA

Mari Romero idazleak 'La raya del pantalón' eleberria aurkeztuko du azaroaren 26an, Iortia kultur gunean. Bere bosgarren lana da, eta emakumea eta familia dira gai nagusiak.

Duela ia hamar urte kaleratu zuen Mari Romero Fernandez Altsasun bizi izan zen eta herrian familia duen idazleak, eta dagoeneko bere bosgarren eleberria kaleratu du: La raya del pantalón. Extremaduran, jaioterrian, kokatu du nobelaren zati bat eta bestea Salamankan. Emakumeei buruzko liburua da, baita familiaren eta maitasunaren garrantzia nabarmentzen duena ere. Azaroaren 26an, asteartea, 18:00etan, Iortia kultur gunean aurkeztuko du.

Nondik dator 'La raya del pantalón?
Altsasun bizi izan nintzen hamar urteak erabatekoak izan ziren haurtzaroan eta bizitzan. Jende pila elkartzen ginen ganbararen etxean (La casa de la buhardilla bere lehenengo eleberria kokatzen den etxea), baina amona izan zen guretakoerabakigarria . Askotan kontatzen zizkigun istorio asko eta bere garaian emakumeei dena egitea tokatzen zitzaiela esaten zigun ere. Gerra zibila eta garai gogorrak pasatu zituen arren, berak etxetik kanpo lan egiten zuen ere; estraperloko kafea egiten zuen. Bilobei beti esaten zigun: "Ez pentsatu zuek gizonak baino gutxiago zaretela! Zuek gizon batek adina edo bi aldiz gehiago balio duzue!". Buruan dudan lehenengo feminista dela esan daiteke. Arratsalde batean Quintanan, Extremaduran, geunden eta bero handia egiten zuen, eta aitaren prakak lisatzen ari nintzen. Feria zen eta aitaren poemak irakurtzen zituzten eta dotore joatea gustatzen zitzaion. Han nengoela esaldi bat etorri zitzaidan burura: abuztuko arratsalde bero horretan aitak praketako marra galdu zuen. Legazpira etorri nintzen eta ideiari bueltak ematen hasi nintzen, garatu zen, eta azkenean hitzez hitz eta orrialdez orrialde liburu bat bihurtu zen: La raya del pantalón.

Memoriak garrantzia handi du zure lanetan, ezta?
Bai. Ez dakit zergatik baina beti hartu dut nire nobelen gaiarako. La casa de la buhardilla-n migrazioa nola etorri zen lantzen dut, El pintor de sonrisas gerra zibila, eta ¿Por qué no nos dejáis entrar? Mediterraneo itsasoan bizitza galtzen duten guztiei omenaldi bat da. Etxetorre Goikoa-n desagertuak eta homosexualitatea lantzen dut ere; gai horretan asko aurreratu den arren, oraindik badaude bikote homosexualak denetarik entzun behar dutenak. Azken honetan emakumea da gaia, baita nobelan hiru pertsonaia agertzen dira, ez direla protagonistak, baina momentu batean paper oso garrantzitsua dute istorioaren garapenerako. Paulito, tío Amaro eta Marcos desgaitasun bat duten pertsonak dira, eta garrantzia eman nahi izan diet. Nire liburu guztiek ere itxaropen puntu bat dute. Benetan sinesten dut, amestu nahi dut, gauzak azkenean konponduko direla.

Beraz, gai nagusia emakumea da.
Gai asko daude. Nobelan emakume ausartak agertzen dira. Istorioa bi toki nagusietan gertatzen da. Lehenengoa Extremadura herri bat da, existitzen ez den izen bat jarri diot, baina nire herria izan zitekeen; paisaiak eta deskribapenak hortik hartu ditut. Nobela fikzioa da eta pertsonaia guztiak asmatutakoak dira, baina batzuetan idazten ari naizenean nire behatzetatik esperientziak pasatzen dira eta horrela doa. Ezin dut bat-batean nire pentsamendu edo ideologia baztertu. Bigarren tokia Salamanka da. Lehenengoz joan nintzenetik bihotza irabazi zidan. Protagonista Lola da, eta haurtzaroan gertakizun oso gogorra gertatzen zaio eta sentimendu kontrajarriak ditu. Bizitza osoa errudun sentitzen da. Amak Salamankara bizitzera eramaten ditu bera eta anaia. Han saiatzen da gertutakoa ahazten, maitemintzen da, baina ezin da bera izan; badauka zerbait ez diona uzten zoriontsu izaten, eta herrira itzultzen da. Bere izeba Rosalia primerako emakumea da eta asko laguntzen dio. Batek esan zidan ez dela hain feminista gizona onak agertzen direlako ere; sinetsi nahi dut gizon onak txarrak baino gehiago direla. Familiaren garrantzia aipatzen dut ere. Agian nik horrela bizi izan dudalako, niretzat familiak garrantzia handia dauka; Altsasuko familia izugarria da eta askotan joaten naiz.

Nola idazten duzu? 
Edozein liburu idazteko abiapuntu txiki bat daukat. Idazten hasten naizenean ideia bat daukat eta beste leku batera eramaten nau, eta handik beste leku batera. Zailena da kapituluak ordenatzea. Nahi gabe ere bizipenak sartzen dira; ezagutzen nautenek irakurtzen dutenean topatzen dituzte. Esaterako, Lola pertsonaiarekin Masi lehengusinak esan zidan: ai, mi niña Lola. Bere aita gazte hil zen, eta hori abesten zion eta esan zidan ea horregatik jarri nuen. Nobela fikzioa da, baina badira gauzak. Literaturari garrantzia handia ematen diot. Esaera asko Etxemadurakoak dira; errealismo magiko extremeñoaren barruan dago.

Estiloa aldatu da?

"Estilo propioa mantetzen dut, eta gaiak auzi galduak izaten jarraitzen dute"

Nire estilo propioa mantentzen dut. Baina ideiak garatzeko edo literaturan mailan denborarekin hobetzen ari naizela uste dut. Baina gaiak auzi galduak izaten jarraitzen dutela esan zidan iloba batek; ez dut uste galdutakoak direnik. Aldarrikatzekoak dira.

Duela hamar urte bost liburu kaleratzea espero zenuen?
Ezta pentsatu ere. Lehenengoa momentu berezi batean idatzi nuen, ganbarako etxeko izeba hil zenean. Pentsatu nuen momenturen batean familiaren bizitza kontatu behar nuela. Argitaratu eta Altsasun aurkeztu ondoren etxea bota zuten. Pentsatu nahi dut zain egon zirela; bota zuten, baina etxea liburuan gordeta geldituko da da.