Makina bat larrialdi zerbitzutako langile izan dira Goi Mailetako Depresio Isolatuak Valentzia jo ondoren.
Suhiltzaileak zuen ekimenez edo gobernuak bidalita joan zarete Valentziara?
Tanta hotzaren ondoren beharra ikusi zen. Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Suhiltzaileak erakundeak erabaki zuten laguntza bidali behar zela. Valentziako Generalitateari laguntza eskaintza bidali zioten eta hark baimena emandakoan hasi ziren hemengo suhiltzaileen lantaldeak hara joaten. Ni azken lantaldean joan nintzen. Aurretik sei bat lantalde egon ziren. Bakoitza 30 edo 32 kidez osatuta. Patxi Calleiras eta Ander Vinagre suhiltzaile altsasuarrak ere han egon dira, oker ez banago azaroaren 8tik 11ra arte egon zen lantaldeko partaide ziren. Gure lan ordutatik kanpo egon gara Valentzian.
Zuen lan txandak desberdinak dira.
Guk berez 24 ordu jarraian egiten dugu lan. Berez, bi egun dira, zeren 08:00etan sartzen gara eta hurrengo eguneko 08:00etan ateratzen gara. Eta hiru egunetara berriro lanera joaten gara. Gure ordutegiak Nafarroako funtzionarioen ordu kopuru bera du, baina beste modu batez antolatuta. Hiru egun horietako tartean egon gara Valentzian.
Bidaia zerbait eramateko baliatu zenuen?
Lehen lantaldeak hamasei ibilgailu eraman zituen, eta azken lantaldekook denak bueltan ekarri genituen igandean. Eraman ziren lur orotariko ibilgailuak eta baso suteetan erabiltzen diren kamioiak. Azken horiek dituzte ur punpak eta zurgaketak egiteko motoponpak dituzte. Ura ateratzeko material ugari eraman zen ere. Nafarroako Suhiltzaileetan aritzen diren medikua eta erizaina ere lantalde bakoitzarekin joan ziren, zauriren bat egiten bagenuen gu zaintzeko.
Zein lanetan ibili zineten?
Gure lantaldea azkena zen. Ordurako lurpeko pasak nahikoa drainatuak zeuden, eta, gutxi gorabehera, autoak tuneletatik aterata zeuden. Gu garajeetatik lokatza eta ura ateratzen ibili ginen, baita autoak ere garajeak garbitu ahal izateko. Kaleak garbitzen eta karriketako estolderiatik ura atera eta garbitzen ere ibili ginen, han lokatza, ura eta kaka pilatzen baitzen. Estolderia pixka bat garbi izan behar dute, bestela bizilagunek ezin dute bizi normala egin. Gainera, han euri urak eta etxeetako ur beltzak sare bakarrean elkartzen dira. Dena lokaztean, hodiko edukiak atzerantz egiten du eta etxeetan sartzen da. Lan asko dago han egiteko.
Non egon zineten?
Nafarroako Suhiltzaileei Catarroja herria egokitu zitzaigun. Sektoreka antolatuta zegoen eta guri bat eman ziguten eta han lan egin genuen. Gurekin beti bi ofizialorde egoten ziren eta lauzpabosteko taldetan banatuta lan egiten zuten. 07:15ean hasten ginen lanean. Gaueko txanda ere bazegoen eta buxadurak kentzeko enpresen drainatzeko edo ura ateratzeko kamioi handi bat gure kamioiekin laguntzen genuen.
Hondamendia bertatik bertara ikustea beste zerbait izanen da, ezta?
Bai. Hedabideetan ikusten duzunak ideia bat ematen dizu. Baina han zaudela konturatzen zara askoz ere bortitzagoa dela. Ikaragarria da. Tsunami ikaragarri bat pasa da handik. Suntsipen ikaragarria ikusten duzu.
Zer sentitu da horrelako bat ikustean?
Han bizi den jendearen azalean jartzen zara eta pentsatzen duzu: “a zer egoera jasan behar duten!” Normaltasunera bueltatzeko denbora pila pasa beharko dute. Gauza materialak galdu dituztenak, gaitz erdi. Han asko galdu da, askoz larriagoa dena. Oso sentipen arraroa da. Bizi arte ezin duzu irudikatu. Eta pasatakoan bizi izan dugu guk. Gertatu zen unea bizitzea ikaragarria izan behar du.
Herritarrek zer esan zizuten?
Eskerrak, eskerrak eta eskerrak ematen zizkiguten. Hitz egiteko beharra zeukaten urduritasuna askatzeko. Amorrua-eta adierazten zuten, politikoak direla eta ez direla.
Zerbaitek harritu zaitu?
Egoera harritzekoa da, bai. Ikusten duzu albufera bat dela, historian zehar han, gehienbat, nekazarien bordak eraiki izan dira. Azken urtetan asko eraiki da bertan. Tanta hotzak hainbat urtetan gertatu dira. Baina gaur egun hamahiru udalerritan 800.000 bat pertsona bizi dira. Orain jende asko bizi delako egoera askoz ere larriagoa da.
Lan handia dago egiteko?
Ez dakit kalkuluak egiten, baina normaltasunera bueltatzeko hilabeteak edo urteak beharko dira.
Berriro bueltatuko zarete?
Norberaren izenean izanen litzateke. Nafarroako Suhiltzaileak larrialdi zerbitzua da, eta larrialdia, hein batean, pasa da. Larrialdiarena pixka bat ziurtatuta dago. Beharra badute bueltatzeko aukera hor dago. Orain han egin behar den lan guztia espezializatutako enpresek egin behar dute. Hango jendearen ekonomia egoera politikarien lana izan beharko litzateke. Baina hori nola gauzatuko den ez dakit.