Astekaria

"Oldarraldia modan dago, baina aspaldikoa da"

Alfredo Alvaro Igoa 2024ko aza. 26a, 09:30

Nerea, Maialen eta Edurne Altsasuko hitzordurako deialdia egiten.

Maialen Pelaez, Nerea Mazkiaran eta Edurne Somocurcio EHEko kideak dira. 'Herri libre bat, euskaratik eta euskaraz' aldarria zabaltzeko hitzorduak zehaztuta ditu Euskal Herrian Euskaraz eragile euskaltzaleak.

Euskal Herrian Euskarazek (EHE) euskararen errepublika aldarrikapena zabalduko du hainbat herritan hurrengo astetan

Euskararen gaur egungo egoeraren zein irakurketa egiten du EHEk?
Maialen. Duela urte batzuk baino hobe, baina egiteko asko dago. Gobernuak gauzak egiten ari dira, batez ere Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), baina oso poliki. EAEn pausoak bai, baina ez dira egunerokotasunean esaten ari direnak. Eraso pila bat daude. Nafarroan oraindik herrialdea hiru zatitan banatuta dugu. Eta Iparralden ba... 

Kristalezko sabaia du euskarak?
M. Bai. Nabarmena da euskarak etsaiak dituela eta euskaldunok zapalkuntza bat sufritzen dugula. Euskararen kontrako oldarraldia orain modan dago, baina aspaldi sufritzen ari gara. Urte pila daramagu bizirauten, Euskal Herri euskaldun bat lortzeko aurrera egin nahian, baina, egia da ezin dugula. Sabai hori hor dago. Euskararen etsaiei ez zaie interesatzen guk euskaraz bizitzea. Arazoak genituen eta orain gehiago heldu dira oldarraldiarekin. 

Oldarraldia, zertaz ari zarete?
M. Lehendik zapalduta geunden, urte pila daramagu bizirauten, aurrera egin eta Euskal Herri euskaldun bat lortzeko. Oldarraldia ez da auzi berri bat. Oraingo berritasuna da onartutzat eta euskararen alde lortuta geneuzkan gauza batzuk atzera botatzen ari direla, zalantzan jartzen ari direla edo atzera pausoak ematea planteatzen ari direla. Zapalkuntza hori ez da ausazkoa, Espainia eta Frantziako estatuak, eta haien eskutik hainbat alderdi, sindikatu eta hedabide, beraien asimilazio prozesua egin nahian dabiltza, lortu duguna atzera bota nahian. Oldarraldiaren aurrean koldarraldia ematen ari da. Epaitegietatik etortzen denaren aurrean eragile euskaltzaleak esaten ari dira ez dutela gatazkarik sortu nahi. Beraz, ez dute lanpostua euskara eskakizunarekin aterako. Hor arrisku bat dago: lanpostuetan lortutako euskara eskakizunak, gatazka ez sortzeagatik ez eskatzea. Izugarrizko atzerapausoa litzateke. 

Horren aurrean zer?
M. Harroaldia. Euskararen alde borrokatzea, indartzea.
Edurne. Euskaltzaleak saretzea. Nahiz eta pauso txikiak izan, edo auzoan, herrian edo ingurukoekin izan, euskara sustatzen duen hori guztia aurrera eraman, euskaldun izatearen harrotasunetik. 
Nerea. Eta jendea mobilizatzea. 

Jendartean kontzientziarik bada?
M. Hori landu behar da. Ekintzekin, tokian tokiko borrokak piztuz eta jendea mugituz lortuko dugu Euskal Herri euskalduna. 
E. Nik sentitzen dut batzuetan beste borroka batzuk borrokatzen ditugula, eta ahazten dugu zein hizkuntzatan borrokatu behar dugun. Lan duinaren aldeko borroka zergatik egiten dugu erdaraz? Edo zergatik komunikatzen gara gu erdaraz halako esparruetan? Hor bigarren edo hirugarren plano batean uzten dugu euskara. Jende horri galdetuz gero euskalduna dela esanen dizu. Jende oso gutxik dauka lehen hitza euskaraz esateko kontzientzia, gehienak hezkuntzan edo hizkuntza eskubideen aldeko taldeetan gaudenak gara. 

Zergatik euskararen errepublika?
M. Benetan euskaraz biziko garen Euskal Herri hori lortzeko bidea hori dela uste dugu: euskararen errepublika. Horretarako independentzia behar beharrezkoa da. 

Nola eginen duzue hori?
E. Abenduaren 7an, 18:00etan, Durangon nazio manifestazioa deitu dugu euskaraz bizitzeko, euskararen errepublika lelopean. Haren aurkezpena egiteko, bere kasua azaldu eta kontzientzia hori sortzeko Gorka Torre etorriko da Altsasura azaroaren 27an, 19:00etan, Gure Etxea eraikineko lehen solairuan. 

Zein da Gorka Torre?
N. Baionako EHEko kidea da eta irailaren 10ean epaitu eta 3.268 euroko isuna jarri zioten. Iparraldeko ikasleei Baxoa proba euskaraz egiteko aukera ez dietela salatzeko pintaketa egiteagatik eta euskara zapaltzen dutenean Unesco mutu egoten dela salatzeko ekintza bategatik. Gainera, epaiketan Torreri ez zioten euskaraz deklaratzen utzi. Bere kasua kontatzen ari da, eta isuna ordaintzeko dirua biltzen.