Astekaria

Gizonezkoei erantzukizuna hartzeko deia

Guaixe 2024ko aza. 25a, 12:15

Mugimendu feministako kideak deialdia egiten. @M8EUSKALHERRIA

Indarkeria matxistaren modu guztiei aurre egiteko eta kaleak hartzeko beharra azpimarratu ditu Euskal Herriko mugimendu feministak, eta ibarrean, astelehenerako, bost deialdi egin ditu.

Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko Nazioarteko Eguna dela eta, mobilizatzeko deialdia egin du Euskal Herriko Mugimendu Feministak. Manifestazio eta elkarretaratzeak Ez bazara konponbidea, arazoa zara lelopean eginen dira. Haren bidez aldarrikatuko dute denek, bereziki gizonezkoak, ardurak hartzeko garaia dela.

Euskal Herrian bost emakumezko erail dituztela gaztigatu dute. Mugimendu feministako kideek azpimarratu dutenez, "egunerokoan erabat normalizatuta dauzkagu erasoak, bortxaketak, beldurra, erailketak..." Indarkeria matxistak forma ugari izan arren, "erro bakarra du, eta, gainera, gero eta gehiago ari da hedatzen: sistema heteropatriarkal, kapitalista eta kolonial honek forma berriak hartzen ditu bizirauten jarraitzeko". Gaineratu dutenez, "sexu indarkeriaren gorakada kezkagarria, indarkeria ekonomikoa, mugak eta irregularizazio egoerak, gorroto diskurtsoen gorakada, estigma soziala, komunikabideetan egiten den indarkeria matxista kasuen trataera bortitza, zaintzen banaketa desorekatua, sare sozialetako misoginia eta jazarpen anonimoa ez dira kasu isolatuak eta emakumeen osasun fisiko eta psikologikoan ondorio larriak dituen egiturazko indarkeria baten parte dira", azpimarratu dute.

Gizonezkoei deia
Feministek deialdia egiterakoan azaldu dutenez, "gizon gehienek oraindik ez dute konpromisorik hartu konplizitatea, justifikazioa eta indarkeria matxista desagerrarazteko eta salatzeko". Horregatik, manifestazioko leloa haiei zuzenduta dago. Zenbait adibide ere eman dituzte: "arazoa zarete eraso bat jasaten dugunean gure hitza zalantzan jartzen duzuenak; arazoa zarete lagunartean txisteak eta iruzkinak mozten ez dituzuenean; arazoa zarete erasoren bat jasan dugunean justifikatzen eta errua guregan jartzen duzuenean; arazoa zarete erasoa seinalatu bai baina zuen joerak zuzentzen ez dituzuenean; arazoa zarete feministok urteetan salatzen gabiltzan indarkeriaren aurrean erantzukizunik hartzen ez duzuenean".

Mugimenduko kideek erakundeei inbertsioak eta prebentzio programak eskatu dizkiete hezkuntzan inbertsioa, hainbat esparru anitzetako profesionalendako prestakuntza, erasotuak direnendako baliabide erreal eta efektiboak. Azpimarratu dutenez, "ez dugu polizia gehiago behar segurtasunaren izenean, ez dugu kontrolean inbertsiorik nahi". Aldi berean, hedabideek indarkeriaren erreprodukzioan "funtsezko" egitekoa dutela gaineratu dute. Horren adibideak ere eman dituzte: "errua biktimarengan jartzea eta kasu bakoitzean xehetasun morbosoak azaleratzea".

Azkenik, sare sozialez ere ohartarazi dute: "babesteko izan daitezkeen arren, mezu faltsuak azkar zabaltzeko, iraintzeko edo gorputzen gaineko kontrolerako bide ere badira". Gaztigatu dutenez, "indarkeria forma berriak hartzen ari da espazio birtualean eta gune horietan ere autodefentsarako tresnak birpentsatu beharko ditugu". Bukatzeko eraikitzen jarraitzeko deia egin dute: "gizonak euren pribilegioak arriskuan ikusten dituzte eta jarrera geroz eta oldarkorragoak hartzen ari dira. Horregatik, antolakuntza eta militantzia feminista ezinbestekoak dira".