Zelandiko tenis pista ezin izan da erabili urriaren hasieratik, haize bolada gogorrek pista inguratzen duen hesituran kalteak sortu zituenetik. Kalean dauden tenis pista gehienetan egiten den bezala, erabiltzaileek haizea geratzeko bi sare edo gailu jarri zituzten itxituran, bi “paraviento” delakoak, bestela haizea dagoenean ezin baita jokatu, baina Altsasuko Ferien aurretiko haizeteak bela efektua egin zuen, eta hegoaldekoa apurtzeaz gain, itxiturako zutabeetako bat makurtu zuen.
Ordutik tenis pista itxita egon da, tenislarien kalterako. Tenis Rubor tenis klubak Altsasuko Institutuan ematen ditu klaseak –aurten 40 neska-mutil eta 17 heldu baino gehiago ari dira trebatzen–, eta alde horretatik trebakuntza ez da eten, baina bere kabuz tenislari asko Zelandira joaten dira jokatzera eta bertan jokatzen da ere Tenis Ruborrek antolatzen duen Tenis Rankinga. Jakina, hori guztia bertan behera geratu da urriaren hasieratik.
Altsasuko alkate Javier Ollok ziurtatu duenez, aste honetan bertan egingo dira lanak. “Haizeteak bela efektua egin zuen haizea geratzeko jarri zituzten bi sare edo gailuetan, hesia apurtuz. Hori da konpondu beharrekoa, eta 2.989 euroko konponketa da. Onartuta dago, eta enpresak azaroaren azken astean egingo ditu lanak” azaldu du Ollok.