Sunsundeguiko enpresa batzordean gehiengoa duten CCOOk, LABek eta ELAk idatzi baten bidez jakinarazi dute mobilizatzea erabaki dutela. Lau helbururekin aterako dira kalera hiru sindikatuak. Alde batetik, "2009an hasiko den ikerketa eta ardurak argi gelditzea nahi dugu. Gure enpresa nola kudeatu den eta dirua nora joan den jakin nahi dugu. Zuzendaritzaren soldatak publiko egitea eta haien ondarea ikertzea eskatzen dugu".
Hiru sindikatuek enpresarendako industria plana exijitu dute. "Sunsundegui merkatua duen enpresa da eta hartan interesa dutenen berri badugu. Ahal den neurrian, lantegia eraldatu eta produktua errentagarria bihurtzeko gaitasuna duen industria proiektu baten alde egi behar da", azpimarratu dute. Nafarroako Gobernuak "eraldaketa horretan lagundu" behar duela uste dute: "uste dugu Nafarroako Gobernuaren egitekoa dela diru publikoaren kontrola bermatzea eta dirua ekoizpenaren hobekuntzara bideratuta egotea, eta ez inbertitzaileen dibidenduetara".
Azkenik, CCOOk, LABek eta ELAk adierazi dute Sunsundegui "krisian dagoen enpresa bat izatetik enpresa estrategiko bat izatera pasa behar duela, eskualdean kalitatezko enplegua sortuko duena".
Kudeaketa txarra
Hiru sindikatuen iritziz Sunsundeguiko langileek enpresaren kudeaketa txarraren ondorioak pairatu ditugu urtetan. "Zuzendaritzak 2009tik indarrean jarri zituen neurri guztiak pairatu ditu plantillak: soldata murrizketa, kaleratzeak, aldi baterako lan erregularizazio espedienteak, aldi baterako lan enpresak, prekarietatea eta abar". Egoera bera enpresa hornitzaileek eta haien langileek ere bizi izan dutela gaineratu dute.
CCOOk, LABek eta ELAk nabarmendu dutenez, "Sodenaren eta gainerako finantza erakundeen finantzazioaren faktura langileok ordaindu dugu. Prezio altua, helburua izan duena enplegua eta gure herria bizi eta lan egiteko eskubidea".
Sindikatuek adierazi dutenez, "2013an Nafarroako Gobernuak Sunsundegui utzi zuen 34,9 milioi euroko faktura batekin. Orduan sortutako enpresa ereduak porrot egin duela ikusi hilabete hauetan. Plantillaren eta enpresa hornitzaileen enplegua arriskuan dago, bitartean hamarkada bat pasa krisian daraman enpresaren errealitatearekin bat ez datozen soldata handiak kobratu diru Jose Ignacio Murillok".