Bizitza bat saskibaloiari emana. Fermin Herrero Palomo altsasuarrak 57 urte ditu, eta horietatik 36 eman ditu Altsasuko saskibaloi taldean. "14 urte nituenean hasi nintzen saskibaloi taldean jokatzen. Orduan Altsasu Kirol Elkartearen barruan zegoen taldea. Aldi berean, 17-18 urte nituela txikien taldeak entrenatzen hasi nintzen" gogoan du Herrerok. Gaur egun impassean dago; 36 urtetan lehendabiziko aldiz ez du talderik entrenatuko, amaren zaintzan laguntzeko, "baina hau geldialdi bat da, ez dut saskibaloia behin betiko utzi. Ez dut aterik itxi, argi esan nion CBASK-eko (Club Baloncesto Altsasu Saskibaloi Kluba) koordinatzaile Iosu Mendiolari".
Bitartean, Herrerok merezitako aitortza jaso zuen azaroaren 27an Iruñeko Jauregiko Tronoaren gelan, Nafarroako Gobernuaren Kirol Merituaren Zilarrezko Domina, "35 urte baino gehiagotan Altsasun saskibaloia sustatzeagatik, entrenatzaile eta juntako kide gisa, eta baita Nafarroako Saskibaloi Federazioko selekzio batean entrenatzaile izateagatik". Fermin Herrero "eskertuta eta oso pozik" dago aitortzarekin.
"14 urte nituenean hasi nintzen saskibaloian, Altsasu Kirol Elkartean"
Herrero jokalariaren hasierak
Altsasuko saskibaloiko historian aski ezaguna den Gonzalo Rueda bizilagun zuen Fermin Herrerok, eta berak animatuta sartu zen saskibaloian, 14 urte zituela, jokalari. "Orduan urte horiekin hasten zen saskibaloian, kadete mailan. Gogoan dut kadete eta junior mailatan Zelandik Mojen kontra jokatzen zuela, Iruñeko taldeen kontra... Gehienetan kalean jokatzen genuen, pistetan. Ez zegoen autobusik, gurasoek eramaten gintuzten partidetara. Juniorretan Pablo Villarrealekin eta Aristizabal anaiekin jokatzen nuen, besteak beste". Altsasu Kirol Elkartearen barruan zegoen taldea. "Kirol Patronatuak antolatzen zituen Altsasuko kirol eskolak, Mari Carmen Goikoetxeak. Kirol ezberdinen taldeak sortu, eta entrenatzen genuen". Denborak aurrera egin ahala, senior mailako Altsasu taldean jokatu zuen. "Gazteak eta zenbait beterano geunden. Pablo Colinaz asko oroitzen naiz, bera ere bizilaguna nuelako, Gonzalo Rueda bezala".
Burundatik Zelandira
Senior mailan etxeko partidak Burunda pilotalekuan jokatzen zituen Altsasuk. Saskibaloi zelaia margotuta zegoen Burundako zoruan, eta saskiak muntatu eta desmuntatzen ziren, beharren arabera. "Desmuntatzerakoan garaiko jarlekuetan, zurezko bankuetan kokatzen genituen saskiak, kontrapisuak kendu ondoren. Sekulako lana zen". Denborarekin Zelandi egokitu zen. "Saskiak jarri ziren, baina ez zuen 24ko erlojurik, ezta markagailurik ere. Guk denbora markagailua eta tanteo markagailua exijitzen ziguten kategori batean jokatzen genuen, baina Zelandik ez zituen beharrezko prestazioak, 1990. urtean kiroldegia zabaldu eta obra egin arte. Altsasu Kirol Elkartea ginela mustu genituen Zelandi kiroldegiko lanak, urte hasieran". Uda horretan bertan, 1990. urtean, Altsasu Kirol Elkartetik atera, eta CBASK kluba sortu zen, Club Baloncesto Alsasua-Altsasu Saskibaloi Kluba.
"Harrobia lantzea ezinbestekoa da. 17-18 urterekin hasi nintzen txikiak entrenatzen"
Hirugarren maila eta beste
1994/1995 denboraldian erregional mailako liga irabazi zuen Arfe-Altsasuk, Fermin Herrero jokalaria zela, eta orduko hirugarren mailara igo zen. "Igoera sekulakoa izan zen. Gaur egun hirugarren maila ez da existitzen, orduko hirugarren maila gaur egungo bigarren maila litzateke, baina egungoa baino potenteago, egun Nafarroa eta Errioxako taldeek jokatzen dutelako, baina orduko hirugarren mailan egungo Euskal Liga modukoa zen: Araba, Gipuzkoa, Bizkaia eta Errioxako taldeek jokatzen genuen". Talde majoa zen Altsasukoa, baina kategoria berrian aritzeko ez zen nahikoa. "Iruñeko jendea ekartzen hasi ziren, Urtasun anaia bikien aita, Samanes, Etxalar, Goikoetxea, Ibarrola... eta beste. Altsasuarrek minutu gutxi jokatzen genituen, egia esan, eta batzuk taldea uzten hasi ziren. Kategoria gogorra zen, asko sufritu genuen". Hirugarren mailatik bigarrenera igo zen Altsasu, Enrique Vilasekin, eta ondoren bigarren mailatik EBA Ligako lehen B mailara, beste proiektu batekin. "Orduko bigarren maila zen, baina maila oso handia zuen. Ordurako, babesleak zirela eta, taldea Iruñera eramana zuten, eta ez zuen Altsasu izena, Señorio Zuasti baizik, golf kluba babesle nagusia baitzen. Juan Jose Marin zenak, Juanjo Urdiainek... jokatu zuten bertan. Bitarte horretan, Altsasuren estela edo plaza nolabait galdu zen, eta Altsasun zerotik hastea erabaki zen, erregional mailatik" gogoan du Herrerok.
Fermin Herrero Palomok lesioagatik utzi zion saskibaloi jokalari izateari. "33 edo 34 urte nituela utzi nuen, maleolo haustura izan eta gero". One man club edo klub bateko kirolaria izan da beti Herrero, Altsasukoa.
"CBASK-en sartu diren gazteak lan itzela egiten ari dira: kluba esku honetan dago"
CBASK klubaren sorrera
CBASK klubaren hastapenetan Jose Manuel Claver Berenguer, Ciriaco Herrero Palomo; Manuel Tajuelo Pradillo, Enrique Vilas Merida, Jose Maria Misiego Fernandez eta Fermin Herrero Palomo ibili ziren lanean. Hasieratik juntan aritu zen Herrero. "Lehen bi urteetan ez, baina hirugarrenean presidente izendatu ninduten eta 5 urtez aritu nintzen. Gero utzi nuen, baina aurrerago ere beste bost urtez izan nintzen presidente". Enrique Vilas zen koordinatzailea.
Ordurako erregional mailako taldearekin hasi zen zerotik lanean CBASK, eta atzetik zetorren harrobi guztiarekin. "Ordutik lanean hasi, eta gutxika gaur egun duguna lortu dugu: gizonezkoen bigarren maila autonomiko taldea, eta emakumezkoen lehen senior mailako taldea, gure bi talde gorenak. Taldeak etengabe berritzen dira, junior mailatik neska-mutil gazteak sartzen baitira, guztiak Sakanako jokalariak". Lorpen handia.
Herrero entrenatzailea
CBASK klubak harrobi indartsua du; entrenatzaileen lana ezinbestekoa da horretan. Fermin Herrero izan da entrenatzaileetako bat, 17-18 urte zituenetik. "Harrobia ez baduzu lantzen, egungo ogia, biharko gosea. Hala gertatu zen garaiko Altsasuko eskubaloi taldearekin. Talde ona zuen Altsasuk, baina ez zuten haurren talderik, eta eskubaloia desagertu zen, pena handia. Gazte ginenetik hasieratik esan ziguten, txikien talde bat hartu eta entrenatzeko, eta gaur egun ere hala egiten da". Helburua neska-mutilak saskibaloian trebatzea da. "Disfrutatu dezatela, hori da garrantzitsuena, eta oso argi izan dugu beti. Entrenatzeko gogoa izan dezatela, teknika eta taktika lantzeko gogoa; engantxatu daitezela".
"36 urte pasa eskaini dizkiot saskibaloiari, bokazioz. Aitortza jasotzea polita da"
Entrenatzaile bakoitzak txikien talde bat hartu eta hiru urtez egoten da lanean eurekin. Gero beste talde bat hartzen zuten. "Helburua taldeak entrenatzeko beste molde batzuk ezagutzea da, beste entrenatzaile baten jokatzeko ikuspegia barneratzea, bai erasotzeko garaian, edo defendatzerakoan". Tarteka hiru urteko egonaldia luzatu dute, talderen batekin konexioa edo lana oso emankorra denean.
Nafarroako selekzioko entrenatzaile
Aurten geldialdia egin du Herrerok, ama zaintzeko, baina orain arte urtero talde bat edo pare bat izan ditu. "Izugarri gustuko dut neska-mutilekin saskibaloian aritzea, baina lan handia da. Astero hiru entrenamendu, larunbateko partida eta gainontzeko partidetan arbitratu edo mahaian egon..." 2008an Nafarroako gizonezkoen kadeteen selekzioko bigarren entrenatzailea izan zen, Lizarrako Iñaki Cruz entrenatzailearen bigarrena. "Aurreko bi urteetan nire taldearekin Final Fourrera sailkatu ginen, infantilak zirenean eta kadeteetara pasa zirenean. Horregatik deitu ninduten federaziotik kadeteen taldea zuzentzeko. Gure taldekide Igor Martinez eta Xabi Igoa selekzioko kideak ziren. Polita izan zen, baina oso nekatuta bukatu nuen".
Herrerorendako handiena hasieran bere ilobak, eta gero Jorge eta Marina seme-alabak entrenatzea izan da. "Seme-alabak txikiak zirenetik ekartzen nituen nire taldeen entrenamenduetara. Horregatik hasi ziren biak saskibaloian. Marinak kadete maila bukatzerakoan utzi zuen saskibaloia, orduan junior mailako taldea ez zegoelako. Jorgek, aldiz, aurrera jarraitu zuen eta egun Agurain taldean jokatzen du, Euskal Ligako bigarren mailan. "Joan zen urtean igo ziren eta talde polita dute, ongi ari dira".
CBASK, esku onetan
Emakumeen kadete taldea entrenatu zuenean Marina alaba Ferminen laguntzailea izan zen. Kategoria berria sortu zuen eurekin: juniorren lehen maila. "Talde ederra zen. Emakumezkoekin gustura aritzen naiz. Diziplina handiagoa dute, konstanteak dira eta langileagoak dira". Egungo emakumezkoen lehen seniorren taldeko jokalari gehienak bere eskuetatik pasa zirenak dira, juniorren talde hura. "Iosu Mendiolak nesken senior taldea sortzeko ahalegina egin zuen, eta hor daude, lehen mailan. Izugarri pozten nau". Bestalde, 2017/2018 denboraldian Herrerok entrenatzen zuen gizonen lehen erregionalak liga irabazi zuen eta bigarren maila autonomikora igo zen. "Jokatutako 25 partidetatik soilik bat galdu genuen. Ikusgarria".
Belaunaldi aldaketa eman da CBASK-en, Vilas, Ruedak eta lehengoek taldea utzi eta gazteek, Iosu Mendiola koordinatzaileak eta egungo juntak, klubaren ardura hartu dutelako. "Lan itzela ari dira egiten; kluba esku onetan dago".
Oso eskertuta
Altsasuko saskibaloiari lotutako Enrique Vilasek eta Jose Maria Misiegok Nafarroako Gobernuaren Zilarrezko Domina jasoa zuten aurretik, eta azaroaren 27an Fermin Herrerok berea jaso zuen, Maria Chivite presidentearen eskuetatik eta emaztea eta semea alboan zituela. Alabak ezin izan zuen egon, lan kontuengatik. Merezitako aitortza, zalantzarik gabe.
LABURREAN
"Ezin nuen sinetsi ere egin"
Fermin Herrero Palomo CBASK
Kirol Merituaren Zilarrezko Domina jasotzea espero al zenuen?
Ez nuen inondik inora espero. Nafarroako Gobernutik deitu zidatenean lanean nengoen Cementos Portland-en. Hasieran pentsatu nuen Errenta Aitorpeneko konturen bat izango zela, baina saskibaloian nire 35 urte baino gehiagoko ibilbidea aitortzeko domina emango zidatela esan zidatenean, zur eta lur geratu nintzen.
Poztekoa izango da.
Zalantzarik gabe. Oso pozik nago. Pentsatzen dut nire entrenatzaile lanaz gain, CBASK klubeko zuzendaritzan egindako lana ere aitortu nahi didatela, eta baita Nafarroako selekzioan aritutako urte hura. Lan hau bokazioz egiten dugu, borondatez, baina polita da norbaitek aitortza egitea. CBASK-etik proposatuko zuten nire izena, eta horregatik Xabier Ramirez de Alda presidenteari eskerrak eman nizkion, lantalde eta juntakide guztiei luzatzeko.
Senitartekoak ezinbestekoak izango dira zuek zuen zaletasunean aritu ahal izateko.
Jakina! Domina emazteari eman beharko liokete niri eman beharrean.