XI. Mariano Izeta Bertso Sariketa jokatu zen azaroaren 23an, larunbatean, Baztanen. Guztira, hamabi bertsolari gaztek parte hartu zuten, Elizondon eta Erratzun jokatutako kanporaketetan: Ainara Ieregi Aranburu, Beñat Astiz Isasi, Eki Mateorena Zozaia, Endika Legarra Nuin, Julen Bernaldo de Quiros Royo eta Idoia Granizo Uribarrena altsasuarra, Elizondoko Intza tabernan, eta Ekhiñe Zapiain Arlegi, Etxahun Azkarraga Fernandez, Josu Txoperena Iribarren, Kattin Madariaga Apaolaza, Mikel Lasarte Cia eta Ekain Alegre Gil altsasuarra, Erratzuko Zubi-Punta tabernan. Sei bertsolari sailkatu ziren Elizondon jokatutako finalera, hiru kanporaketa bakoitzean, eta horien artean Alegrek jantzi zuen txapela. Bertso onenaren saria Beñat Astizek irabazi zuen.
Beñat Astiz, Endika Legarra eta Idoia Granizo eta Ekain Alegre, Ekhiñe Zapiain eta Mikel Lasarte bertsolariak izan ziren Izeta Sariketako finalistak. Elizondoko Kortaixar jatetxean jokatu zen, 50 bertsozaleren aurrean. Zigor Gartzia Zian gai jartzaile izan zen, eta bost epaile izan zituen: Amaia Telletxea, Nerea Bruño, Patxi Barberena, Joseba Beltza etxarriarra eta Julen Zelaieta. 328,5 punturekin Ekain Alegrek jantzi zuen txapela; haren ostean sailkatu ziren Ekhiñe Zapiain (328), Mikel Lasarte (314), Beñat Astiz (300,5), Idoia Granizo (294,5) eta Endika Legarra (284,5). Beñat Astizek jaso zuen bertso onenaren saria, hamarreko txikiko bigarren bertsoagatik.
Bi sariak, txapela eta bertso onenarena, Ines Izetak Mariano Izeta zenaren alabak banatu zituen.
Izeta Sariketa
Nafarroako Bertsozale Elkarteak eta Baztango Udalak antolatu du Izeta Sariketa, Mariano Izeta bertsozale eta euskaltzale baztandarraren omenez eta bertsolaritzaren alde egindako lana eskertzen. Sariketa 2004. urtean egin zen lehenengo aldiz, eta helburu nagusia Nafarroako bertsolari gazte eta hasiberriei kantatzeko aukera ematea da. Bi urtetik behin antolatzen da, eta aurten hamaikagarren edizioa izan da.