Astekaria

Inposizioari, kolorea eta bizia

Erkuden Ruiz Barroso 2024ko abe. 9a, 12:01

'Artezki' erakusketa Iortia kultur gunean.

Duela 21 urte Artozkin "erresistentziak" iraun zuen bitartean, elizan 'Artezki' erakusketa egin zuten. Desagertutzat eman ondoren, aurreko urtean hainbat artelan agertu ziren, "aitzaki ona" gertatutakoa oroitzeko; egunotan erakusketa Iortian dago.

2023an Itoizko urtegia eraikitzeko Itoiz, Artozki eta beste herri batzuen hustearen eta herri horietan urtegia ez eraikitzeko egindako erresistentziaren 20. urteurrena "ospatu" zuten, "ospatu, kakotxen artean", Pello Lusarreta Solidari@s con Itoiz taldeko kideak azaldu duen bezala. Urtemugaren testuinguru horretan Artezki erakusketa mustu zuten Agoizko kultur etxean, eta orain "hainbat tokitan" jartzen ari dira. Sakanara azaroaren 18an iritsi zen, Iortia kultur gunera, hain zuzen. Abenduaren 10era arte egonen da ikusgai.

"Hitz joko bat da: Artozki eta Artezki. Artozkiko erresistentziatik sortutako ekimen bat izan zen. Artista orori proposamen bat luzatzen zitzaion: artelan bat ematea". Garai horretan, jarraitu du Lusarretak, erresistentziatik espazio "bizi bat" antolatu zuten bi helbururekin: "erresistentzia sustengatu eta desalojoa oztopatu". Bildutako artelanekin erakusketa bat egin zuten Artozkiko elizan, erresistentziak iraun zuen bitartean.

Erantzuna "ikaragarria" izan zela nabarmendu du Luzarretak. "60 sortzaile inguruk bidali zuten beraien lana: eskultoreak, margolariak, argazkilariak, idazleak, musikariak...". Artelanak ez ezik, egun horietan talde eta erakunde askok ekimenarekin bat egin zuten: Agoizko dantzariak, txistulariak, erraldoien konpartsa, Fermin Mugurazak Hechos Contra el Decoro taldearekin jo zuen, Sorkun, bertso saioak izan ziren... "Oso egun biziak izan ziren". Parte hartu zuten artisten artean sakandarrak ere izan ziren; Dora Salazar, Jose Ramon Anda, Koldo Arnanz, Jabi Trapero, Beatriz de la Vega, Josetxo Crespo, Enrike Zelaiak ere musikarekin parte hartu zuen eta abar. "Hau guztia antolatzeko lanetan Josetxo Lukas sakandarra egon zen ere. Bai ala bai erakusketa Sakanan jarri behar genuen".

Elkartasuna
"Guretako Artezki oso garrantzitsua izan zen elkartasun bolada ikaragarria izan zelako. Momentu ilun eta latz artean kolorea eta bizia ekarri zuen, eta inposizio, errepresio eta izugarrikeriaren aurrean sormena eta edertasuna". Artozkiko desalojoa baino hiru egun lehenago Itoizkoa izan zen: "Oso momentu latzak izan ziren, errepresio ikaragarri bortitza, oso krudela izan zen". Jendea eraikinetara kateatuta zegoen bitartean hondeamakinekin etxeak eraisten hasi ziren, "oso momentu delikatuak izan ziren".

Erresistentzian hamasei egun izan ziren, eta harekin batera erakusketa. "Desalojoa ailegatu zen, errepresio bortitza, atxiloketak, polizia etxera eta epailearen aurrean pasatzea...". Horretan zenbiltzatela hondeamakinak herrian sartu ziren eta eraikinak txikitzen hasi ziren, eliza barne. "Hor ziren obrak galdutzat ematen genituen. Zenbait obra ziur, muralistek egindako horma-irudiak zirelako, eta elizaren barruan zeudenak galdutzat ematen genituen". Baina aurreko urtean, maiatza aldean, "gure harridurarako", modu anonimo batean zenbait obra helarazi zizkieten: "Flipatu genuen. 20 urte pasa dira eta lan batzuk helarazi zizkiguten. Galdera asko etorri zitzaizkigun burura: Non izan dira obrak orain arte? Noren ardurapean? Zer gertatu da agertu ez direnekin?". Agertutako obrak "aitzakia ezin hobea" izan zen Arteski erakusketa martxan jartzeko, "eta gertatutakoa oroitzeko, memoria historikoaren aldetik".

Artezki erakusketak hiru zati ditu: artistikoa, oroitzapen objektuak eta, "parte garrantzitsua", politikoa edo borroka. Gainera, Itoizko urtegia egiteko desagertutako herrien maketak ere badaude ikusgai erakusketaren barruan, "Agoizko Belenistek egin dituzte, eta sekulako lana egin dute, adineko jendearekin hitz egin dute, planoak eta ortofotoak ikertu dituzte, ondare arkitektonikoa...".

"Agertutako artelanez gain garrantzia handia eman nahi izan diegu agertu ez direnei". Erakusketaren alde artistikoan, beraz, artistekin harremanetan jarri dira eta "berriz eskuzabaltasunez" obraren azalpen labur bat idatzi dute eta obraren lamina bat egin dute. Bestetik, erakusketan jendeak herrien eraispenetatik "salbatutako" gauza bitxiak ere ikus daitezke erakusketan , eta hirugarren partean egun horietan egindako "desobedientzia zibila, ekintza zuzena, mobilizazioa..." ikus daiteke, besteak beste, "argazki potente askoren bidez".

Sentsazio gazi gozoa gelditzen zaiela esan du Lusarretak: "Oso gogorra izan zen, baina beste alde batetik elkartasuna ikaragarria izan zen".