Saskibaloia

Zelandin, pozik eta triste

Guaixe 2024ko aza. 28a, 11:13

Gizonezkoen bigarren maila autonomikoan Gazte Berriakek CBASK-en bolada ona eten zuen, eta emakumezkoen lehen senior mailan CBASK-ek garaipen polita lortu zuen

Gizonezkoen bigarren maila autonomikoan, zortzigarren jardunaldian etxean jokatu zuen CBASK Narum Fisioterapiak. Talde altsasuarrak Gazte Berriak Bar Soto taldea hartu zuen, eta partida oso lehiatuan, Antsoaingo taldeak CBASK-en bolada ona eten zuen, 65-69 gailendu baitzen, 4 punturen aldearekin. Bi taldeek lehia estua izan zuten, baina azken txanpan Gazte Berriak gehiago asmatu zuen. 

Sailkapenean, Nasabi San Ignaciok jarraitzen du lider (15 puntu), Castillo de Gorraiz Valle de Egues atzetik duela (14 puntu). CBASK Narum Fisioterapia zortzigarren postura jaitsi da (11 puntu). 

Azaroaren 29an, ostirala, CBASK Narum Fisioterapiak Liceo Monjardin R taldea hartuko du Zelandin, 20:00etan. 

CBASK Gorriz Tattoos, garaipen ederra
Emakumezkoen lehen senior autonomikoan, CBASK Xabi Gorriz Tattoos taldeak Navarro Villoslada A taldea hartu zuen Zelandin zortzigarren jardunaldian. Lehen zatian parez pare ibili ziren bi taldeak eta lautan berdindu zuten, baina segidan Altsasuk tarte zabala ateratzea lortu zuen, ederki jokatu eta gero, eta lasaitasunez irabazi zuen, 66-47. Edurne Ormazabalek 19 puntu egin zituen. 

Sailkapen orokorrean, lider berria dago, Sanduzelai (15 puntu), orain arteko lider Larraona Claret gertu duela (14 puntu). CBASK Xabi Gorriz Tattoos taldeak bosgarren postuan jarraitzen du (11 puntu). Azaroaren 30ean, larunbata, sailkapenean bigarren den Larraona Clareten kontra jokatuko du talde altsasuarrak Larraona kiroldegian, 20:00etan.