Gazakoaren aurrean erreakzionatzeko eskatu dute

Guaixe 2024ko aza. 28a, 12:49

Osasun etxearen parean hilero egiten dira elkarretaratzeak.

Zuzenbide humanitarioan duten babesari kasurik egin gabe, Israelek osasun langileek eta azpiegituren kontra egiten duela salatu dute. Bide batez, azaroaren 30ean, larunbatean, Iruñeko manifestazioan parte hartzera deitu dute.

Nasaf-ek (Navarra Sanitaria por el Alto el Fuego) deituta, Gazan su etena eskatzeko elkarretaratzea egin da Altsasuko osasun etxearen parean. Elkarretaratzean antolatzaileek "justiziaz eta gizatasunez", atzera ere, lau eskaera egin dituzte. Lehen-lehenik, "berehalako su etena Ekialde Ertain osoan". Bestetik, "osasun langileekiko, ibilgailuekiko eta osasun eraikinekiko errespetua". Aldi berean, eskatu dute "Gazan giza laguntza, janaria eta ura sartzea". Eta, azkenik, "Israelekin harremanak eteteak eta zigorrak aplikatzeak, Nazioarteko Zuzenbideak ezartzen duen bezala, genozidioaren konplize bihurtzen gaituelako". Azaroaren 30ean, larunbatean, 17:30ean, Iruñeko Golem zinemetatik aterako den manifestazioan parte hartzera deitu dute.

Bilkurako deitzaileek gogorarazi dutenez, "nazioarteko zuzenbide humanitarioan oinarrituta, osasun langileek, edozein gerra gatazkatan, babes berezia dute. Hitzarmenek, protokoloek eta Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioaren ohiturazko arauek osasun langileak, osasun unitateak, zaurituak eta gaixoak errespetatzea eskatzen dute". Hala ere, "Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioan zehaztutako babes espezifiko hori guztia gorabehera, historian lehen aldia da osasun langileak eta ospitaleak Israelgo armadaren erasoen lehentasunezko jomuga dira". Azaldu dutenez, "Israelgo armadak Gazako iparraldeari eraso egin dio, eta bertan dauden hiru ospitaleak husteko agindua eman du. Ondoren, osasun langileek uko egin diote ospitaletik irteteari, ebakuazioak ospitaleko paziente guztiak hiltzera kondenatzea ekarriko lukeelako, eta ez daude horretarako prest".

Lekukotza
Ospitale horietako bateko zuzendariak, AL Saha doktoreak, kontatutakoa jakinarazi dute bilkuran: "Egoera izugarria da. Jendeari tiro egiten diote beren etxeetan edo kalean daudenean. Gure anbulantzia guztiak suntsitu dituzte eta jendea oinez edo beste pertsona batzuek airean eramanda iristen da ospitalera. Batzuk kaleetan hiltzen dira eta ezin gara haien bila atera, guri ere tiro egiten digutelako. Jendea etxeetako hondakinen azpian harrapatuta dago, eta bonbekin suntsitzen dute. Haien min-oihuak entzun genituen, baina gure larrialdi zerbitzuek ezin dituzte erreskatatu droneekin erasotzen dietelako".

Nasaf-eko kideen iritziz, "egoerak hondamendia izaten jarraitzen du, eta gure gobernuek erreakzionatu gabe jarraitzen dute. Hagako Nazioarteko Justizia Auzitegiak uztailean ebatzi zuen gobernu guztiek beren esku dagoen guztia egin behar dutela palestinarren okupazioa eta Israelen apartheid sistema gelditzeko, baina mendebaldeko herrialdeetako gobernuek oraindik ez dute bete beren betebeharra".