Altsasuko inauterien inguruko dokumentala aurkeztuko dute, Durangon

Guaixe 2024ko aza. 29a, 14:49

Altsasuko inauterietako irudi bat. ARTXIBOA

Galdakaoko Andra Mari dantza taldeak sortutako 'Momotxorroak: Kaos baten istorioa' film dokumentala mustuko dute, abenduaren 5ean, Durangoko Irudienean. Lanak Altsasuko Udalaren laguntza izan du.

Altsasuko inauterien berreskurapenaren inguruko dokumentala egin du Galdakaoko Andra Mari dantza taldeak: Momotxorroak: Kaos baten istorioa. Abenduaren 5ean, osteguna, 17:30ean, izanen da mustutzea, Durangoko Irudienean. Andra Mari dantza taldeak hasi zuen 1970ko hamarkadan Altsasuko inauteriei buruzko ikerketa eta berreskurapen lanak.

Dokumentalaren aurkezpenean diotenez, XX. mende hasieran egin izan zen azkenekoz Altsasuko inatueriak, eta 1970ko hamarkadan herirko zaharrenek bakarrik oroitzen zuten. Ricardo Aldasoro zen horietako bat, eta Gure Etxea elkarteko atarian Patxi Goikoetxea gazte bati egindako aipamen batek "piztu zuen sugarra". Jose Maria Satrustegiren Solsticio de Invierno liburuan geratu zen aipamen  hori idatzia, Amaia Ohiarbidek idazlearekin zuen gertutasunagatik. Juan Antonio Urbeltz antropologo eta folkloristak irakurri zuenean "bertan altxor bat zegoela gordeta" arti izan zuen eta Andra Mari dantza taldeari ikertzeko proposamena luzatu zion.

Filmean berreskurapenaren nondik norakoak jasotzen dira, eta prozesu hori nolakoa izan zen kontatuko dute prozesu horretan parte hartu zutenek,, baita inauterietako pertsonietaz eta hauen sinbologiaz ariko dira ere: Momotxorroak, ereintza, juantranposoak...

Momotxorroak: Kaos baten istorioa film dokumentalean Patxi Goikoetxea, Amaia Oiharbide, Enrike Zelaia, Satur Leoz (altsasuarrak), Juan Antonio Urbeltz, Mikel Zamalloa, Koldo Telleria eta Manu Jauregi dira elkarrizketatuak. Zuzendaritza eta gidoia lanetan Jon Eguskiza eta Kepa Otaegi egon dira, Andra Mari Eusko Dantzari Taldearen produkzio bat da eta Mamorka Filmsek egin du muntaia. Altsasuko Udalak 3.500 euroko dirulaguntza eman du.