Sunsundeguiko langileek "lanpostuak mantentzea exijitzen dugu"

Guaixe 2024ko aza. 29a, 13:36

Kontzentrazio jendetsua egin zuten udaletxe parean.

Adierazi dutenez, "hori gutxieneko baldintza da sakanako familia askok bere etorkizuna dardarka ez ikusteko".

Enpresaren egoerarekin kezkatuta dauden langile talde batek deituta, kontzentrazio jendetsua egin zen udaletxe parean atzo arratsaldean. Lanpostuak eta lan baldintzak mantentzea exijitu zuten bilkuran. Gaztigatu zutenez, "lan baldintzak asko okertu dira azken urteetan, eta egungo krisiarekin eta bizitzaren garestitzearekin ezin dugu onartu gehiago okertzerik". 

Langileek gogoratu zuten Sunsundeguiren egoerak hamabost enpresa hornitzaileei eragiten diela: "Azkengak itxi egin du eta Tapicarren langileak kaleratu dituzte. Hemendik gure elkartasuna". Azaldu zutenez, "Sunsundeguik ixten badu 200 langile baino gehiago langabezian geldituko dira. Horrek ibarraren etorkizuna oso egoera txarrean utziko luke. Sakanan bizi eta lan egin nahi dugu!". 

Egoeraren arduradunak "irabaziak eraman dituzten enpresariak" izan dira deitzaileen iritziz. "Bitartean langileak lehenik kobratu gabe egon dira eta, ondoren, aldi baterako enplegu erregulazio espedientean, hau da, langabezian". Horregatik bilkura deitu zuten langileek " npresarien etekinen aurretik langileen baldintzak bermatzea exijitzen dugu". Gobernuari leporatu diote "diru kopuru handiak ematea eta haren gaineko kontrolik ez izatea. Argi dago dirua enpresarien poltsikoetan bukatu dutela". 

Elkarretaratzearen deitzaileek jakinarazi dute toki berean kontzentrazioa eginen dutela abenduaren 13an, 19:30ean. Eta asteazkenero azokan 11:00etan kontzentrazioak eginen dituzte. Egun horretan Gure Etxea eraikinean batzarrak egiten dituzte, 18:00etan.