Udal kirol azpiegituretan 133.034 euroko inbertsioak

Alfredo Alvaro Igoa 2024ko abe. 19a, 09:00

Zelandi kiroldegiko muskulazio aretoa. ARTXIBOA

Zelandi kirolgunean konponketak eta berritze lanak egin eta gimnasiorako materiala erosiko du besteak beste

Altsasuko Udalak Zelandi kirolgunean hainbat berritze lan eginen dituela jakinarazi du. Alde batetik, kiroldegiko muskulazio aretoko zorua berrituko du. Eta, bestetik, saunako zura ere berrituko du. Zelandik frontoiko teilatua berrituko dute baita hango eta kiroldegiko hainbat ate ere. Lan horiek egiteko 53.100 euro bideratu ditu udalak. Horretaz aparte, Zelandi kiroldegiko muskulazio aretoko materiala erosteko 15.000 euro bideratu ditu udalak. Honakoak erosiko ditu: pisuak altxatzeko bi banku, bi bizikleta, bi air bike, laster egiteko zinta bat eta pisuak jartzeko egitura.

Azkenik, Altsasuko Udalak Burunda pilotalekuko taberna berrituko du. Zehazki, tabernako komunak eta sarbidea birmoldatuko ditu eta sukaldea handitu du. Lan horiek egiteko 64.934 euro bideratu ditu. Lan horiek eginda, tabernari orain ez duen jarduera lizentzia eta irekiera lizentzia emanen dizkio udalak. Horiek eginda, tabernak kudeatzeko deialdia eginen du.

Bazkide gehiago 
Udalak Atabo Altsasu SM sozietate publikoaren bidez kudeatzen ditu bere kirol azpiegiturak. Javier Ollo Martinez alkateak jakinarazi duenez, "bazkide kopuruak nabarmen egin du gora eta Covid-19ak eragindako pandemia aurreko kopuruen pare dago orain. Zehazki, 1.800 pertsona baino gehiagok dute abonamendua". Alkateak gaineratu duenez, "horren ondorioz, oraingoz aurten udalak ez dio aparteko diru ekarpenik egin behar izan sozietateari".

Ollok gogorarazi du pandemia dela eta kirol azpiegiturak itxi behar izan zirela 2020an, ondoren gaitza ez zabaltzeko prebentzio neurriak hartu behar izan ziren eta energia kostuen igoera handia etorri zen ondoren. "Horien guztiek udala behartu zuten sozietate publikoari diru ekarpen bereziak egitera, Atabo Altsasu SMren kontuak orekatzeko". Ollok gaztigatu duenez, aurtengo udal aurrekontuetan sozietatearen kudeaketarako 116.000 euro zeudela, eta 109.000 euroko aparteko ekarpena aurreikusia zegoen. Erabili ez den diru hori inbertsioetara bideratu du.

Udal zergak
Udalak jakinarazi du aurten ezarri dituen zerga tasek heldu den urtean indarrean segituko dutela. Alkateak azaldu duenez, "alde bakarra da kontribuzioaren tasa aurtengoa baino pixka bat txikiagoa izanen dela. Horren arrazoia da Balorazio Txosten berria indarrean sartuko dela, hau da, katastroko balio berriak". Zerga horren bidez udalak heldu den urtean 54.380,15 euro jasoko lituzke, “baina zerga horretatik diru gehiago ez jasotzeko, tasa jaitsi da, aurten jasotako kopuru ia bera jasotzeko”, argitu du alkateak.