Sunsundeguiko langileei zuzendaritzak aldi baterako enplegu erregulazio espedientea ezarri zien lastailaren 11n eta ilbeltzaren 19ra arte dago indarrean. Ordutik langileen diru sarrera bakarra izan da lastaileko lehen 10 egun horiei dagokiena, azaroaren 7an kobratu zutena. Espainiako Enplegu Zerbitzu Publikoak (SEPE) Sunsundeguiren espedientea jaso eta ordainketak egiteko tramitazioa abendura luzatu da. Langileei kobratzeko falta zitzaien lastaileko 20 egunen ordainketa abenduaren 10ean egin zuen SEPEk. Langileek soldataren %70 jaso dute.
Enpresa batzordeko kideek ez dakite zer moduz doazen inbertitzaile bat lortzeko negoziazioak. Sunsundeguiko zuzendaritzak esan dien bakarra da “egoera guztiz larria” dela. Bestalde, zuzendaritzak espedientearen negoziazioan udako aparteko saria eta oporren %100 bermatu zituen. Orain zuzendaritzak langileei azaldu dienez, “enpresa kudeatzen duen konkurtso administratzailearen lehentasuna soldatak ordaintzea da, baina kutxan ez dago dirurik".