Hondakinak prebenitzeko konpromisoak saria du

Alfredo Alvaro Igoa 2024ko abe. 18a, 09:33

Hondakin Zerbitzuak dendetan utzi dituen galdetegiak eta haiek jasotzeko kutxa.

Hamahiru produktuz osatutako eta 50 euroko balioa daukaten 400 kit zozketatuko dira

Sakanako Mankomunitateko Hondakin Zerbitzuak Zero Zabor Komertzioen programari segida eman dio. Aurten 400 zero zabor kit zozketatuko ditu. Kit bakoitzak hondakinak prebenitzeko hamahiru produktu dauzka, besteak beste: erosketarako gurdia, fruta erosteko poltsak, ur termoa, ogitartekoak eramatekoa, termoa, kikarak, kristalezko ontziak, erosketa poltsak. Kit bakoitzak 50 euroko balioa dauka.

Zozketan parte hartzeko ibarreko dendetan dauden galdetegi labur bat besterik ez da bete beharko. Izen-abizenak eta telefonoa eman behar dira. Horrekin batera, paperean hondakinak prebenitzeko dauden hiru proposamenetako baten alde egin beharko dute parte hartzaileek. Honakoak dira aukerak: ontzi gutxiagoko produktuak aukeratuko ditut; janaria alferrik galtzea gutxituko dut edo bota aurretik konpontzen saiatuko naiz.

Ibarreko erakundeko hondakin teknikari Olatz Garde Mazkiaranek azaldu duenez, “ekintza horrekin hondakinak prebenitzeko konpromisoa saritu nahi dugu. Baita bertako komertzioetan egindako erosketak sustatu ere”. Jakinarazi duenez, “zozketan parte hartzeko epea abenduaren 20an bukatuko da eta abenduaren 23an egingo da zozketa. Irabazleekin telefonoz jarriko da harremanetan hondakin zerbitzua”. Jarduera hori Sakanako Mankomunitateko Hondakin Zerbitzuak garatu du eta Nafarroako Hondakinen Funtsak finantzatu du. Funtsa hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko Foru Legearen bitartez sortu zen 2018an. Funtsa zabortegietan isurtzen diren hondakinei ezarritako zergarekin eta isunekin hornitzen da, besteak beste.