Altsasuko Udalak herritarren artean zahartze aktiboa sustatzeko zenbait programa ditu martxan: Altsasu mugitzen ari da, Mugitu I, Mugitu II, 60 urtetik gorako jarduerak… Udaleko Kirol Zerbitzuak eskaintza Vivifrail programarekin osatu du ikasturte honetan. Sara Salazar Romo teknikariak azaldu duenez, "proiektua esperientzia berritzailea da eta Nafarroako Gobernuaren babesa du".
Romok azaldu duenez, "programa Altsasun erroldatutako 60 eta 69 urte bitarteko pertsonei zuzenduta dago. Altsasuarren erantzunak aise gainditu ditu gure hasierako aurreikuspenak: 120 lagun espero genituen, baina 220 pertsonek eman dute izena". Teknikariak azaldu duenez, "programa osagai anitzekoa da. Parte hartzaileek giharretako indarraz aparte, oreka, malgutasun eta ariketa aerobikokoak egiten dituzte". Salazarrek nabarmendu duenez, "programaren ezaugarri nagusia da ariketak pertsona bakoitzaren gaitasun funtzionalera egokituak eta indibidualizatuak direla. Hainbat ariketa maila daude, parte hartzaileen mugen arabera".
Programak hainbat helburu ditu. Alde batetik, 60 urtetik aurrera prebentziotik lan egitea, narriadura funtzionala saihesteko. Bestetik, bizimodu aktiboa izatearen onurak transmititzea, ariketa anitzeko programa bat eginez. Eta, azkenik, 60 eta 69 urte bitarteko pertsonek eguneroko jardueratan izan ditzaketen gaitasunak kontserbatzea edo balizko galerak atzeratzea. Horretarako, indarra eta oreka hobetzeko ariketak egiten dira, baita gaitasun aerobikoa hobetzekoak ere. Saioek ekarpena egin nahi dute parte hartzaileen aldartea eta osasun psikoafektiboa hobetzeko. Horrekin batera, pertsonen eguneroko bizitzako jardueretarako autonomia hobetzea du helburu programak.
Jardueraz
Vivifrail programa Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) sustatu du. NUPeko lantaldeko kideek izena eman duen bakoitzari programa hasi aurretik duen osasun egoeraren balorazioa egin zioten. Programa dozena bat saioz osatuta dago. Haiek bukatzean parte hartzaileei beste balorazio bat eginen diete. Hori eginda, "NUPeko kideek parte hartzaileei lortutako emaitzen berri emanen diete. Gainera, Vivifrail entrenamenduak egiteko inprimatutako materiala emango zaie, beraien kabuz entrenamendu programarekin jarraitu ahal izateko", azaldu du Salazarrek.
Espero baino jende gehiagok izena eman zutenez, bi txanda egin ditu Kirol Zerbitzuak. Aurrenekoan 120 parte hartzaile izan dira lastaila eta abendua bitartean. Hurrengoan 100 izanen dira, saioak otsaila eta maiatza bitartean izanen dira. Zahartze aktiboko saio horiek Garbitoki eraikineko lehen solairuan, ludoteka zaharrean, egin dira. Salazarrek esan duenez, "jardueraren balorazioa oso positiboa izan da".
Programa eta hitzarmena
NUP eta Altsasuko Udalaren arteko lankidetza hitzarmen baten ondorioz eskaini da Vivifrail programa. NUPeko Mikel Izquierdo Redin irakaslea da programaren koordinatzailea. Aldi berean, eta Navarrabiomed eta NUPeko Ariketa Fisikoa, Osasuna eta Bizi Kalitatea (E-FIT) taldeko ikertzaile nagusia da. Kirol Zerbitzua haren lantaldearekin koordinatuta ari da lanean. Hain zuzen, ikerketa lantalde horretako kide da Mikel Lopez Saez de Asteasu altsasuarra.