Ur sarea berritzeko lana eman nahi du udalak

Guaixe 2024ko abe. 17a, 11:17

Ur sarea berrituko den zatia. UDALA

Ameztiako ur biltegitik San Joan kalera arteko ur hodia berritzeko lanak dira. Horiek finantzatzeko udalak Nafarroako Gobernuaren Tokiko Inbertsioen Planeko dirulaguntza jaso du.

Altsasuko Udalak ur biltegiaren eta herriaren arteko ur sarea berritzeko lanak emateko deialdia egin du. Obra egiteko interesa duen enpresak bere eskaintza abenduaren 24ko 23:59ra arte aurkez dezake. Lanak 656.322,54 euroko (BEZik gabe) aurrekontua du. Egitekoa eskuratzen duen enpresak lanak despeditzeko sei hilabete izanen ditu. Hala ere, obrak, beranduenez, 2025eko lastailaren 31n amaitu beharko dira.

Aurreikusitako lanen artean dago, lehenik, ur biltegitik Mendia hoteleko biribilguneraino doan hodia berritzea. Dagoen horian burdin urtuko 350 mm-ko diametroko hodi bategatik ordezkatuko da 750 metrotan. Bestetik, Geltokia auzoa eta San Juan kalea lotzen dituen hornidura hodia berrituko da, A-1 autobia gurutzatuz (111 metroko zulaketa zuzendua). Tarte horrek 143 metroko luzera du. Horretaz aparte, Ibarrea industrialderako hornidura adarra berritu behar da. Guztira 105 metrotan berrituko da hoditeria. Han 105 mm-ko diametroko burdinurtuko hodiak jarriko dira. 

Sare horiek berritzeaz aparte, bi kutxatila eraikiko dira. Haietan herriguneko eta industrialdeko emariak neurtzeko tresneria jarriko da. Bai herrigunera bai industrialdera daramaten ur deribazioak eginen dira. Azkenik, Ameztia auzoko etxebizitzetako hartuneak berritzea aurreikusten du.

Atzera begira 
Berrituko den hoditeria 1970. urtean idatzitako proiektuaren arabera gauzatu zen. Jarduketa horren arabera, Urdalur ingurutik behin behineko ur hartunea egingo zen, Altsasun beste erregulazio biltegi bateraino eramango zen eta Altsasutik herriko sarearekiko konexioraino banatuko zen. Proiektu haren arabera, ur hargunea eta erregulazio biltegia 5.000 m3-ko edukierarekin eraiki ziren, 1990. urterako 14.300 biztanleko aurreikuspena kontuan hartuta, eguneko 450 litro biztanleko zuzkidura aurreikusi zuten. Ur sarea 350 mm-ko diametro zuen fibrozementuzko hodiarekin egin zen biltegi arautzailetik Altsasuko hirigunearen sarreraraino, San Juan kalean. Tarte horrek kilometro bat inguruko luzera zuen.

Eraiki zenetik sarean aldaketak egin dira. Uste da aurrena Altsasuko saihesbidea eraiki zenean egin zela (1982ko azaroaren akaberan saihesbidea mustu zen), hirigunera sartu baino lehentxeago eginen zen. Ondoren, Iparraldeko Autobia (A-1) egin zenean, beharrezkoa izan zen hodiaren trazadura aldatzea. Tarte hori burdinurtuzko hoditeriaz berritu zen, eta trazadura konpontzeko, oinplanoko eta altxaerako hainbat ukondo erabili ziren, autobiaren trazadura igaro ahal izateko eta sarearekin beste konexio bat egiteko. Azkenik, 2010. urtean, Tokiko Inbertsioen Planean jasotako jarduketen barruan, Geltoki auzoko hodi zatia berritu zen. Hodi hori ur biltegitik etortzen den hodiarekin lotu zuten, batetik, Mendia hoteleko biribilgunean eta, bestetik, ibaian behera, autobidea gurutzatu aurretik.