iñaki claver

"Argi dugu: Sakanan bizi eta lan egin nahi dugu"

Guaixe 2024ko abenduaren 20a

Iñaki Claver Herrera, Sunsundeguiko langilea.

Etxean bi hilabete daramate. Ez dute informaziorik, eta langileen artean animorik ez dagoela azaldu du Iñaki Claver Herrerak,  Sunsundeguiko langileak. Aldi baterako enplegu erregulazio espedientea ilbeltzaren 19an bukatzen da.

Sunsundeguiko langile batzuk deitutako manifestazioa Altsasuko Foru plazatik aterako da abenduaren 22an, igandean, 12:00etan Deialdiaren zergatiak enpresan 11 urte daraman Iñaki Claver Herrerak eman ditu. 

Zer moduz zaudete?
Suposatzen genuen egoera hau iritsiko zela. Hasieran ikusi genuen tunel akaberara iristen zela: edo ixten dute edo konpontzen dute. Enpresa Batzordea da berriak ematen dizkiguna. Hartzekodunen konkurtsoa otsailaren 22ra arte luzatu dute. Eta konkurtsoan gaudenez aldi baterako enplegu erregulazio espedientea ezin da hain erraz luzatu. Inbertitzaileren bat sartzeko aukera argiren bat balego luzatzen saiatuko lirateke. Bestela, ilbeltzaren 19an, espedienteak segitzen ez badu, guztioi kitatze agiria emanen digute. Hori da suposatzen duguna. Baina ziur, ez dago ezer. 

Sunsundeguik eta Volvok akordioa iragarri zuten 2023ko maiatzaren 4an. Dena arrosa kolorekoa. 
Kanpora hori saldu zuten. Langile ia gehienok helburuak lortzea oso zail ikusten genuen. Genuen lan kargarekin autobusak ateratzea pila kostatzen zitzaigun, ez genuen lortzen. Kontratu harrekin lan bikoitza izan behar baduzu, behintzat antolakuntza modu berarekin jarraituz gero, ez legoke horrenbeste ekoizpenerako lekurik. 800 pertsona izanen ginela esaten zuten. Makinak dituzten enpresa batean lana aste batean ikasten duzu. Han, gutxienez, hilabete behar duzu, prestakuntzarekin. Oso-oso zaila ikusten zen. Egitasmoa erori zenean, alde batetik, lasaitu txiki bat hartu genuen, zuzenean otsoaren ahora joaten ginela iruditzen zitzaigulako. Ez genuen uste ongi aterako zenik, produktua ongi ateratzeko diru pila sartu beharra zegoen. Pila bat aldatu behar zen, bestela ez zen ongi aterako. Autobusak ziren, baina egiteko modua guztiz desberdina zen. Lanik gehiena eskuekin egiten da. Proiektua automatizatuagoa zen. Berez, ongi dago. Baina kontrakoa sartzea oso-oso zaila da.

Zoritxarrez, denborak arrazoia eman dizue. 
Bai. Berria iritsi zenean, harridura pixka bat, baina uste dut askorendako lasaitua izan zela: "behintzat ez dute diru gehiago sartuko, zulo handiagoa egiteko". Baina ea orain zer gertatzen den. Hilabete batzuetan dena prestatzen egon ziren, pabiloiak eta makinak. Volvoren bi prototipo egin zituzten. Eta bat-batean guztia gelditu zen. Proiekturako kontratatutako jendea Sunsundeguiko plantillan sartu zuten, eta, ondorioz, langile gehiegi geunden. Poloniako langileak gauzak erakustera eta muntatzera etortzen ziren, baina haiek bukatu zituzten prototipoak, dena jaso eta joan ziren. 

Ilusiotik kezkara. 
Kezka oso handia. Dena oso beltz ikusten dugu. Bitartean abenduaren 10ean ordaindu digute lehen nomina, lastaileko 20 egunei dagokiena. 

Bi hilabete diru sarrerarik gabe, nola moldatu zarete?
Asko-asko sufritzen. Bikotea lanean badago, tira, sufritzen duzu. Baina badaude nahikoa larri diren kasuak. Bi hilabetean 800 euro jasoz gero... Gaur egun ez du ezertarako ematen. 

Kezka aipatu duzu lehen. 
Ez da bakarrik Sunsundegui. Haren barruan dauden azpikontratatutako enpresak, eta enpresa hornitzaileak, 200 bat langile dira. Dendetan pila nabaritzen ari direla esaten dute. Esaterako, ogia. Lanik egiten ez baduzu, barra bat beharrean erdia erosten duzu. Jendea hilabetean bizpahirutan erosketa handia egin beharrean behin besterik ez da joaten. Guztia lotuta dago. 

Zergatik erabaki duzue langile talde batek mobilizatzen hastea?
Etxean hilabete generaman eta ikusten genuen kalean ez zela ezer ikusten. Salaketarik egin gabe, irudi zezakeen etxean ezer ez egin gabe gustura geundela. Horrek Enpresa Batzordearen borroka izan behar du. Azkenean lau sindikatu dira. Haiek adostea gehiago kostatzen zaie. Eta erakundeetan borroka egiten ari dira. Nafarroako Parlamentuan ikertzeko eskaera aurkeztu zuten. Sodenak Sunsundeguiri 2019tik gaur arte eginiko diru ekarpenak aztertuko ditu Nafarroako Kontu Ganberak. Lanik egiten ez dugunez, goiz guztia libre dugunez, behintzat pankartaren bat jarri, kontzentrazioak egiten hastea erabaki genuen. Jendeak oso ondo erantzun du. Eta animatu gara asteazkenero, 11:00etan, azokan bilkurak egitea eta hilabetean behin udaletxe parean, ostiraletan. Eta domekarako manifestazioa deitu dugu. 

Zergatik manifestazioa?
Erakusteko ez gaudela ez lasai, ez eroso. Oso kezkatuta gaudela Sunsundeguiren eta Sakanaren egoerarekin. Zeren Sunsundeguik guztia arrastatuko du. Itxiz gero 400 pertsona kalera joanen dira, beste lantegiak pixkanaka erortzen joanen dira. Eta enpresaren bateko langileek beraien lan baldintzak hobetu nahi badituzte, ezezkoa emanen diete, Sunsundeguiko 400ak langabezian daudelako. Esanen diete: "edo baldintzak horiek onartzen dituzu, edo horiek kontratatuko ditut". Dena lotuta dago. Enpresa bat eroriz gero, besteetan lan baldintzak hobetzea zailagoa izanen da. Eta beste toki batzuetara joan beharra izanen da lan egitera. Argi dugu Sakanan bizi eta lan egin nahi dugula. Gogoan dut aurreko krisiarekin hori aldarrikatzen Iruñean manifestazio handia egon zela duela urte batzuk. Zoritxarrez egoera bera errepikatzear da.  

Manifestazioaren ondoren, zer?
Asteazkeneko mobilizazioekin segituko dugu. Buruan dugu eguberritan zerbait gehiago egitea. Salaketa egiteko irudimena lanean dugu. Ea zer gertatzen den ilbeltzaren 19rako. Ez dakigu Sunsundeguiren etorkizunaren aldeko borrokarekin segituko dugun edo... 

Sunsundeguiko langileek zer eskatzen diezue sakandarrei?
Kudeaketa txarrarekin urte asko daraman enpresa da Sunsundegui. Langileok sufritu dugu hori. Jendeak esaten du: "gobernuak hainbat milioi eman diete". Gu horrekin ez gaude konforme. Azken hamar urtetan Nafarroako Gobernutik 40 milioi inguru sartu dira, baino langileok soldataren %40 galdu dugu. Dirua sartu dute, baina, ondorioz, langileok okerrago gaude. 400 pertsona gara, beste 200 enpresa hornitzaileetan, dendak... Guztiendako oso egoera txarra da. Sakandarrei elkartasuna eskatzen dugu. Gaur gu gara, bihar beste lantegi bat izan daiteke. Batasunarekin, jendea elkartzen bada, gauzak errazago lor daitezke. Eta presio pixka bat sartu Nafarroako Gobernuari. Ez dakit inbertitzailearen kontuarekin zerbait erraztu daitekeen. Eta egiteko ahalmena badu norbaitek, egin dezala.