Altsasuko suhiltzaileen parkeak sei suhiltzaile berrirekin hasi du urtea, 27 suhiltzaile izatetik 33 izatera pasako da. Haietatik kaboak hamar dira eta 23 suhiltzaile. Lau suhiltzaile lekualdaketen ondorioz iritsiko dira eta beste biak suhiltzaileen azken promoziokoak dira. Altsasuko suhiltzaileen parkeko buru Pedro Gainzak azaldu duenez, "parkean gutxienez hiru suhiltzaile egon beharra dugu, eta orain egunero lau edo bost izanen gara. Horrek larrialdiei erantzuteko margen handiagoa ematen digu".
Hala ere, Altsasuko parkeko suhiltzaile bat Erreskate Teknikoko Taldean dago lanean, eta beste bat baso suteen kontrako helikopteroko brigadan ari da. Beraz, bi suhiltzaile horiek beraien lan egutegiaren erdia Iruñean egiten dute, eta beste erdia Altsasun.
Altsasuko suhiltzaileen parkeak bost ibilgailu ditu. Haietako bi kamioiak dira: landa autobonba astuna eta baso-bonba arina. Horretaz aparte, anbulantzia bat eta bi orotariko ibilgailu daude, bat baso suteetarako eta bestea herri suteetarako. Bestetik, parkean lanak egiten ari dira. Fatxada margotzeaz aparte, aldagelak handitzen ari dira.