Zelandik emozioz betetako saskibaloi jardunaldia bizi zuen abenduaren 14an. Hasteko eta behin, 16:00etan emakumezkoen lehen senior mailako CBASK Xabi Gorriz Tattoos taldeak Sanduzelai hartu zuen etxean. Hasieran parez pare hasi ziren bi taldeak, baina talde altsasuarrak aldea hartu zuen, eta nahiz eta Sanduzelai gertu hurbildu, ongi eutsi zioten eta azkenean 64-53 gailendu ziren. Edurne Ormazabalek 32 puntu lortu zituen.
Larraona Claret taldeak jarraitzen du emakumezkoen lehen senior autonomiko lider (18 puntu). CBASK Xabi Gorriz Tattoos ta, 18:00etan, ldeak bosgarren jarraitzen du (14 puntu). Talde altsasuarrak abenduaren 22an sailkapenean bigarren den Avia Zizur Ardoi taldearen kontra jokatuko du, 18:00etan, Zizurren.
Bigarren maila autonomikoan, azken segundoan
Ondoren gizonezkoen bigarren maila autonomikoko partida jokatu zen Zelandin. CBASK Narum Fisioterapia taldeak CB Noain lider berria hartu zuen. Azken honek lidergoa zuen jokoan, eta partida oso borrokatua izan zen, emozio handikoa, bi taldeak nor baino nor aritu zirelako. 11 aldiz berdindu zuten, eta batean bata eta bestean bestea aurreratu ziren, baina oso gutxi: abantaila handiena bi saskiratzekoa izan zen. Azken segundo eroetan Noain zegoen aurretik, baina CBASK-ek berdintzea lortu zuen, eta azken segundo eroko saskiratzeari esker, 73-70 irabaztea. Erotzeko modukoa izan zen Zelandin bizitako giroa.
Noainek galdu ondoren, sailkapenak lider berria du: Castillo de Gorraiz Valle de Egües (17 puntu), puntu berberak dituzten Nasabi San Ignacioren eta Noainen aurretik. CBASK Narum Fisioterapiak zazpigarren postuan jarraitzen du (14 puntu). Asteburuan hamaikagarren jardunaldia jokatuko da baina CBASK Narum Fisioterapiak eta Navasketek partida aurreratzea eta abenduaren 7an Iruñean jokatzea erabaki zuten. Partida horretan garaipen garrantzitsua lortu zuen talde altsasuarrak, 61-67. Hurrengo jardunaldia ilbeltzaren bigarren asteburuan jokatuko da.