Dantzaleku Sakana klubak eta Sakana Triatloi Taldeak elkarlanean antolatuta, 46. San Silvestrea jokatu zen urtezahar egunean Altsasun, Mario Lopezen Oroimenezkoa. Nafarroako proba beteranoena da, eta aurten aldaketak izan ziren. Haurren lasterketak 16:30ean hasi ziren eta 150 neska-mutilek hartu zuten parte, eta helduen proba nagusia (5 km) ordubete lehenago jokatu zen, 18:00etan. 350 korrikalarik hartu zuten parte, giro apartan.
Lasterketa oso indartsu irten zen hasieratik, eta zirkuituaren hirugarren itzulerara arte Israel Arbizu eta Axi Estarriaga etxarriarrak parean ibili ziren. Azkenean, Israel Arbizu etxarriarrak eta Izaskun Beunza olaztiarrak joan zen urteko garaipena berritu zuten. Israel Arbizuk (15:32) 7 segundo atera zizkion Axi Estarriaga etxarriarrari (15:39), eta Aritz Etxebarria altsasuarra hirugarren sartu zen (15:48). Emakumezkoetan Izaskun Beunza (17:58), Paula Diazen (18:52) eta Olatz Azazeta altsasuarraren (20:01) aurretik iritsi zen helmugara, alde handiz.
Israel Arbizu laugarrenez gailendu zen Altsasuko San Silvestrean, guztiak jarraian, eta 10 segundotan hobetu zuen bere denbora. Izaskun Beunzak, aldiz, bere hamargarren garaipena lortu zuen Altsasun. Oso gogoko duen proba da. Joan zen urtean baino 2 segundo gehiago behar izan zituen olaztiarrak, baina pozik zegoen egindako lanarekin.
Altsasuko lehen San Silvestrea Lagun Onak elkarteak antolatu zuen 1978. urtean. 2020. urtekoa ez zen jokatu, pandemiarengatik, eta horregatik aurtengoa 46. edizioa izan da. Duela 21 urte Dantzaleku Sakana klubak hartu zuen proba antolatzearen ardura, eta beranduago Sakana Triatloi Taldea batu zitzaion. 2004an zendutako Mario Lopez de Uralde korrikalari altsasuarrari eskaini zioten proba, 17 aldiz irabazi baitzuen Altsasuko San Silvestrea.