Indarkeria matxista "ez normalizatzeko" deia egin du Itaiak

Guaixe 2025ko urt. 9a, 10:45

Itaiak deitutako elkarretaratzea. UTZITAKOA

Barakaldon emakumezko baten erailketa salatzeko elkarretaratzea egin zuen. Bestetik, 2024an Euskal Herrian sei emakumezko erail zituztela gogoratu du

Itaiak deituta, Indarkeria matxista orori aurre egin leloa zuen bilkura egin zen Altsasuko udaletxe parean ilbeltzaren 5ean. Haren bidez emakumezkoen antolakunde sozialistak Barakaldon semeak 84 urteko ama hil izana salatu zuen. "Hemen elkartu gara 2025eko lehenengo erailketa matxista gogor salatzeko. 2025a hasi besterik ez da egin eta horrelako berri lazgarriek ate joka jarraitzen dute". Itaiako kideek nabarmendu zutenez, "gertakari horrek, berriz ere, emakume langileok bizi dugun errealitatea parez pare jartzen digu, kasu honetan, indarkeria matxistaren aurpegi gordinena. Ezin dugu egoera hau normalizatzen utzi!"

Emakumezkoen antolakunde sozialistako kideek adierazi zutenez, "Itaiatik jarraituko dugu konpromiso osoz eraso ororen aurrean erantzuten, emakume langileon babesa antolatzen". Gaineratu zutenez, "inolako zapalkuntzarik onartuko ez duen gizarte eredu baten alde lan egiten jarraituko dugu". Azkenik, indarkeria matxistaren kontra antolatzeko deia egin zuten. 

Bestalde, urte bukaerarekin batera, Itaiako kideek Altsasuko kioskoan odoleztatutako sei giza irudi jarri zituzten. Haiek bidez gogorarazi nahi izan zuten 2024an Euskal Herrian sei erailketa matxista izan zirela. Horiek "salatzeko eta desnormalizatzeko" ekimena izan zela azaldu dute Itaiatik. Aldi berean, Matxismoaren kontra egin eta borrokara batzeko gonbidapena egiten zuen pankarta ere zintzilikatu zuten.