Ilbeltzaren 12an, igandea, 10:00ean hasiko da 39. Altsasuko Krosa-Izelai Hotela Sari Nagusia, Dantzaleku Sakana Atletismo klubak Nafarroako Atletismo Federazioarekin eta Nafarroako Kirol Jokoekin elkarlanean antolatutakoa. Altsasuko Krosa Nafarroako Banakako Kros Luzeko Txapelketa izango da, aldi berean, eta kategoria txikietan Nafarroako Kirol Jokoen Banakako Txapelketa. Beraz, Nafarroako atleta "onenak" bilduko dira Dantzalekun, 250 korrikalaritik gora.
Dantzalekuk bi zirkuitu antolatu ditu. Laburragoa, Usolarrainen, kategoria txikienendako (450 metro), parajean kokatua dagoen zirkuitua, eta Usolarrainen hasi baino inguruetan luzatzen den zirkuitu luzeagoa (1.700 metro), hain zuzen ere Dantzalekuk Altsasuko Udalaren laguntzarekin sortu eta markatu duen zirkuitu permanentea dena, senior maila eta goiko kategorietarako. Kategoria guztietan lehiatuko direnak Dantzaleku pistatik atera eta sartu beharko dira (200 metro) eta zenbait kategorietan Dantzalekuko pistari itzuli bat eman beharko diote (400 metro).
Hasieran kategoria txikiko probak jokatuko dira. 10:30ean 14 urtez azpikoen txanda izango da, 1.900 metro; 11:00etan 12 urtez azpikoena, 1.100 metro; 11:20ean 10 urtez azpikoena, 650 metro; 11:40ean 16 urtez azpikoena, 4.050 metro; 12:30ean 18 urtez azpikoena, 5.300 metro; eta 13:05ean 20 urtez azpikoena, 6.050metra, eta eliteena eta 23 urtez azpikoena, 9.450 metro. Aurten ez da kros herrikoirik jokatuko.
Sakandarrak
Kategoria txikietan Dantzaleku Sakana atletismo eskolako korrikalariek hartuko dute parte, eta Nafarroako beste klub askotako korrikalariekin lehiatuko dira. Nafarroako Kirol Jokoen Banakako Txapelketa izango da Altsasukoa, eta, hortaz, lasterketa estuak espero dira.
Maila nagusian proba Nafarroako Kros Luzeko Txapelketa izango denez, espezialista guztiak bilduko dira Altsasun, bertatik aterako baitira Nafarroako Federazioak Espainiako Txapelketara eramango dituen korrikalariak. Batzuk aipatzearren, Jaouad Boualame, Kexin Alves, Othmane Amraoiu, Antonio Etxeberria, Vanesa Pacha, Ana Llorens...
Sakandarrei dagokienez, izena eman duten artean Ivan Sobredo (Hiru Herri), Israel Arbizu (Hiru Herri), Mikel Astiz (Hiru Herri) eta Izaskun Beunza (Beste Iruña) daude.
Dantzaleku eta inguruneak kros lasterketa garrantzitsuen lekukoak izan dira. Bitxikeri gisa, Altsasuko Kroseko karteleko argazkian Mariano Haro, Jose Haro eta Santiago de la Parte azaltzen dira lehen lerroan, antolakuntzak prestatutako oztopoa saltatzen. 1975 urteko argazkia da.