CCOOk justifikatu gabeko kaleratzeak salatu ditu Burundesan

Guaixe 2025ko urt. 9a, 11:33

Burundesako autobus bat Etxarri Aranatzen. ARTXIBOA

Gabonen bezperan izan zirela jakinarazi du. Sindikatuak enpresaren etika zalantzan jarri du, aldi baterako kontratuen eta ordu osagarrien abusua ikusi duelako. Horretaz aparte, garraio zerbitzua eskaintzeko kontratazio mugagabeak beharrean aldizkako kontratu finkoak egiten ari dela salatu du. 

Mugagabeko kontratua zuten lau langile kaleratu zituen Burundesak eguberri bezperan. Hala salatu du CCOO sindikatuak (enpresa batzordeko bost kideak bereak dira). "Zuzendaritzak ekoizpen eta antolaketa arrazoiak argudiatu ditu, baina aurten zerbitzua betetzeko jendea kontratatu du", adierazi dute batzordeko kideek. 

Gaineratu dutenez, "enpresak kontratazio formula malguak nahi ditu, eta erakusten ari da ez duela eskrupulurik Gabonetako bezperetan kaleratzeko edo kontratazioa aldatzeko orduan, nahiz eta horrek langileen eskubideak nabarmen urratzen dituen". CCOOko sindikalistek adierazi dutenez, "garraio enpresaren helburua aldizkako langile finkoak kontratatzeko edo ordu osagarriak dituen kontratazio partzialerako eredu baterantz jotzea da". Sindikatuak enpresaren etika zalantzan jarri du, eta beldur da mugagabeko kontratua duten langileen kaleratze gehiagoren izanen direla, edo aipatutako kontratazio ereduetara aldaketa eginen duela. 

Zuzendaritzak lau langile kaleratzen berri eman zuen egun berean enpresa batzordeari dei egin zion aldi baterako enplegu erregulazio espedientea negoziatzeko. CCOOtik gogorarazi dutenez, "kaleratzeak saihestea helburu duen mekanismo bat da espediente mota hori". Sindikalistendako "zinismoa eta enpresa etikarik eza agerikoa da". Gainera, CCOOk azaldu duenez, Burundesak Nafarroako Gobernuari ematen dizkion zerbitzuetan egiten duen subrogazio prozesuak egiten dituela. Sindikatua jokabide horrekin bat ez datorrela gaineratu du. 

CCOOk enpresaren erantzukizun sozialerako deia egin du, eta lau kaleratuak berehala hartzeko eskatu du. Batzordeak iragarri du mobilizatu egingo dela eta beharrezko neurri legalak hartuko dituela Burundesako langileen eskubideak defendatzeko eta zuzendaritza egiten ari den gehiegikeriazko praktika onartezinei aurre egiteko. Gaur egun Burundesaren Bera, Altsasu eta Iruñeko lan zentroetan ia ehun pertsonak lan egiten dute.