Onerako edo txarrerako, azken asteak

Alfredo Alvaro Igoa 2025ko urt. 17a, 10:31

Enpresa batzordeko kideak manifestazioaren buruan. ARTXIBOA

Sunsundeguiren etorkizuna ilbeltza bukaera edo otsaila hasieran argituko da. Aldi baterako enplegu erregulazio espedientea luzatu egin da, oraingoan langile guztiak hartzen ditu. Enpresa batzordeak manifestazioa deitu du.

Behin bakarrik luza zezakeen, bi hilabeterako. Eta hala egin du Sunsundeguiko hartzekodunen konkurtsoa kudeatzen duen administratzaileak: enpresaren aldi baterako lan erregulazio espedientea luzatu du. Ilbeltzaren 19an, igandean, despeditu beharrean apirilaren 30ean bukatuko da. Horrek ez du esan nahi ordura arteko epea dagoela enpresa bizirik mantentzeko. "Halako prozesu batek bete beharreko lege epeak ditu eta inbertzailea bilatzekoak bukatzen ari dira. Ilbeltza akaberan edo otsaila hasieran jakin beharko genuke inbertitzailerik dagoen edo kaleratzen gaituzten", azaldu du enpresa batzordeko kide batek. 

Sunsudeguiko langileen ordezkariek jakinarazi dutenez, konkurtso administratzailea haiekin ilbeltzaren 7an jarri zen harremanetan, espedientearen epea luzatzea eskatuko zuela azaltzeko. Ilbeltzaren 10ean aurkeztu zuen epaitegian. Luzapen agiria sindikatuen adostasunik gabe aurkeztu da. Aurrekoaren baldintza berak ditu, hau da, enpresak ez du langileen soldataren gaineko osagarririk jarri, baina estra eta oporren %100 mantentzen ditu. "Aldaketa bakarra da, oraingoan langile guztiak, 351k, gaudela espedientearen barruan. 60 urtetik gorakoak ere sartu ditu. Administratzaileak esaten zuen zor gehiago ezin zela sortu. Gainera, lantegian ez dago lanik", azaldu dute enpresa batzordetik. Beraz, astelehenetik aurrera espedientearen barruan izanen dira orain arte lantegira joaten ziren 60 urtetik gorako langileak (13 bat) eta aurrejubilatutakoak (18 bat). 

Enpresa autobus egileko langileak lastailaren 11z geroztik daude aldi baterako enplegu erregulazio espedientean. Horrek esan nahi du beraien langabezia saria kobratzen ari direla. "Dagoeneko lau hilabete dira. Aurretik izan ditugu halako beste espediente batzuk, beraz, langile batek berak ere ez dugu bi urteko langabeziarik. Eta egoera zailtzen ari da: beste enpresa batzuetatik etorritako langileak langabeziarik gabe gelditzen ari dira. Hau da, langabezian daude, kobratu gabe". 

Atzera ere, gogorarazi dute, "enpresak zabalik segi zezan, langileok eskubideak eta dirua galdu ditugu azken urtetan. 2011z geroztik 500 euro hilero. Langile bakoitzak 78.000 euro galdu ditugu. Langileoi ez digute ezer oparitu". 

Inbertitzailea
Kontsultatutako enpresa batzordeko kideek azaldu dutenez, "inbertitzailerik badago, oso isilik dute, guri ez baitigute ezer esan". Diario de Noticias egunkariak jakinarazi zuenez, inbertitzaile posible hori Belgikako Dumarey konpainia litzateke. Argitaratutakoaren arabera, automozio sektorekoa da eta Erresuma Batua, Frantzia, Belgika, Eslovakia eta Txinan berrindustrializazio proiektuetan eskarmentua du. Egunkariaren arabera 200 bat langile hartuko lituzke. Inbertitzailearen diruaz aparte Nafarroako Gobernuarena ere beharko zela azaldu zuten egunkarian. 

Sunsundeguiko enpresa batzordeko kide batek "filtrazioekin kontuz ibiltzeko" eskatu du. Hori izan, edo beste bat izan, Sunsundeguiren ardura hartu nahi duen inbertitzaileak industria plan bat aurkeztu beharko du epaitegian. Gainera, bideragarritasuna zehazteko hornitzaileekin, Sodenarekin eta beste eragile batzuekin hitz egin beharko du. "Hori egiten egon beharko lukete orain. Eta atzean norbait badago ere, bere proposamena onartuko du Nafarroako Gobernuak? Eta konkurtso administratzaileak? Azken horrek nahi du inbertitzailea diruarekin etortzea. Bestela, aurrekoan bezala egitea da, gobernuak enpresa euro bakarragatik oparitzea". 

Manifestazioa
Enpresa batzordeak deituta, Sunsundegui ez itxi! leloa duen manifestazioa abiatuko da Altsasuko BM-ko aparkalekutik igandean, 12:00etan. Enpresa batzordeko kideek esan dutenez, "enpleguaren suntsiketa gure inguruan agertzen hasi den une hauetan, Sunsundeguiren proiektuak Altsasurako, eskualderako eta Nafarroarako duen garrantzia gogorarazteko unea da". Atzera ere azpimarratu dute, "Sunsundegui produktua eta merkatua duen enpresa bat da. Badakigu interesa dagoela eta aurrera egin dezakeela industria plan batekin". Manifestazioaren bidez "eragile guztiei inplikazioa eskatu nahi diegu, Altsasuko lantegiaren etorkizuna eta enplegua bermatu ahal izateko". Eskaera argia egin dute: "inbertitzaile bat behar dugu, industria plan bat duena, baita sektore publikoaren laguntza eta kontrola ere. Langileek eta Nafarroako gizarteak egindako ahalegina guztiendako enplegu eta etorkizun bihurtu behar da".

Horregatik, langileen ordezkariek sakandarrak manifestazioan parte hartzera deitu ditu. Aldi berean, ibarreko udalak, Altsasuko Dendarien Elkartea, alderdi politikoak eta hainbat eragile gonbidatu dituzte ere. Guztiek "enpleguaren aldeko eta Sunsundeguiren etorkizunaren aldeko manifestazio honi babesa emateko. Parte hartze zabaleko mobilizazioa izatea nahi dugu, Iruñean entzun gaitzatela!"