Altsasuko Udalak inbertsioetara milioi bat euro bideratuko du

Alfredo Alvaro Igoa 2025ko urt. 21a, 09:00

Bi emakumezko udaletxearen ate parean. ARTXIBOA

Besteak beste, eskolan, Ondarria industrialdean eta Burunda frontoian inbertsioak egitea aurreikusten du Altsasuko Udalak. Aurtengo aurrekontua ia hamar milioi eurokoa da, eta udaletxearen erreforma eginen du ere.

Altsasuko Udalak 9.998.467,49 euroko aurrekontua du. Horren barruan daude bere menpeko diren hiru erakundeen aurrekontuak. Alde batetik, Aita Barandiaran egoitzak 1.497.199,64 euroko aurrekontua izanen du. Bestetik, udal kirol azpiegiturak kudeatzen dituen Atabo Altsasu SMk 832.573,98 aurrekontua du. Eta, azkenik, musika eta dantza eskolak 445.138,82 euroko aurrekontua izanen du. 

Alkatetza duen Geroa Bairen aldeko botoekin onartu ziren aurrekontuak. Javier Ollo Martinez alkateak nabarmendu zuenez, "urtea onartutako aurrekontuarekin hasteak herria hobetzen segitzeko egin nahi ditugun jarduera guztien planifikazio hobea errazten du". EH Bilduk aurrekontuei ezezkoa eman zien. "Bederatzi emendakin aurkeztu genituen. Arrazoizkoak eta ekarpen interesgarriak egiten zituztenak politika aurrerakoiei ateak zabaltzeko. Ez dugu hainbeste ezezko ulertzen. Hamar milioiko aurrekontu batean 135.000 euroko balioa zuten emendakinak ziren. Joan zen urtean abstenitu ginen, aurten ez botatzea beste aukerarik ez diguzue uzten". Koalizioaren onartutako emendakinen artean daude San Pedro taldeko udalaren bi etxebizitzen zaharberritzeko proiektua idaztea (18.000 euro) eta udan kultur programazioa egitea (15.000 euro). Herrian gauean dauden gune ilunen inguruko azterketa eginen da.  

Eginen direnak
Udalak inbertsioetara 1.044.728,08 euro bideratuko ditu. Zelandi eskolan berritze lanak segida izanen dute udan eta horiek egiteko 93.000 euro (60.000 euroko dirulaguntza) aurreikusi ditu udalak. Aurten gelen eraikineko teilatuaren zati baten txanda izanen da. Gainera, ikastetxera sartzeko Zelai Txiki kaleko atea erabat berrituko du udalak. Gainera, eskolako Haur Hezkuntzako patioko parkea berrituko da 34.000 eurorekin. Bestalde, Ondarria industrialdeko B kaleko espaloi zati bat berrituko da, baita A kale guztia ere. Lanek 140.000 euroko (70.000 euroko laguntza) aurrekontua dute. Gainera, udalak 70.000 euro ditu Dantzalekuko igerileku ertaina konpontzeko. Uda sasoia baino lehen egin nahi ditu lanak.

Baseliza kalea eta San Juan ermita lotzen dituen oinezkoendako pasabidearen zorua berritu, haren egitura berrikusi eta pintatuko du. Horretarako 62.000 euro daude, baina 80.000 eurora arteko aldea diruzaintzako gerakinarekin finantzatuko da. Horrekin batera, herrigunetik Altsasu BHIra, ikastolara eta Dantzalekuko kirol gunera bizikletendako bidegorri bat eraikitzeko proiektua idazteko 18.150 euro aurreikusi ditu udalak.

Burunda frontoiko taberna eraberritzeko lanak Reformas Portu enpresari eman dizkio udalak 61.710 euroren truke. Kontratua sinatzen duenetik, enpresak bi hilabete ditu egitekoak despeditzeko. Lan horiek egin ondoren, taberna altzariz jantzi beharko da eta, horretarako, 20.000 euro daude. Gainera, pilotalekuko argiterian aldaketak eginen ditu. Izan ere, frontoiaren barruko fokuak goiko harmailaren atzealdean daude, eta kontrakantxan egon beharko lukete, kantxa hobeto argiztatuta egon dadin eta itzalik sor ez dadin. Lan horiek 2.662 euroko aurrekontua dute. Bestalde, Baratzeko bide plazan dagoen haurren jolas parkea estali eginen du udalak, euria dagoenean ere bertan jolasteko aukera emateko. Lan hori egiteko aurrekontua 70.000 eurokoa da.

Udaletxea 
Aurrekontuan gobernuak onartu duen 300.000 euroko dirulaguntza dago udaletxea berritzeko. Baina aurrekontua milioi bat euro baino gehiagokoa izanen da eta diruzaintzako gerakinarekin finantzatuko da. Ollok esan duenez, "udaletxeak gaur egun, gabezia garrantzitsuak ditu: espazioen desegokitasuna, isolamendu termiko eta akustiko eskasa, airea berritzeko instalaziorik eza, udal artxiboa teilatupe baxu batean dago eta Udaltzaingoarendako egoitza egokirik ez dago". Hori dela eta, "eraikinaren barrualdea osorik eraberrituko da. Hau da, beheko solairua handitu, udal artxiboa jartzeko eta atxikitako eraikinean udaltzainen bulegoak egokitzeko. Era berean, eraikinaren inguratzailea hobetuko da, energia  eraginkortasun hobetzeko".

Alkateak azaldu duenez, "hilerrian hautemandako premia nagusien arabera, errautsetarako espazio berri bat eraikiko da, eta 48 zinerario ere prestatuko dira, gorpuak gero eta gehiago errausten baitira". Ollok argitu duenez, "espazio berri edo hezurtegia errautsak botatzeko izango litzateke, eta zinerarioa, errautsak dituzten hautestontziak uzteko, eta, hala badagokio, baita hondarrak dituzten poltsak ere". Gaineratu duenez, "hilerriaren ezkerreko eta atzeko pareta berrituko dira ere". Horretarako 37.000 euro daude. Azkenik, alkateak jakinarazi du udalak zortzi langabetu urte erdirako kontratatuko dituela. Horretarako 97.660 euro ditu, baina 45.000 euroko dirulaguntza jasoko du Nafar Lansaretik.

Beste diru sail batzuk

Kirol eskolekin hitzarmenak 150.628 euro
Festak 145.000 euro
Kultur jarduerak 90.000 euro
Larrezabalgo bidea zolatzeko 72.532,08 euro
Obren zerbitzurako kamioia 37.000 euro
Etxegabeen aterpea 34.000 euro
Kirol batzordea 27.230 euro
Haize Berriak banda 23.839,20 euro
Gazteria 22.704 euro
Bideen konponketarako 20.000 euro
Kultur guneko fatxada iragazgaiztea 20.000 euro
Emakumea eta berdintasuna 19.870,28 euro
Lorategi eta berdeguneak 18.150 euro
Ur eta saneamendu sareen digitalizazioa 17.784 euro
Abeltzaintza feria 16.200 euro
Udako kultur programazioa 15.000 euro
Kontsumo bonoak 15.000 euro
Jubilatu elkartea 14.448 euro
Liburutegia 10.000 euro 
Hiri altzariak 10.000 euro
Kantari lehiaketa 9.680 euro
Txistulariak 6.182,75 euro
Euskara 5.160 euro
Bi buruhandi berri 5.000 euro
Gaitariak 2.786,40 euro