Badira hizkuntza atzerapena duten 4 eta 8 urte arteko haurrak. Hizkuntza atzerapen hori zuzentzeko aurretik diagnostikoa egin behar da. Horretarako, probak egiten dira, gaztelaniaz. Euskaraz egiteko aukera orain sortuko da. Haur Euskaldunen Hizkuntza Gaitasunaren Neurketa (HEHGAN) egitasmoa Euskal Herriko Unibertsitateko Gasteizko campuseko Elebilabek, Baionako Iker laborategiak eta Lesakako Guztiok elkarteak garatu dute. Horretarako Akitania Berria, Euskadi eta Nafarroa Euroeskualdearen dirulaguntza lortu zuten 2021ean. HEHGAN egitasmoa Hizkuntza Garapena Aztertzeko (HIGA) tresnaren osagarria da. Ipar Euskal Herrian 2016an hasi ziren tresna hori garatzen. Egitasmoan buru-belarri sartu dira Altsasuko Ubide kabinete psikopedagogikoko kide diren Cristina eta Ainararekin.
Hasteko, zer da haurren hizkuntza atzerapena?
Ainara. Beraiek bere adinerako helburu batzuk lortu ez badituzte hizkuntza atzerapen bat dagoela esaten da.
Zergatik izaten da haurrengan hizkuntza atzerapen hori?
Kristina. Batzuetan arrazoi fisiologikoak dira.
A. Ahoskatzeko arazoak, hiztegi falta edo esaldiak egiteko moduagatik... Beste batzuetan beharbada familiako batek ere hizkuntza atzerapen bat izan du. Eta harremana dagoela dirudi. Baina arrazoi argi-argi bat...
K. Badaude batzuk txikitatik entzumen arazoak dituztenak.
A. Txikitatik ez dute ongi entzun, beraz, gero adierazteko ere zailtasunak dituzte.
K. Arrazoi asko daude.
A. Gaur egun pantailek ere hizkuntza atzerapenean eragina dutela ikusten ari da.
Noiz edo nola atzematen da?
A. Batzuetan eskolan nabaritzen dute, beste batzuetan gurasoek. Edo beste batzuetan pediatra eta medikua dira atzematen dutenak, haurrei jarraipen egiterakoan nabaritzen diete.
Diagnosia nola egiten da? Probaren bat egiten zaie haurrei?
A. Adinaren arabera. Txikiak direnean, ikusten denean bi urtetan-edo ez dituztela zenbait hitz esan, hor, jada, prebentzio moduan lan egiten hasten da. Aurrerago probak pasatzen hasten dira.
Zeinek egiten ditu proba horiek?
A. Batzuetan eskolan egiten dituzte, eta beste batzuetan hona etortzen dira.
Nolakoa da proba hori?
K. Denetarik dago. Batzuk soinuekin dira, diskriminazioa egiten duten ala ez jakiteko. Beste batzuk galderak dira, joko moduan egiten dira.
A. Denak erdaraz dira. Beraz, hizkuntza atzerapena duen haur euskalduna dugu, baina balorazioa gaztelaniaz egiten dugu. Arazo hori dugu.
"Hizkuntza atzerapena duen haur euskalduna dugu, baina balorazioa gaztelaniaz egiten dugu. Arazo hori dugu"
Zergatik gaztelaniaz?
K. Euskaraz baten bat badago, baina fonetika aztertzeko. Baina egitura aldea aztertzeko probarik ez dago. Zergatik? Proba bat egiteko behar duzu hura jende askok egitea. Beste alde batetik, populazioa leku askotakoa izan behar du. Lan handia da eta, alde horretatik, euskaraz nahiko murriztuta gaude. Orain hasi gara. Beno, badaramatzate urteak.
Zer garrantzia du haurrek proba euskaraz pasatzeak?
A. Eremu honetan haur askok dena euskaraz hitz egiten dute. Esate baterako, hiztegia ezagutu dezakete erdaraz eta euskaraz ez, edo alderantziz. Balorazioa errealagoa izateko garrantzia du proba euskaraz pasatzeak, jakiteko ea euskaran hizkuntza atzerapen hori dagoen, edo egitura aldetik dagoen.
Zeinek hartu du proba euskaratzeko ardura?
A. Proba berri bat sortu da. Bi pertsona daude atzean. Bat Maria Jose Ezeizabarrena Segurola linguista da, Euskal Herriko Unibertsitatean lan egiten du. Bestea Marie Pourquié, Baionako Iker Laborategian egiten du lan berak. Probako irudiak Clémence Itssagak egin zituen. Proba hori Ipar Euskal Herriko haurrak pasatzen ari dira. Gu proiektu horretan parte hartzen hasi ginen, behin proba prest zegoela. Gu hemengo haurrei proba pasatzen hasi ginen.
Haiek egindakoa probatzeko jendea behar zuten?
A. Hori da. Nafarroan Logopeden Kolegioa 2023an sortu zen. Handik mezu bat bidali zuten, proiektuan parte hartzeko prest inor ote zegoen galdezka. Eta gu prest geunden. Egia esan, euskaraz lan egiten duten logopeda asko ez daude. Beraz, beraiendako ere pixka bat zaila izan da parte hartzeko prest zegoen jendea aurkitzea. Gu bide horretatik sartu ginen.
K. Guri proiektu berrietan parte hartzea asko gustatzen zaigu. Ez bakarrik hemengo lana, baizik eta pixka bat zabaltzea eta gauza berriak ezagutzea eta egitea.
Haiek luze daramate proiektuarekin?
A. Bai, zeren proba osoa beraiek prestatu dute.
Urtebeteko probaldian zer sentitu edo ikusi duzue?
A. Guri oso proiektu polita iruditzen zaigu. Eta beharrezkoa, oso beharrezkoa. Etortzen zaizkigun haur gehienak euskaraz ikasten dute, eta euskaraz baloratzeko ez dago tresnarik. Gure lanean ere faltan sumatzen ditugu horrelako proiektuak.
"Probak pasa ditugu, orain txostena nola prestatu behar den aztertzen ari gara"
Erabili duzue dagoeneko?
A. Ez dugu erabili. Proba nolakoa zen ikusteko haur batzuekin balorazioa egin genuen. Gutxi gorabehera gaztelaniakoaren egitura bera du.
Balorazioa egiteko adin txikikoekin aritu zarete. Familien baimenarekin, jakina.
K. Bai. Eta eskertzekoa da familien erantzuna. Proiektuaren berri eman genien eta proba beraien seme-alabekin praktikan jartzeko baimena eman ziguten. Familien erantzuna oso positiboa izan da, eta eskertzekoa da.
Balorazioa egin duzue eta bidali diezue, zer pauso gelditzen dira?
A. Probak pasa ditugu, orain txostena nola prestatu behar den aztertzen ari gara. Horretarako, Altsasun elkartu ginen abenduaren 14an, txosten eredu bat prestatzeko: emaitzak nola aurkeztu, balorazioa nola interpretatu. Hori da geratzen zaigun pausoa.
Aurretik bilera gehiago eginen zenituzten, ezta?
A. Orain arte Donostian egin izan ditugu.
Behin hori eginda, homologatu beharko da?
A. Ez dakigu zer prozesu jarraituko duten.
Hala ere, aurki lan tresna berri bat izanen duzue.
K. Hala espero dugu.
A. Ongi atera dadila, hala balorazioak euskaraz egin ahal izateko.
K. Iparraldean dagoeneko erabiltzen ari dira.
Proiektuak logopeden arteko sareak estutzeko balio izan du?
K. Bai. Jendea ezagutzeko, haien lan egiteko modua ezagutzeko, lan moduak partekatzeko... Egia esan, nahiko antzeko ikuspuntuak ditugu.