Foruzain berriak polizia etxerako

Guaixe 2025ko urt. 22a, 11:00

Amparo Lopez kontseilaria, Ivan Ortueta Foruzaingoko burua eta Pablo Bailo Altsasuko polizia-etxeko burua. UTZITAKOA

Prestakuntza ikastaroa gainditu ondoren, lanean dira.

Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolako Poliziari buruzko Oinarrizko Ikastaroa abenduaren 23an despeditu zen. Guztira, ikastaroa 95 agentek gainditu zuten, eta horietatik 93 Foruzaingoan sartu ziren (62 gizon eta 31 emakume) beste biak udaltzaingoetan. Ikastaroa despeditu ondoren, foruzain berriak beraien lantokietan lanean hasi ziren ilbeltzaren 2an. Haietako bat Altsasuko polizia etxean da. Bertan 34 agente daude plantillan, eta Pablo Bailo da burua. Komisaria horren eremuak Sakanaz aparte, Larraun, Lekunberri, Araitz eta Leitzaldea hartzen ditu. 

Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilaria den Amparo Lopez Antelo Altsasun izan zen ostiralean. Foruzaingoaren komisaria eta suhiltzaileen parkea bisitatu zituen. Bisitan, kontseilariak nabarmendu zuen Gobernuak konpromisoa hartu duela "segurtasun politika publikoak indartzeko", eta oso garrantzitsua dela polizia zerbitzuaren eskaintzan aurrera egitea, "nafarrengandik, haien eskarietatik eta egungo gizartearen erronketatik gertu", eta departamentuaren borondatea "Foruzaingoaren hazkundea, garapena eta eskumenak indartzeko". Bestalde, segurtasuna "Nafarroako herritarrek ondoen baloratzen duten zerbitzuetako bat" dela adierazi zuen, eta agenteek egiten duten lana babestu eta eskertu zuen.