Sunsudeguiren aldeko "apustu argia" aldarrikatu dute

Guaixe 2025ko urt. 20a, 12:17

Manifestariak estalpean elkartu ziren akaberan.

Enpresa batzordeak enpresarendako "industria plana eta kalitatezko enplegua" eskatu du. Akordioa lortzea "zaila" dela aitortu arren, langileek eragileei ados jartzeko dei egin die; enpresaren itxiera ez dute ezta hipotesi gisa onartzen.

Enpresa batzordeak deituta, Sunsundeguirendako etorkizuna aldarrikatzeko 3.300 pertsona inguruk manifestazioa egin zuten Altsasun ilbeltzaren 19an. Langileen ordezkariek aitortu zuten eragileen arteko akordioa lortzea "zaila" dela. Baina dei egin zieten Nafarroako Gobernuari, Volvori eta hartzekodunen konkurtsoko administratzaileari horren alde egiteko, "apustu argia" egiteko. 

Batzordeko kideek nabarmendu zutenez, Sunsundegui "aukera baten aurrean" egon daiteke, "jarduera erreseteatu eta ditugun erronkei aurre eginen dien proiektu bat sortzeko aukera". Izan ere, "besteak beste klima aldaketa dela eta, bidaiarien garraioaren sektorea aldatzen ari da eta automobilgintzarena berrasmatzen ari da. Sunsundegui estrategikoa izan daiteke Sakana eta Nafarroarendako heldu diren urteetan". Horregatik, lantegiarendako konponbidea bilatzeko eskatu zieten eragileei. 

Nafarroako Gobernuari zuzenduta, azaldu zuten, bazekitela foru administrazioak enpresan egindako ahalegina handia izan dela. "Ez dugu nahi sektore publikoaren ahalegin hori alferrik galtzea". Horregatik, Nafarroako Gobernuari eskatzen diogu Sunsundeguirako industria proiektua laguntzeaz aparte, jardueren garapenerako eta kontrolerako tresnak jartzea". Azkenik, elkartasun osoa adierazi diete lan-gatazkak dituzten Eskirozko BSH edo Zumaiako Balentziaga ontziolak enpresetako langileei. Haien ordezkaritzek manifestazioan parte hartu zuten. 

Esanak
David Trevejo enpresa batzordeko presidenteak esan zuenez, "enpresa erosteko interesa agertu dute hainbat inbertitzailek. Gure produktua kalitatezkoa da, eta merkatuan badu bere lekua". Hori dela eta, inplikatutako eragileei eskatu zien "aukera horretaz baliatzeko, Sakanan eta Altsasun aberastasuna birbanatzeko eta kalitatezko enpleguari eusteko industria plan bat abiatu ahal izateko". Trevejoren hitzetan, Sakanak eta Sunsundeguiko langileek "ez dute aurreikusten, ezta hipotesi gisa ere, enpresaren itxiera". Gainera, proiektu horretan "laguntzeko" eta "jardueraren jarraipena egin eta kontrolatzeko tresnak" jar ditzala eskatu dio Nafarroako Gobernuari.