1984 urtetik Nafarroako Gobernuak Kirol Golardoak sariketa egiten du, urteko kirolaririk eta kirol entitaterik onenak izendatu eta kirolari lotutako bestelako sariak emateko. Horrela, Nico Williams futbolariak eta Naiara Irigoien korrikalariak jasoko dituzte 2024ko kirolari onenen sariak, eta emakumezkoen Oses Construccion Ardoi saskibaloi taldeak eta gizonezkoen Kern Pharma txirrindulari taldeak talde onenen sariak, bestelako sariekin batera.
Nafarroako Gobernuak Kirol Golardoen barruan kirol materia hobekien lantzen duen udala edo mankomunitatea saritzen du, eta sari hori Altsasuko Udalak jasoko du. Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak 2024an Altsasuko Udala kirol materian udalerri onena dela aukeratu du, “kirola eta osasuna modu integralean lantzeko izan duen ikuspegi eredugarriarengatik. Adin guztietara bideratutako programak landu ditu, esaterako, haurren populazioari zuzendutako gainpisuaren kontrako kirol errezeta programa edo Altsasu mugitzen ari da programa, zahartze aktiboa sustatzeko programa, ezagunenak. Programa hauek aurrera ateratzeko udal baliabideak ezin hobe kudeatu dituzte, koordinazio paregabea eginez, besteak beste, osasun langileekin”.
Sari emate ekitaldia otsailaren 26an izango da, 19:00etan, Nafarroa Arena pabilioian.